Bakarrik egon beharrak ez bezala, bakarrik egon nahi izateak askatasun sentimendua sor dezake gugan, eta sosegu hori lagungarria gerta dakiguke eguneroko estresari aurre egiteko. Baina ez da erraza bakardadera moldatzea. Berez, izaki sozialak gara gizakiok, besteen beharra dugu harremanak sortzeko eta gustura bizi izateko. Pertsonarik autonomo eta independenteenak ere, neurri batean edo bestean, gizarte harremanen beharra dauka gogo-aldarteak orekatuta eta osasuntsu edukitzeko.