irakurgai-mailakatuak-fitxa
Orube abandonatuak
Augustin Zubikarai nobela saria jaso duen liburu honek hiru protagonista ditu. Hirurak bizi dira orube berean, Andoainen. Paraleloan kontaturiko hiru istorio dira, espazio bera konpartitu arren hiru garai desberdinetan kokatuak daude, 70 urteko aldeaz.
Bakardadearen gordina pairatzen duten hiru pertsonaia dira, nora joan ez daukatenen hiru deserri.
Bi protagonista emakumezkoak dira, Miren eta Maider eta bat gizonezkoa, Mario. Mario etxera dator gerraostean, langileentzako kontzentrazio-esparru frankista batetik, baina bera preso egon den bitartean herrian aldaketa asko izan direla esango dio Elena emazteak, eta etxean gordeta egon beharko du; ez dakite nola hartuko duten Mario herritarrek.
Miren heroinazalea izandakoa ere etxean gordeta egongo da, goseak, 1989ko Urtezahar egunean. Bere egoera laboral eta sentimental kaxkarra estaltzeko, fikzio bat eraiki du Maiderrek, eta gezur hori sinetsaraziko die amari zein lagunei.
Goseak ez erasateko, hirugarren protagonistak, Maiderrek, atsegin ez duen lan batean aritu beharko du, eta gezurra esan familiari. Maider, Miren bezala, bakarrik bizi da, gurasoek bakarrik bizitzera behartu dutelako.
Egilea: Garazi Kamio
Argitalpena: Elkar
Argitalpen-urtea: 2014
Hona pasarte bat:
Hamalau zenbakia. Bere begien aurrean du etxea Mariok. Lau urteren ondotik sartuko da berriz ezkaratzeko atetik. Baina, horren aurretik, etxeari begiratua bota nahi dio.
Lau solairuko etxebizitza du aurrez aurre etxera itzuli berri den Mariok. Buruan gordean eraman duen irudia berregin du. Lehenengo hiru solairuetan, balkoi bat alde banatan. Azkenekoan leihoak besterik ez. Zortzi etxebizitza. Beraiena, hirugarren solairukoa. Landareak balkoietan: Elenak landatutako geranioak ote diren pentsatu du. Baina ilunegi dago kolore argiak ikusi ahal izateko.
(45. or)
Nahi baduzu zure etxea deskribatu, baina kanpotik; aurrez aurre izango bazenu bezala: aipatu leihoak, balkoiak, loreak, koloreak, solairuak…
