Medellin, aldatuta dagoen hiria

Garai bateko Medellin eta gaur egungoa ez dira berdinak. Aldatu egin da hiria: turismoak eta garraio-sarean egindako hobekuntzek zerikusia izan dute horretan.

Tamalez Medellinen irudia indarkeriari lotutako hiriarena izango da denbora luzez. Pablo Escobar ezaguna buru, narkotrafikatzaileen hiria; narkoen aginduz hilketak gauzatu dituzten sikarioen hiria, eta ehun euro edo gutxiagoren truke edozein ezezagun hiltzeko gauza izan diren mutiko adingabekoen hiria.

Izan ere, halakoxea izan zen Medellin. Izan zen, baina dagoeneko ez da: aldatuta dago hiria. Ekonomiari dagokionez, bera da Kolonbiako hiriburua. Kultura-eskaintza zabala du, garraio publikoa handitu egin da eta gizarte-giroa hobetzen ahalegintzen ari dira. Egia da gizartean desberdintasun handiak daudela oraindik, eta krimen nahiko izaten direla. Latinoamerikako hiririk gehienetan gertatzen da hori, baina hiri asko daude Medellin baino okerrago. 

 

Teleferikoek hiriko erdigunera hurbiltzen dituzte txabola-auzoak.
 

Garraioa, aldaketaren giltza
Garraioa izan da Medellin aldatu duen osagaietako bat. Teleferikoak jarri dituzte hiri-erditik inguruko mendietaraino joateko, txabola-auzoetaraino: hortxe bizi dira hiritar gehienak. Etxetxo horiek, elkarren ondoan pilatuta, adreiluzko hormak dituzte eta txapazko teilatuak; beste hiri bat bezala da hiriaren barruan. Askok dute ura eta argia, baina hiriko erdigunea urruti daukate, eta beraz, urrutira joan behar dute txaboletako auzotar horiek lana egitera edo kalean saltzera.

Teleferikoek konpondu dute bakartasun hori, eta orain errazagoa da auzoetatik hiriko erdialdera joatea. Metrocable izena du garraio-sareak: 9 kilometro osatzen duten 4 linea dira; beste 2 gehiago ere ari dira egiten. Hiritarrak behera iristen direnean metroa har dezakete. Ibilbide-zatirik handiena ez doa lur azpitik, lur gainetik baizik. Aipatu, tren asko Gipuzkoako Goierriko CAF tren-enpresak egin dituela.

Kolonbiako betiko autobusa, "chiva" izenekoa.
 

Garraio-sistemaren osagarri, autobus-sare ederra jarri dute. Eta bizikleta publikoak automatikoki alokatzeko gune asko dituzte. Igandeetan, trafikoa debekatuta dago kale askotan eta hainbat autobide-erreitan; baina bizikletak eta oinezkoak, ordea, ibil daitezke.

Medellinek 2 milioi eta erdi bizilagun dauzka, eta ia beste milioi bat gehiago bere area urbanoan. Beraz, ibilgailuen kutsadura handi samarra da. Baina jabetu dira arazoaz eta gogor saiatzen ari dira kutsaduraren aurka.

Turismoaren garrantzia
Turismoa izan da Medellin aldatzen lagundu duen beste eragile bat. Indarkeria gutxitu denez, hiriak bere edertasuna erakuts dezake. Adibidez, Botero Parkea: artistaren 23 eskultura daude aire zabalean. Medellingo artistak, oso berea den estiloaren bidez, mundu osoan lortu du ospea. Parkearen ondoan Botero Museoa dago, aire zabaleko eskulturak baino txikiagoak diren beste batzuk eta beste hainbat margolan dituena.

Fernando Boteroren eskulturetako bat.


Ederra da parke botanikoa ere: landare tropikal espezie ugari daude, eta baita orkideei eskainitako gune bat ere. Parkean korrika ibiltzen dira iguanak. Metrotik gora neurtzen dute, beren buztan luze eta guzti, eta ez da arraroa izaten iguanok pixka bat izutzea parkera askaltzera-edo belarretan etzatera joaten diren familiak.
Botanikotik gertu Explora Parkea dago, bere akuarioarekin eta planetarioarekin. Zientzia-museo interaktiboa ere badauka parke honek, jolasaren bidez ikasi nahi duten umeek erabiltzeko egokia.

Txabola-auzoak eta alderdi aberatsa
Latinoamerikako ia hiri guztiek bezala, Medellinek ere badu erdigune historikoa, bere katedralarekin eta espainiar koloniar-garaiko etxeekin. Inguruko mendietan, txabola-auzoak ditu, eta alderdi aberatsean, berriz, denda ugari, merkataritza-guneak, modako jatetxeak eta luxuzko etxebizitzak. Aberats-gune honek El Poblado du izena, eta hara joan behar da, gauean zerbait hartu edo, besterik gabe, gaugiro ederraz gozatu nahi bada. Segurua da gunea eta atsegina. Baina hara joan dena aurrez txabola-auzoetan izan bada, laster hasiko da ezberdintasun sozial latzez hausnartzen. Egia da arazo hori mundu guztian dagoela, baina Medellinen gordin-gordin ageri da.

Medellin inguruko mendietan horrelako txabola-auzo asko daude.
 

Medellin etorkizunari begira dago, baina iraganari bizkar eman gabe. Horregatik egin du Memoriaren Museoa, garai txarrak ere gogoratzeko. Hala, indarkeriaren biktima izan direnek beren lekukotza bildu dute bertan, euren sufrikarioa ahaztua izan ez dadin.  
 


B2
2019-03-11
20763252
3351