Albaola, ontzigintza modan

"Euskal Herria zen garai hartako Cañaveral Lurmuturra edo Nasa. Hemen eraikitzen zituzten XVI. mendeko koheteak"

Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasai San Pedron dago, eta Gipuzkoako hirugarren museorik bisitatuena izan da 2017an, Aquariumaren eta San Telmo museoaren atzetik. 53.000 bisitari izan ditu, baina kopurua baino balioa da garratzitsuagoa kasu honetan, itsas ondarearen ordezkari nagusia Albaola delako mundu osoan.

Ez da kasualitatea ontzigintzari dagokion proiektua Euskal Herrian kokatuta egotea. Izan ere, XVI. mendean, euskal ontziak ziren handienak, indartsuenak eta azkarrenak. “Euskal Herria zen garai hartako Cañaveral Lurmuturra edo Nasa. Hemen eraikitzen zituzten orduko koheteak”, azaldu digu Jon Maiak. Bera da Albaolako komunikazio-arduraduna eta bere eskutik museoa ezagutzeko aukera izan dugu.

ALBAOLAREN SORRERA
Duela 20 urte, kezka edo asmo batetik abiatuta sortu zuten Albaola: “Euskal Herriko itsas ondarea galtzen ari zen. Zurezko ontzigintza eta horren inguruko kultura desagertzen ari zen, baita hainbat lanbide tradizional ere”. Horren aurrean, Xabier Agotek zurezko ontziak egiten ikastea erabaki zuen, eta kultura hori berreskuratzeko elkarte bat sortu zuen.

Euskal Herrian ezin zenez zurezko ontzigintza ikasi, Xabier Agote Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ikastera. “Han Ameriketatik izeneko trainerua eraiki zuen, XIX. mendeko euskal traineru baten erreplika zena, eta horren bueltan Albaola sortu zuen Pasaian, bertako lokal txiki batean. Amerikarren erara, guztia garaje batean hasi zen”.

EUSKAL ONTZIGINTZA
XVI. mendean, euskal ontzigintza zen munduko indartsuena, eta, Jon Maiaren ustez, ez da kasualitatea: “Beharrezkoa zen guztia geneukan Euskal Herrian: basoa, erromatarren garaiko meategiak burdina ateratzeko, garraio-lanetarako idi eta mandoak, hori guztia eraldatzeko energia hidraulikoa…”. Garai hartan, Europako burdinaren % 10 Euskal Herrian ekoizten zen eta ontziola asko zeuden. “Munduko potentzia nagusia zen alor horretan”.

Mendeetako jakituria desagertzear zegoen, eta Albaolan ontzigintza tradizionalari eutsi egin nahi izan diote: mantentzeko, biziberritzeko eta zabaltzeko. “Ogibide hau ez galtzeko, Faktorian ontzigintza-eskola bat sortu dugu, ikasleak profesionalki formatzeko”.

SAN JUAN BALEONTZIA
Pasaian eraikitako San Juan baleontzia, Kanadako Ipar Atlantiar kostaldean hondoratu zen 1565. urtean. 400 urte beranduago, arkeologoek itsas azpian aurkitu zuten 30 urteko ikerketaren ondoren. “XVI. mendean hasi zen gizakia itsasoak zeharkatzen eta, garai hartako testigantzen artean, ez dago San Juan baleontzia bezain ongi mantendu denik. Hori da bere berezitasuna: ongi kontserbatu dela”. 

Albaolan duela lau urte hasi ziren ontzia eraikitzen, eta ahal den neurrian, XVI. mendean egingo zuten bezala ari dira lanean. “Garai hartako lanbideak berreskuratzea da gure helburua, ondare horri balioa ematea eta dinamizatzea. Ez dugu objektu hil bat nahi: berpiztu egin nahi dugu, prestigioa berreskuratu eta etorkizuna eman. Prozesuari garrantzia eman nahi diogu, ez azken emaitzari bakarrik. Historiaren transmisioa egitea garrantzitsua iruditzen zaigu”, azaldu digu elkarrizketatuak.

Gainera, Unescok munduko itsas azpiko ondarearen ikur bilakatu du San Juan baleontzia. “Mundu osoko ozeano guztietan hondoratu diren itsasontzi guztiak ordezkatzen ditu. Hori izango da Euskal Herriak mundu-mailan duen ikur ofizial bakarra”.

Euskal ontzigintza hain garrantzitsua izan zela bazenekien? Zerk harritu zaitu gehien? Albaola museoa inoiz bisitatu duzu? Edo bisitatzea gustatuko litzaizuke? Euskal ontzigintza modan dagoela esango zenuke?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Nola sortu zen Albaola martxan jartzeko ideia?
Albaola sortzen da orain dela 20 urte inguru kezka batetik eta asmo batetik. Kezka da ikustea Euskal Herriko itsas-ondarea galtzen ari dela. Batez ere jakinduria tradizionala edo herrikoia esan dezagun; zurezko ontzigintza, arotzgintza (arotzeria) mota hori, zurezko itsasontziak egitearen jakinduria eta artea; eta horren inguruko kultura guztia, ezta? Hasi basotik eta tartean dauden ofizio eta lanbide guztiak.

2.    Nori bururatu zitzaion ideia hori?
Kezka horretatik, pertsona konkretu (zehatz) batek, Xabier Agote izenekoak, erabakitzen du berak ikasiko duela zurezko ontziak egiten eta elkarte bat sortuko duela kultura horren berreskurapenari begira.

3.    Zer ezaugarri zituen euskal ontzigintzak XVI. mendean?
Ontzigintzari dagokionez, euskal ontzigintzak baditu berezitasun batzuk munduko beste ontzigintza batzuekiko. Kontutan (kontuan) hartu behar dugu XVI. mendean Euskal Herria dela garai hartako ontzirik handienak, indartsuenak, azkarrenak egiten dituen herrialdea. Guk esaten dugu Euskal Herria zela garai hartako Cabo Cañaveral (Cañaveral lurmuturra) edo Nasa. Hemen egiten ziren garai hartako koheteak. Guk dena geneukan: geneukan basoa; meategiak, erromatarren garaitik, hortik ateratzen zen beharrezkoa zen mineral guztia, burdina batez ere; gero, garraiolariak, ehundaka eta ehundaka idi pare, milaka idi eta mando; eta ibaietatik hori jaisten, geneukan gure bailara estuetatik goitik behera zetozen, datozen erreka eta ibaien energia hidraulikoa, lehengai horiek guztiak transformatzeko (eraldatzeko) burdinoletan esaterako; Europako burdinola gehien hemen zegoen XVI. mendean, Europako burdinaren % 10 ekoizten zen Euskal Herrian, eta gero, hori dena ontzioletara ekarrita… Pentsa, esaterako, Zumaian, XVI. mendean 13 ontziola zeuden batera lan egiten. Eta horrek lortu zuen Euskal Herria izatea munduko potentzia nagusia. Bere garaiko koheteak egiten zituen herria.  

4.    Nola dago San Juan baleontziaren proiektua gaur egun?
Gu hasi ginen hori berreraikitzen sinbolismo handiko itsasontzia delako eta ontzi bakarra delako modu esan dezagun zientifikoki oso leiala izanik berreraiki dezakeguna. Horregatik izan da aukeratua eta horregatik hasi ginen orain dela lau urte inguru, basotik. Saiatzen gara prozesu guztia XVI. mendean bezala egiten ahal dugun gehien; lehengo lanbideak berreskuratzen eta ondare horri prestigioa ematen eta dinamizatzen. Ez dugu nahi objektu hil bat izatea, ez dugu nahi museo bat izan ere hildako gauzak esplikatzen dituena. Nahi duguna da hori dena berpiztu, prestigioa berreskuratu, eta etorkizuna eman. Momentu honetan, proiektuaren erdia pasata (pasatuta) dago eta esan dezakegu % 60an edo egongo dela San Juan baleontzia eraikita.
 

B2
2018-04-13
  • Malutafilms
16142856
00:04:30
3120