Zer da errugbi inklusiboa?

Errugbi inklusiboa 2012. urtean sortu zuten. Gaztedi errugbi taldeko jokalari eta Down sindromedunen elkarteko hezitzaileak Down sindromea zutenekin errugbi-entrenamendu bat egitea proposatu zuen.

"Ikasitakoa beste belaunaldiei eskaintzeko entrenatzaile bihurtzen zara", esan digu Epalzak.

Errugbian, hamabost jokalariz osatutako bi talde ahalik eta puntu gehien egiten saiatzen dira. Gehienez, 80 minutu iraungo du partidak, eta puntu gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du. Horretarako, jokalariek baloia ostikoz jo, eskuez eraman, babestu edo pasatu egingo dute. Baina, zer esan nahi du inklusiboa izateak?
“Errugbi inklusiboa bi hitz errepikakor dira. Errugbia berez baita inklusiboa”, azaldu digu Mikel Epalza jokalari eta entrenatzaile izandakoak. “Nik hainbat alderdi politikotako jendearekin jokatu dut; altuak edo baxuak; gizenak edo argalak. Errespetu faltarik ez dagoen bitartean, zelaian denok onartzen dugu aniztasuna. Hori da errugbiaren aberastasuna”, aitortu digu Epalzak.

Errugbi inklusiboa 2012. urtean sortu zuten. Izan ere, pertsona bera zen Gaztedi errugbi taldeko jokalari eta Down sindromedunen elkarteko hezitzaile. Berak proposatu zuen Down sindromea zutenekin errugbi-entrenamendu bat egitea eta horrelaxe jarri zen martxan Gasteizen errugbi inklusiboa.

“JOKALARIEN ARTEKO HARREMANA IKUSGARRIA DA”
Aritz Gurrutxaga Down sindromea duen 25 urteko gazte bat da. Errugbia oso garrantzitsua da berarentzat, eta, hitz hori entzuten duen bakoitzean, urduri jartzen da. Horixe azaldu digu bere aitak, Jose Manuel Gurrutxagak: “Jokalarien artean errugbiagatik sortu den harremana ikusgarria da, lehenago Aritzek ez zuen horretarako aukerarik. Bera bakarrik ez, gu ere beti gaude prest berarekin joateko”.

Down sindromedunez gain, bestelako gaixotasunak dituztenak ere topatuko ditugu Gasteizko taldean. “Autismoa duen pertsona bat baino errazago identifikatzen dugu Down sindromea duena. Horregatik, adimen-urritasun hori dutenekin bakarrik lotu izan da errugbi inklusiboa, baina errealitatean aukera asko eskaintzen ditu”, azaldu digu Epalzak.

Entrenamendu-saio bat bezala hasi zena asteroko errutina bilakatu da gaur egun. Aritzen aitak esan digunez, ez nolanahikoa, gainera: “Eguraldi txarrarekin elkartu eta entrenatzea ezinezkoa bada, hirugarren denborara joaten gara zuzenean. Hau da, zerbait jan eta edatera”.

TXAPELKETAK

Jose Manuel Gurrutxagak talde inklusiboan eta beteranoenean jokatzen du gaur egun.

Euskal Herrian Gaztedi ez da errugbi inklusiboan jokatzeko aukera eskaintzen duen talde bakarra. Izan ere, Getxon, Hernanin eta Bilbon ere badaude taldeak. “Gure artean topaketak egiten ditugu, baina asegururik aurkitzen ez dugunez, zailtasunak ditugu. Federazioa eta klubak horretan lanean ari gara”, kontatu digu Epalzak.

Gainera, 2017ko Munduko Errugbi Inklusiboaren Txapelketa Gasteizen izan da abuztuan. “Polita izan da, baina duela bi urte Bradfordera, Ingalaterrara, joan ginen eta hangoa ahaztezina izan zen: giroa, zirrarak, harremanak…”, azaldu digu Aritzen aitak. Biak elkarrekin joan ziren: “Pena dut emazteak eta alabak lanagatik etortzerik izan ez zutelako. Bertan bizitakoa azaltzea ezinezkoa da: negarrez joaten nintzen ohera gauero”. Orain Aritzen aitak eta arrebak ere errugbian jokatzen dute.

ONURAK
Errugbiaren bidez, guztiek aberastasun berdina jasotzen dutela uste du Epalzak: “Ez dago desberdintasun handirik. Hala ere, egia da gu zerotik abiatzen garela, eta haiek, berriz, bost zero azpitik dute abiapuntu. Zergatik? Auzoko saskibaloi taldean edo ikastetxeko futbol taldean jokatzeko ezezkoa eman zaielako beti… Beraz, zerora artekoa irabazten dute, eta ondoren guk adina”.

Errugbia inklusiboa den bezala, beste kiroletan ere posible dela uste dute gure bi protagonistek. Baina oraingoz behintzat ez dugu futbol inklusiborik, saskibaloi inklusiborik edo eskubaloi inklusiborik ezagutzen. Horretara iritsiko garela uste duzu?

Errugbia zergatik da desberdina? Ezagutzen duzu antzeko esperientzia inklusiborik?


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Zer da errugbi inklusiboa?
MIKEL EPALZA: Berez bi hitz errepikakor dira, zeren berez errugbia bada barneratzailea (inklusiboa). Baina beno, zer gertatzen da? Momentu batean ikusi genuela gizartean badagoela gizarteko zati bat ez daukana errugbian aritzeko edo kirolean aritzeko guk ditugun eskubide berdinak. Eta orduan, galdera erraz eta nahiko argi bat egin genuen: zergatik ez?. Eta inork ez zeukan erantzunik. Eta orduan saiatu ginen, ondo irten zen eta horretan gabiltza. Eta gustatzen zaie, guri bezala. Beraiek daukaten errugbiaren beharra da nik daukadanaren beharraren bestekoa.
JOSE MANUEL GURRUTXAGA: Aritzentzako (Aritzentzat) errugbi entzuten duenean hitza ja, bera ja adi jartzen da, urduri, ea zer egin behar dugun, ea nora joan behar dugun, zer egin behar dugun… Eta esaten dizut, batez ere da hori: hirugarren denbora, denon artean egotea, bazkaltzen, zerbait pikatzen, entrenamendua eta gero tabernara joan… Harreman hori beraientzako (beraientzat) izan da… Eta bueno, guretzako (guretzat) ere, familiarentzako (familiarentzat) ere ikustea hori… Aritz hasi zen, orain dauzka 25 urte, baina 21-22 urterekin hasi zen, eta orain arte lortu gabe zegoen. Gure bizian behintzat hori lortu gabe zegoen. Eta guretzako (guretzat) da, guretzat ere zerbait dagoenean errugbiarentzat denok jartzen gara benga, pum, benga, nora joan behar dugu, zer egin behar dugu… Ez dugu denbora galtzen ezertarako.

2.    Partaideek zer onura dituzte?
MIKEL EPALZA: Aberastasuna? Guretzako (guretzat) errugbiak ematen digun berdina. Zer gertatzen da? Gu 0tik irteten bagara, beraiek irteten dira -5etik. Zeren beti ezezkoa eman zaie, beti arazoak eduki dituzte auzoko saskibaloi taldean sartzeko, dela, ez dakit, eskolako futbol taldean ere sartzen ez baziren hobeto… Eta horrelako gauzak. Orduan beraiek hasten dira -5etik. Irabazten dute 0rainokoa eta gero, guri ematen zaigun guztia.

3.    2015ean Ingalaterran Munduko Errugbi Inklusiboko txapelketan egon zineten…
JOSE MANUEL GURRUTXAGA: Baina han sortu zen giroa, emozioak (zirrarak), harremanak… Taldeko jendearekin eta dena izan zen… Ni etxetik bakarrik joan nintzen Aritzekin, zeren nire emaztea eta alaba ez ziren joan lanagatio (lanagatik), eta nik daukadan pena bakarra hori da: beraiek ez joatea hori bizitzeko. (Zergatik) nik pasatu nuen bost egun gau guztietan ohera joaten nintzenean, negar batean. (Zergatik) han bizi nuena esaten dizut, nik hori kontatzeko, ni saiatu naiz nire emazteari eta alabari kontatzeko (kontatzen) baina beti esaten nien: “Ez da posible, nik bizi dudana ez da posible kontatzea! Kontatzea bai, baina zuek barruan ezin duzue bizi hori, ezin da”.
 

B2
2018-01-19
  • Malutafilms
16140072
00:03:54
3661