Aldizkari Digitala
Lourdes Iriondo, Ez Dok Amairuren musa
Ez Dok Amairu mugimenduaren sortzaileetako bat eta euskal kantagintzaren erreferente nagusienetarikoa izan da Lourdes Iriondo. 2005eko abenduaren 27an hil zen.
Hirugarren munduan pobreei laguntzeko nahia zuen gaztetan, baina gaixotasun baten ondorioz, asmo hori baztertu eta kantuan hasi zen.
Lourdes Iriondo. Argazkia: Bidegileak bilduma
Lourdes Iriondo Mujika 1937ko martxoaren 27an jaio zen; hamaika senideko familia batean bigarrena izan zen. Jaio, Donostian jaio zen, baina 7 urte zituenean familia Urnietara joan zen bizitzera.
Mojen ikastetxeetan egin zituen ikasketak, bai Donostian, baita Urnietan ere. Horrek arrastoa utzi zuen berarengan eta hirugarren munduko pobreei laguntzeko misiolari-lanak egiteko prestatzen hasi zen Gasteizen.
Nahi baino gutxiago iraun zion asmo hark. Bihotzeko gaixotasuna atzeman zioten 20 urte zituela, baita ebakuntza azkarra egin ere. Handik aurrera bere burua eta bizimodua zaintzeko agindu zioten, eta misioetara joateko ametsa baztertu behar izan zuen.
Musika eta kantuari heldu zion orduan. Zaletasuna etxetik jaso zuela esan ohi zuen berak, baina etxeko guztiak baino gehiago zen Lourdes kantuan. Ahots indartsua eta bikaina zuen, gozoa eta garbia. Eta gustura aritzen zen herriko abesbatzarekin edo txistulariekin kantuan. Baina hori aski iruditu ez, eta opera eta kantua ikasten hasi zen Donostian.
Aitak opari egin zion gitarra mugarri garrantzitsua izan zen bere ibilbidean. Haren sokek zerbait berezia omen zuten; akordeak ematen hasten zenean bere gaixotasuna eta ahulezia ahazten zitzaizkiola aitortu zuen sarritan. Eta poliki-poliki, lehenengo kantuen letra eta musika moldatzen hasi zen.
1962-63 urteetan Soeur Sourire moja kantari frantziarra modan zegoen, eta antzerako estiloa zutela esaten da. Baina, aldi berean, euskal kantu zaharren ukitua eta kutsua nabaria zen bere konposizioetan. Berezko ezaugarria zuten, ez baitzuen kantatzen kantatzeagatik. Mezu garbi eta sakoneko kantuak idazten zituen, euskararen eta euskal kulturaren kontzientzia zeukaten kantu haiek.
Kantuak idaztetik kontzertuak ematera pasa zen ia oharkabean. 1964an eman zuen lehenengoa, Andoainen. Inork uste ez bezalako arrakasta izan zuen, eta ohartzerako, oholtza batetik bestera zebilen. Pentsa, 1967an 170 kontzertu eskaini zituen.
Meritu asko aitortu dizkiote Urnietako kantariari. Bakarra nabarmendu behar bada, Ez Dok Amairu taldearen sorreran izan zuen eragina; haren babesean sortu zen euskal kantari talde sendo bat antolatzeko asmoa. Eta 1966ko martxoan gauzatu zen asmoa, Euskal Herriko kultur mugimendurik distiratsuenetako bat sortu zen: Ez Dok Amairu. Lourdes taldean kantari aritzen zen, baina horrez gain, kontzertuak antolatu eta koordinatzen zituen, eta taldeko idazkaria zen.
Benito Lertxundi, Artze anaiak, Mikel Laboa, Jorge Oteiza, Antton Valverde eta abar bildu ziren talde hartan. Eta Xabier Lete. Ez Dok Amairu taldean ezagutu zuen Lourdesek Xabier, gero, bere lanetan, bere sufrimendu eta pozaldietan lagun eta senar izan zuena.
