Marco Pantani: txirrindulari gorabeheratsua

Marco Pantani txirrindulariak zapore gazi-gozoa utzi zuen zaletuen artean. Batetik, bizikleta gainean ibiltzeko bere moduak jende asko txunditu zuen, baina dopatze-susmoak eta bere heriotza argitu gabeak zalantzak sortzen ditu oraindik.

Marco Pantani txirrindulariaren bizimodua oso gorabeheratsua izan zen. 1998an, Italiako Giroa irabazi zuen urtean, Frantziako Tourra ere irabazi zuen. 1999ko Giroa ez zioten amaitzen utzi, deskalifikatu egin zuten hematokrito-tasa gainditu zuelako etapa batean. Kontu ilunak oso: badirudi urte hartan Italiako Camorrak zerikusia izan zuela Pantaniren kanporaketan. Pantaniren heriotza ere tristea izan zen: droga-gaindosi batek hil zuen: suizidioa, hilketa, berezko heriotza? Batera zein bestera, bukaera goibela hainbeste zale liluratu zituen kirolari batentzat.

Marco Pantani Italian jaio zen, 1970ean. 11 urte zituenean Fausto Coppi txirrindularitza-taldean sartu zen. Buruan zapi bat ematen zuen, eta Pirata zuen ezizena. Eskalatzaile klasikoetakoa zen, urrutitik eraso egiten zuena. Askotan zutik igotzen zituen aldaparik gogorrenak, bizikletan eseri gabe tarte askotan, eta ikuslea ere zutik jartzen zuen telebista aurrean. 1994an, Tourrean lehen aldiz parte hartu zuenean, argi geratu zen hori: podiuma lortu zuen Parisen, 3. tokia.

Handik gutxira, Milan-Turin lasterketan izugarrizko istripua izan zuen auto baten kontra. Hanka bat bi tokitan apurtu zuen. Askok uste zuten ziklismoa utzi beharko zuela betiko, baina sendatu egin zen eta itzuli handietara itzuli. 1997ko Giroan katu batek lurrera bota zuen Pirata, eta lasterketa utzi zuen. Hala ere, osatu egin zen berriro.  

1998an urte handia izan zuen Pantanik. Giroa irabazi zuen, eta mendiko onena izan zen. 1998ko Tourrean beti gailentzen zitzaion Ullrich alemaniarra garaitu zuen. Jende askok hori zuen atsegin: itzuli handiak irabaztea mendateetan indartsuak zirenek eta ez erlojuaren kontrako espezialistek. Pantaniren garaipena Grenoble-Les Deux Alpes etapan gauzatu zen, Galibier mendate mitikoan egundoko erasoa jo zuenean. Helmugan 9 minutu atera zizkion alemanari. Hau lur jota heldu zen helmugara. 

Pantaniren gainbehera: Camorra, EPO…? 
Pantani oso ona zen mendateak igotzen, eta jaisten ere bai. Baina 1999an bere bizitza izan zen jaisten hasi zena. Lau etapa zeramatzan Giroan irabazita, eta lehen postuan zihoan. Giroa irabaziko zuela ematen zuenean –etapa bakarra falta zen–, deskalifikatu egin zuten EPOrekin dopatzeaz salatuta. Hematokrito-tasa gainditu egin zuen etapa batean, baina ezin izan zuten demostratu dopatu zela. Badirudi Camorrak diru asko jokatu zuela Giro hartan Pantaniren aurka, eta mediku bat mehatxatu zutela Pantaniren hematokrito-emaitzak aldatzeko, laborategiko probetak aldatuz. Beraz, dopatzearena egia ala gezurra izan, egun kasua artxibatuta dago. 2000an oraindik Tourreko 2 etapa irabazi zituen, baina askoz gehiago ez. Egia esan, 1999tik aurrera ezer gutxi egin zuen Pantanik ziklismoan. 2004an, bere andregaia izandakoak, L´Hebdo aldizkarian esan zuen Pantanik kokaina asko hartzen zuela. Eta Pantaniren amak, berriz, esana da 1999 eta gero depresio gogorrak izaten hasi zela semea.

Amak oraindik uste du semea hil egin zutela, jo egin zutela, eta kokaina uretan nahastuta edatera behartu. Duela hiru urte Riminiko fiskaltzak onartu egin zuen bertsio hori, eta 2016an Italiako epaitegi batek ofizialki onartu zuen Pantaniren positiboa mafiak manipulatu zuela, apustuetan eragin eta kontrolatzeko.

Pantaniren gorpua Italiako hotel bateko gelan aurkitu zuten, 2004an, bere jaioterritik hurbil. Gelan ohar batzuk azaldu ziren, eta oharretan “nire aurkako konplota” esaldia. Pantaniren heriotzarekin lotuta, 3 gizon, bi italiar eta perutar bat, espetxeratu zituzten berari droga saltzeagatik, baina Italiako Tribunal Gorenak ez du onartu txirrindularia inork hil zuenik.

Maiteminduen egunean hil zen Pantani, otsailaren 14 batean. Hainbeste jende maitemindu zuen Pirataren hiletara 20.000 lagun joan ziren.

gorabeheratsua: gora eta behera asko dituena, on eta txar asko.
droga-gaindosi: ohiko dosia baino handiagoa, sobredosia.
berezko heriotza: berez datorrena, naturala.
batera zein bestera: hori horrela izan ala ez.
bukaera goibela: bukaera tristea.
ezizena: goitizena, izengoitia.
gailentzen zitzaion: irabazten zuen.
garaitu zuen: irabazi zuen.
egundoko erasoa: eraso handia, ikaragarria.
lur jota heldu zen: oso-oso nekatuta.
mediku bat mehatxatu zuten: asko presionatu zuten, beldurtu egin zuten.
edatera behartu: edanarazi, gogoz kontra edan.
apustuetan eragin: apustuak aldatu.
 


B2 B1
2018-02-20
16141302
3160