Autohizketak

Jolas polita da: objektu bat azaldu edo deskribatzea, baina objektu hori izendatzeko erabiltzen dugun hitza aipatu gabe.

 Entzun Autohizketak izeneko podcasta, audioaren mintzagaia ondorioztatzeko.

 

 

Pixabay

 

 

Hiztegi lagungarria

Eguna iristear dagoela. Eguna iristeko zorian dagoela, eguna iristeko gutxi gelditzen dela.  

Gure sormena piztu duzu. Sormena bultzatu, sustatu duzu.

Ez da zureganako maitasunagatik. Zuregatik sentitzen dudan maitasunagatik.  

Helduongatik ez zaitez kezkatu. Helduongatik (plural hurbila): hiztunak helduen taldean sartzen du bere burua.

Dirutza utzi du. –tza atzizkiak ugaritasuna edo multzoa adierazten du hemen: dirutza, jendetza, oholtza…

Ze(ren) antza. Aditza elipsian dago: zeren antza denez, zeren itxura denez, dirudienez…

Birjaiotze berria. Bir- aurrizkia oso emankorra da euskaraz: birjaio, birsortu, birpentsatu, birraitona, birmoldatu… Baina berresan, berpiztu, berrikusi…

Luzerako izatea. Luzaroko izatea, epe luzerako, alegia. 

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Autohizketak

Saioa Royo esataria. Begiraiozu (begira iezaiozu) hor, kopilotuaren eserlekuan eroso eta lasai etzanda, bere azken eguna iristear dagoela jakin gabe: ze(in) gutxi falta zaizun nire lagun zintzo hori. Lehenago edo geroago agur esateko eguna heldu behar zen. Hala ere, honaino iritsi garenez, onartu beharra dugu asko eman diguzula.  

Birusaren aurka babesteaz gain neguko egun hotzetan beroa ere eman diguzu, nahi izan dugunean oharkabean pasatzeko aukera eman diguzu, gure sormena piztu duzu zurekin milaka modelo ezberdin diseinatuz; askoren aho-kiratsa geldiarazi duzu, elkarri begietara begira diezaiogun lortu duzu, gure akatsak ezkutatu dituzu; Lamborghini bat, yatea, Rolex bat edukitzeko ametsa zutenei ere hori betetzeko aukera eman diezu: ai, zu bai eskuzabala!

Esataria 2. Lagun, baina badira zugandik banatzeari uko egiten diotenak: nerabeak. Nerabeek diote zurekin beren buruaz seguruago sentitzen direla, pikorrak ezkutatu egin ditzaketela, edo beren bibote pobreak edo hortzetako aparatuak. Egia esateko, ez da zureganako maitasunagatik, heldutasun faltagatik baizik. Baina, tira, bihotz-bihotzetik maite zaituzte.  

Esataria 3. Helduongatik ez zaitez kezkatu. Jakingo dugu zu gabe bizitzen, helduagoak gara baita seguruagoak ere. Baina gure barruan, oso, oso, oso barruan, min ematen digun arren, zu atzean uztea lasaigarria da. Bestearen irribarrea ikusi ahal izateak ez du preziorik.  

Aintzanek, adibidez, zure agurra era berezian prestatu du. Dentistarengana joan da eta dirutza utzi du hortz perfektuak eta Profident irribarre zuri nuklear bat prestatzen. Horretaz gain, ezpainetan botoxa jarri du, sudurrean ukituren bat egin du eta belarrietan ere bai, ze(ren) antza, belarriak aurrerantz utzi dizkiozu. Hori bai dela zugandik aldentzea ilusioz eta heldutasunez onartzea. Berak birjaiotze berria esaten dio.  

Eta birjaiotzeaz ari garela, espero dut agur esaten duzunean luzerako izatea eta ez berpiztea hirugarren egunean.  

Zatoz nirekin, nire lagun zintzoa! Goza dezagun elkarrekin igaroko dugun azken egunaz.  

B2
06-05-2022
29422614
03:52
399