Touré- Zenbaki gorriak
Egileak argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek... non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.
EGILEA: Jon Arretxe
ARGITALETXEA: erein
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Eitbko Biba zuek! saioan liburuari buruz Arretxeri egindako elkarrizketa ikusteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (7. or.):
Gauza txarragoak egin ditut, ez da hianbesterako. Hori da, behintzat, behin eta berriz neure buruari errepikatzen diodana, metro-bidaia luzeak aurrera egin ahala sortzen zaizkidan zalantzak neutralizatu nahian. Azken baten, minutu batzuetako atsekabearen ondoren behar-beharrezkoak ditudan euroak jasoko ditut...
Baina ez, lurpetik irten eta helmugara, Artos plazara, ailegatutakoan, ezin dudala jarraitu jabetu naiz. Hortxe geldirik nagoela, ez aurrera ez atzera, itxura aztoragarriko morroi bati erreparatu diot; jarleku batetik altxatu eta niganantz abiatu da, gorroto aurpegiaz. Zer arraio? Gainera, tipoa ez dago bakarrik, beste batzuek jarraitzen diote, neonazi madarikatu horien estetika dute eta agerian dago ez daukatela ezer onik buruan. Erne jarri naiz. Zenbat dira? Bat, bi, hiru... lau, gehiegi. Bat erraz ostiatuko nuke, birekin ere ausartuko nintzateke, baina lauren kontra ez daukat zereginik.