Belgikan, astean lau lanegun eta hiru jaiegun

Belgikako gobernuak astean lau egun lan egin eta hiru jai egiteko aukera ematen duen lan-erreforma onartu du. Urtean egin beharreko ordu kopurua ez da gutxituko, lanegunetan ordu gehiago egitea da erreformak jasotzen duen planteamendua.

Besteak beste, kontziliazioari begira hartutako erabakia dela adierazi dute. Belgikarren formularen on eta txarrak aztertzen ditu Itziarrek bakarrizketan, Euskadi Irratiko Autohizketak tartean. 

 

 

 

 

Argazkia: Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Porru eginda nago. Neka-neka eginda nago, zisko eginda nago.

Ustezko normaltasunera itzuli. Normaltasun-itxura duen bizimodura itzuli.

Txotx berria dastatzera. Sagardotegi-denboraldiko sagardo berria dastatzera.  

Nolako sendo-usaina. Nolako izerdi-kiratsa.

Larri bazabiltza. Ezinean bazabiltza, iritsi ezinda.  

Baina kontuz gero. Baina egin kontu, baina kontuan izan.  

Zorretan dituzun orduak. Sartu gabe edo egiteke dituzun lanorduak.  

Teknologia berrien bitartez. Teknologia berrien bidez, teknologia berriak tarteko.  

Ez egotea boladan. Ez egotea puri-purian edo modan. 

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Off ahotsa. Autohizketak.

Irratiko esatariaren ahotsa atzean. Bizitzak aurrera jarraitzen du, …..geldiarazteko modurik gabe.  

Itziar bakarrizketan. Ai, astelehena! Porru eginda nago. Ze motza den asteburua! Bai. Bai. Motza! Bai. Batez ere orain, ustezko normaltasunera itzuli eta gero. Belgikarrek oso ondo egiten dute hori. Haiek bai jakin lan-erreforma nola egiten den: lau egun lan eta hiru jai!  

Horrela nahikoa denbora izango dugu krispeta-betekada egiteko, txotx berria dastatzera joateko, larunbat gaueko sukarraren biktima izateko, ez Omikronena; gimnasio barruan nolako sendo-usaina dagoen konturatzeko, erosketak patxadaz egiteko erlojuz kontrako ginkana batean bageunde bezala ibili gabe; umeekin jolasteko, familia-bilerak egiteko, kuadrillarekin poteatzeko…  

Ai! Ai! Ai! Hori bai paradisua! Hori bai kontziliazioa! Besteekin eta batez ere neure buruarekin.  

Eta zubietan (uau, uau, uau!) ba agian eguzkitan jarri eta lanaz ahazteko denbora ere emango dizu. Eta aizu, hala eta guztiz ere denboraz larri bazabiltza, lasai! Bai, bai, lasai! Belgikarrek horretaz ere pentsatu dute-eta! Aste honetan lan gutxiago egin dezakezu eta hurrengoan sartuko dituzu galdutako orduak.  

Ze ederra belgikarra izango banintz!  

Baina kontuz gero, dena ez da festa-giroa eta! Urteko lanorduak bai edo bai bete behar dira. Hau da, lau lanegun bai, baina bakoitzak hamar ordu, gordin-gordinik. Gutxiago egitea erabakitzen baduzu eta aurrerago sartu, ondo apuntatu zorretan dituzun orduak. Eta argi izan, egunen batean agian ohetik lanera eta lanetik ohera egin beharko duzula. Eskerrak oraingoz ez dugun hogeita lau zazpiko plana, hau da, egun osoa lanera konektatuta egotea teknologia berrien bitartez.  

Espero dezagun Belgikan ez egotea boladan hemengo batzuen sistema: zertarako egin gaur bihar egin badezaket? Hala hasiz gero abendua iritsita ezingo ginateke hilabete  osoan bulegotik irten, ezta lotara joateko ere. Eta hiru jaiegunak sofan botata indarrak berritzeko.  

Ai! Egia esan, Belgikako zerbeza on batekin eta bonboi batzuekin…. Agian ez da hain plan txarra izango!  

C1
05-04-2022
29338690
00:02:41
1109