Aldizkari Digitala
Tribu urbano bateko kide zara?
Tribu urbanoa ohitura, zaletasun, janzkera edo gustu berdinak dituzten pertsonez osatutako taldea da. Normalean, hiri handietan sortzen dira.
Rockzaleak, hipsterrak, reggaetonzaleak, mangazaleak, skinheadak, bakalak, skatersak, gotikoak, hippiak, emoak, rastafariak, frikiak… Tribu urbano guztiak zerrendatzen hasiko bagina, ez genuke sekula amaituko. Egunetik egunera talde berriak sortzen dira, moda geratzen ez den gurpil bat delako.
Tribu urbanoa ohitura, zaletasun, janzkera edo gustu berdinak dituzten pertsonez osatutako taldea da. Hiri handietan sortzen dira; bertan jende asko bizi denez, talde txikiagoetan biltzeko joera eragiten du, euren pentsamenduaren, ideologiaren, edo jarraitzen duten modaren arabera elkartuz.
Talde gehienak 80ko eta 90eko hamarkaden artean sortu ziren, eta gazteek osatzen dituzte, batik bat. 1988an, Michel Maffesolik ‘Le temps des tribus’ liburua idatzi zuen, eta ‘tribu urbano’ terminoa hortik sortu zela esaten dute adituek.
MOTSUKORA ELKARTEA
“Janzkera edo ohitura antzekoak dituzten pertsonen talde bat da tribu urbanoa, eta subkultura baten jarraitzaileak dira”, definitu digu Ioritz Gorritxok. Bera Bizkaiko Motsukora mangazaleen elkarteko kidea da, baina ez du bere burua talde bateko kide gisa ikusten: “Nire ustez, tribu urbano batek ideologia bat du, eta gure kasua ez da hori. Ni subkultura zehatz bateko jarraitzailea naiz, besterik ez”.
Motsukorako kide batzuek kamiseta ‘frikiak’ janzten dituzte eta mozorro festetara joaten dira, baina ez guztiak. “Gu gustu berberak dituzten pertsonekin elkartzen gara, erosoago sentitzen garelako”, azaldu digu.
Ioritzi txikitatik gustatu izan zaizkio marrazki bizidun japoniarrak: “Urteekin, telesail berriak aurkitu ditut, eta, ez hori bakarrik, Japoniako historia, kultura eta bizimodua ere interesatzen zaizkit gaur egun”. Une honetan, mangazaleak modan daude, baina Ioritzentzat bidea ez da hain erraza izan. “Jende askorentzat marrazki bizidunak ikustea umeen kontua da. Beraz, 16 edo 17 urte nituenean, arraroa nintzela pentsatzen zuten. Duela bost edo sei urte Motsukorako kide egin nintzen eta bertakoek badakite edozein adinetarako telesailak badaudela. Gainera, modan dagoenez, gero eta gauza gehiago ditugu eskuragarri”.
LUPITA DENDA BEREZIA
Bilboko Alde Zaharreko Somera kalean dago Lupita denda. Soineko bereziak, katiluak, poltsoak, eraztunak, oinetakoak… Hainbat gauza aurkituko ditugu bertan, baina dendak badu erregina bat: Frida Kalho. Zergatik Frida? Erantzuna Gemma Marin gasteiztarrak eman digu, dendaren jabeak: “Niri dendetan ikusten nuena ez zitzaidan gustatzen. Horregatik, nire dendan gustatzen zaizkidan gauza guztiak biltzea erabaki nuen, tartean Frida”.
Gemmaren ustez, tribu urbanoak “arropan, zaletasunetan edo musikan antzeko gustuak dituzten pertsonen taldeak dira” eta horietako asko ditu bezero: “Gotikoak, rockeroak, punkiak, tatuatuak… Puntu artistikoa duen jendea etortzen da gehienbat. Gainera, egia da Someran dauden denda gehienen eskaintza desberdina dela; ez dauka Etorbide Nagusiarekin zerikusirik”.
Tribu urbano guztien artean berak ez du bere burua inon kokatzen, izan ere, “aldakorra” dela esan digu: “Nik nahi dudana janzten dut. Desberdina naiz eta ez naiz talde bateko kide sentitzen”.
Eta zu, tribu urbano bateko kidea zara? Zergatik? Ezagutzen duzu aipatu gabeko beste triburik? Zein identifikatzen dituzu zure inguruan?
Azaleko argazkia: Mircea lancu (Pixabay)
1. Zuretzat zer da tribu urbano bat?
EGOITZ GORRITXU: Niri tribu urbano terminoa ez zait asko gustatzen. Baina zerbait esan behar banuke (beharko banu), esango nuke, janzkera edo ohitura antzekoak dituzten pertsonen talde bat dela eta jakina, subkultura baten jarraitzaileak diren pertsonen taldea dela.
GEMMA MARIN: Jende talde bat antzeko gustuekin arropan, edo hobbyetan (zaletasunetan), edo musikan.
2. Tribu urbano bateko kide zarela sentitzen duzu? Zergatik?
EGOITZ GORRITXU: Ez, ez naiz tribu urbano bateko kide sentitzen. Zeren eta, manga animearen mundu honetan dagoen jendea ez da tribu urbano normal bat, modu batean esatearren. Zeren eta niretzat tribu urbano batek printzipioz, ideologia bat dauka atzean eta talde honek ez. Ez dauka ideologia konkretu (zehatz) bat edota janzkera konkretu (zehatz) bat ere ez. Egia da gehienek kamiseta ‘frikiak’ nolabait esatearren eramaten ditugula, baina beste askok ez. Beraz, ni definitzen naiz subkultura konkretu (zehatz) baten jarraitzaile moduan, eta, beraz, taldea horrela definituko nuke ere. Noski, pertsona bakoitzak bere iritzia izango du honi buruz.
GEMMA MARIN: Ni ez, oso aldakorra naiz, nahi dudana janzten dut.
3. Zein ezaugarri ditu zure taldeak?
EGOITZ GORRITXU: Ni taldearen barruan egonda, ez dut ezaugarri komun (amankomun) askorik ikusten. Zeren eta niretzat, guztiok gara ezberdinak. Egia da, lehen esan dudan moduan, batzuk janzkera konkretu (zehatz) batzuk ditugula, baina beste askok ez. Bai batzuetan mozorrotzen gara ekitaldi batzuetarako, baina ez da normala izaten. Azkenean, gu elkartzen gara gustu berberak dituzten pertsonekin erosoago sentitzen garelako, beste pertsona askoren moduan.
4. Noiz ireki zenuen denda? Zergatik?
GEMMA MARIN: Bi urte. Dendetan zegoena ez zitzaidan gustatzen, horregatik nire dendan gauza(k) desberdinak daude.
