irakurgai-mailakatuak-fitxa
Lourdes Iriondo. Ipuinak
Haur literaturan ekarpen izugarria egin zuen Lourdes Iriondok, eta ondorengoentzat bidea urratu. 1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, eta euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarri zituen.
EGILEA: Lourdes Iriondo
ARGITALETXEA: Aztarna
URTEA: 2025
Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz. Hain zuzen, Lourdes Iriondok haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak biltzen ditu edizio honek, baita argitaratu gabeko Fabrika berria antzezlana ere. Liburuok esker-emate bat dira sortzailearentzat, eta opari bat gaurko irakurleontzat.
Hona Hego-haizearen ipuinen pasarte bat (39. or.):
"Haize ero naizenez gero, gauza askotaz enteratzen naiz. Xomorroak noiz jaiotzen diren ikusten dut, baita umeak errekan nola bustitzen diren ere. Jendearen barre eta negarrak entzuten ditut.
Gaur Asteasun abesti bat ikasi eta handik ordu erdi barru Bermeon kantatzeko kapaz naiz.
Orain kilker baten istorioa kontatzera natorkizue. Tristea da, baina era berean alaia. Berari entzun nion, oraindik orain, Zarauzko itsasbazterrean."
