Janari azkarra kontsumitzeko adin-muga

Janari azkarra jateko adin-muga ezartzea proposatu dute Herbehereetan. Adituen esanetan, elikadura osasuntsua kontsumitzeko ohitura gaztetatik ezartzea egokiagoa da, behin ohitura txarrak hartuta, zailagoa baita horiek aldatzea.

Naroa Kajarabillek, EHUko irakasleak, neurri honi buruzko iritzia eman du Euskadi Irratiko pasarte honetan.  

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

 

 

 

Argazkiak: Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Muturreko neurriak. Neurri edo arau zorrotzak, oso gogorrak.

Obesitatea murrizte aldera. Obesitatea gutxitzeko asmoz, helburu horrekin.

Arazo hori saihesteko. Arazo hori ekiditeko, alboratzeko, baztertzeko.

Eskuragarritasuna sustatzea. Eskuratzeko edo lortzeko aukera bultzatzea. 

Nerbio-sistemako asaldurak. Nerbio-sistemaren ezaugarri, egoera edo funtzionamendu ez-naturalak. 

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Esataria. Hasteko, Donuts-ei egingo diegu tira hanburgesetaraino iristeko. Janari azkarra jateko gutxieneko adina ezartzea proposatu dute Herbehereetan. Gaiaz hitz egiteko, Naroa Kajarabille gonbidatu dugu, EHUn Giza nutrizio eta dietetikako graduko irakaslea. Kaixo, Naroa, egun on.  

Naroa Kajarabille, EHUko irakaslea. Kaixo, egun on. Mila esker gonbidapenagatik.  

Esataria. Zer iruditu zaizu Herbehereetan egindako proposamena? 

Naroa Kajarabille. Ba beitu (begiratu), egungo gaztedi argiak aipatzen duen moduan, egia da askotan debekatzea eta muturreko neurriak hartzea ez dela beti irtenbide egokia izaten ba askotan hori, kontrako efektua lortzen delako. Eta etikoki askotan eztabaidagarria izan daiteke ba pertsonen aukera-askatasuna nolabait mugatzea, ez? Mexikon, adibidez, Hego Amerik(et)ako zenbait herrialdetan be (ere) bai, estatuak marka jakin batzuetako produktuen kontsumoa debekatu du, ez?, obesitatea murrizte aldera, eta nahiko polemika handia sortu duen neurria izan da.  

Egia da baita ere gure estatu-mailan ez?, nolabait esateko, hartu diren neurriak ez direla nahikoak izan ba haurren obesitate-arazo hori saihesteko, ez? Eta nik hemen aipatuko nuke gure kasuan indar handia daukala batez ere publizitateak. Eta zentzu honetan bai hobetzen goaz, hainbat aspektu (alderdi) erregulatzen d(ih)oazelako baina hainbat aspektu falta dira oraindik(an) hobetzeko, ez? Adibidez, produktu ez osasuntsuekiko esposizioa oso altua eta jarraia da ingurunean, ez? Eta baita ere, ba haurrei zuzendutako elikagai askotan azukre-kopuru altuak daude: galletetan; gosarirako zerealetan ere bai marrazki bizidunak agertzen dira eroslea erakartzeko…  

Orduan, nire ustez, gakoa dago elikadura-hezkuntza sustatzea: aukera egokiak egiten irakatsi; osasuntsuak diren elikagaien kontsumoa eta eskuragarritasuna sustatzea produktu ez osasuntsuak debekatu ordez.  

Esataria. Bai, ze zuk Naroa obesitatea aipatu duzu. Baina beste zein ondorio ekar ditzake horrelako janari baten kontsumo handiak? 

Naroa Kajarabille. Klaro. Bai. Lehenik eta behin aipatu behar da ba dieta eta gaixotasunen garapen arteko lotura oso argia dela. Eta gaur egun badakigu ba gaixotasun-garapen faktore heren bat, edo erdia bitarte, elikadurak eragindakoak direla, ez? Orduan, zentzu honetan argi eduki behar dugu dieta egoki bat edo osasuntsu batek hainbat gaixotasunen garapena atzeratu dezakeela eta kasurik onenetan baita ere gaixotasunak ekidin, ez? 

Orduan, gaixotasun horien artean topatu ditzakegu ba zuzenean lotura daukatenak, ez?: obesitatea, diabetesa… Baina baita ere gaixotasun kardiobaskularrak, minbizi mota jakinak, osteoporosia, nahasmen psikologikoak edo nerbio-sistemako asaldurak ere bai, eta hainbat organoren asaldurak lotuta daude zuzenean elikadurarekin, ez? 

Eta gainera, garrantzitsua da batez ere gazteetan (gaztaroan) finkatzen direlako elikadura-ohiturak, elikagaiekiko ditugun lehentasunak, asetasun-mailaren erregulazioa, dastamenaren atalasea ere… Eta guzti horiek helduetan (helduaroan) eraldatzeko oso zailak dira, eta azken finean osasunean eragin handia duten patroiak dira, ez? 

B2
01-06-2022
29416751
00:03:37
1019