Charles Darwin

Ikerlari eboluzionista Shrewsbury-n (Shropshire-Ingalaterra) jaio zen 1809ko otsailaren 12an eta 1882ko apirilaren 19an hil zen. Aita medikua zuen, eta aitona, Erasmus Darwin, mediku eta poeta famatua.

Gaztetan Charles Darwin ez zen ezertan nabarmendu. Lehenbizi, mediku izateko ikasi zuen. Gero, apaiz anglikano izateko asmoz, teologia ikasten saiatu zen. Ez zuen, hala ere, ez batean ez bestean aparteko interesik azaldu. Bai, ordea, natur zientzietako gaien aurrean. Azken hauek piztu zuten beregan jakin-minik handiena.

1831. urtean Beagle izeneko itsasontzia munduari itzuli osoa emateko prest zegoen eta ikerketa zientifikoak egiteko bidaia hartan naturalista gisa joan zedin leku bat eskaini zioten Darwini. Bere aitak ez zion joaten utzi nahi, baina osaba Josiah Wedgwood-ek auzian parte hartu eta Darwin, azkenean, munduan zehar abiatu zen ontzian. Bost urteko bidaia egin zuen, biologiaren historian sekula izan den bidaiarik garrantzitsuena, dudarik gabe.

Ontzi hartan Hegoamerikako lurrak eta urak ezagutzeko parada izan zuen Darwinek. Paraje haietako bizitza naturalaren oparotasuna ikusita, liluratuta gelditu zen eta bizidun guztiak erabat erlazionatuta zeudelako ideia izan zuen.

Galapagoak irletako txoriak
Charles Darwinek munduan zehar egin zuen bidaian, azpimarragarria izan zen Galapagoetara iritsi zeneko unea. Galapagoak Ekuadorreko kostatik mila kilometro ingurura dauden irla bolkanikoak dira eta bertan dortoka erraldoiak aurkitu zituen naturalistak. Garrantzi berezia bertako txori batzuek izan zuten ordea; txontek, hain zuzen. Irla haietako txontak berdintsuak ziren, baina ez erabat berdinak. Gutxienez hamalau espezie zeuden eta beraien artean aldea zegoen. Txonta-mota haiek bezalakorik ez zegoen inon eta hamalau espezie desberdin haiek ekintza bereziren batez han sortu zirela esateak ez zirudien arrazoizkoa. Darwinek beste era batera pentsatu zuen. Kontinentean txonta haien antzeko beste espezie batzuk bazeudenez gero, haiek kolonizatuko zituzten irlak eta gero ondorengoek, eboluzioari esker, forma desberdinak hartuko zituzten.

Etxera itzuli ondoren, jasotako material guztia bildu eta aztertu ondoren, lanari gogor heldu zion transmutazioari buruzko bere koadernoak osatzeko asmoz.

Darwinek Malthus-ek biztanleriaz egindako liburu famatua irakurria zuen ordurako. Hark zioenez, gizakien kopurua janariena baino azkarrago ari zen ugaltzen eta azkenean biztanleriak murriztu beharra izango zuen, goseak, gaitzen ondorioz ala gerrak eraginda. Ideia honi helduta, espezie berrien garapenerako bitartekoak eta prozesuak adierazteko teoriaren giltza aurkitu zuen.

"Izakien arteko lehia areagotzen denean, bizitzarako edo kidea bilatzeko borrokarako egokiak diren berezitasunak dauzkaten izakiek besteekiko abantaila daukate, eta ondorio gisa bizitza luzeagoa izateko probabilitatea eta kume gehiago eta egokiagoak izateko aukera. Gainera, kume horiek gurasoen berezitasunak heredatuko dituzte. Beraz, arraza bera aldatuz joango da izaki desegokienak pixkanaka-pixkanaka desagertu egingo direlako, azkenik arraza bereko beste barietate iraunkor eta sendoagoa agertuko da."

Ideia hau hipotesitzat hartuz, Darwinek hogei urte igaro zituen datuak biltzen eta saiakuntzak egiten. Bitartean, makina bat liburu irakurri zuen: etxeko animalien hazkuntzazkoak, baratzagintzazkoak, historia naturalekoak... Etxeko usoak gurutzatuz esperimentuak egin zituen; hazien garraioa ikertu zuen; landare nahiz animalien banaketa geografiko eta geologikoa aztertu zuen, hau da, eskuartean zuen gaiarekin zerikusirik zeukan guztia bere begien aurrean ipini zuen. Lan sakon haren emaitzak eratu eta ordenatu egin zituen eta arlo honetan iaiotasun berezia azaldu zuen; baita ekintzen esanahia bereganatzen ere. Darwin oso abila zen lanerako hipotesiak asmatzen, baina gertaeren aurrean ez zituen sekula begiak ixten. Honela idatzi zuen: "Beti saiatu naiz buru-askatasun osoa gordetzen eta nahiz eta oso erakargarria izan, beti izan naiz gertaerekin bat ez zetorren edozein hipotesi baztertzeko prest."

Espezien jatorriaren zioa: hautespen naturala

1844erako Darwin konbentzituta zegoen espezieak ez zirela aldaezinak eta beren jatorriaren zioa hautespen naturala zela. Bere ikerketa guztien emaitzak taxutu eta laburtu ondoren, 1859an "The Origin of Species" izeneko liburu mardula argitaratu zuen.

Hasieran, teoria hau zela eta, jende asko ikaratu egin zen. Izan ere, giza arrazaren ideia erlijioso nahiz filosofikoak zalantzan jartzen zituen, hein handi batean behintzat. Gaur egun eboluzioaren ideia guztiz onartuta dagoenez gero, garai hartako giroa ulertzea zaila gertatzen zaigu. Dena dela, honakoa pentsatu behar dugu: garai hartan teoriaren alde ematen ziren frogak ulertzeko gai oso pertsona gutxi zegoela. Froga horiek izaki bizidunei buruzko azterketa sakonak egitea eskatzen zuten; baita fosilen hondarrenak ere, hain zuzen. Horregatik, gehienek bi aukera zituzten: edo zertan oinarritzen zen ulertzen ez zuten teoria baten ondorioak ukatu edo betidanik eta arbasoengandik jasotako ideiak baztertu.

Baina Darwinen ideiei egindako erasoa ez zetorren jende xehearengandik soilik. Ospe handiko Owen anatomista, esaterako, guztiz aurka zegoen eta kritika gogor eta latza idatzi zuen. Zer esanik ez, bere lankide asko bat zetozen berarekin. Aldiz, Hooker, Asa Gray, Huxley eta Lyell, besteak beste, Darwinen alde agertu ziren berehala. Hasieratik Huxley talde osoaren buru jarri zen eta toki guztietatik Darwinen liburuaren aurka zetozen geziak desbideratzeko prest egon zen.

Hala eta guztiz ere, Huxleyk (zientzilari zintzoa zenez) Darwinen teorian hutsune bat ikusi zuenean, ez zuen ezkutatu. Eta espezien sorrera bariazioen metaketaren bitartez soilik agertzen zela kontsideratzean, garrantzi handiko puntu bat alboan uzten zela salatu zuen, hots, antzekoak baina desberdinak diren espezieen arteko gurutzamenduaren bitartez lortutako izakiak sarri askotan antzuak direla, alegia. Antzutasun horren zergatia ulertzea zaila da, baldin eta denok enbor beretik gatozela kontsideratzen bada. Baina inork ez zion garrantzirik eman Huxleyk adierazitako zailtasun honi eta lanarekin eta denborarekin argituko zelakoan, alde batera utzi zen.

Harridura-giroa gainditu eta gero, garai hartako biologoak Darwinen bidea onartuz joan ziren eta eboluzioa adierazteko hautespen naturala aski zela pentsatzen zuten. Dena dela, onarpen hau ez zuten aho batez eta denok batera egin. Kontinenteko etnologo ospetsuenak, Virchow-ek, alegia, ez zuen teoria hau onartzen. Hala ere, Alemanian bertan Darwinen ideiek arrakasta ikaragarria izan zuten, eta ez naturazaleengan bakarrik.

Filosofoak eta politikariak ere bat etorri ziren "Darwinismus" izeneko hura sortzeko, non bere kideak askotan Darwin bera baino darwinzaleagoak baitziren. Honekin batera, Darwinen bideak, hots, herentzia eta bariazioei buruzko behaketa eta esperimentazioa, alde batera utzi ziren espekulazioren bideetatik abiatuz. Gizarteak hautespen naturala onartu zuen espezieen jatorri eta eboluzioaren kausa egoki eta frogatutzat. Darwinismoak, nolabait, bere teoria zientifikoaren aldea galdu eta filosofia (edo nahi bada erlijio) bihurtu zen.

Iturria: http://www.zientzia.net/  (moldatua)


C1
2009-02-01
16137021
10842