Txakurrak ugaritzen

Euskadi Irratiko "Amarauna" saioko audio-pasarte honetan bi eratako informazioa duzu. Alde batetik, datuak, gurean eta inguruan zenbat txakur dagoen. Eta bestetik, txakurra duten bi elkarrizketatuk hitz egingo dute: zenbat txakur dituzten, zein arrazatakoak eta abar.

Txakurren inguruko datuak eta bestelako iritziak, hurrengo audioan dituzu. 

Audioa osorik entzuteko, sakatu hemen.      

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Pertsona adina zakur dute kasik. Pertsonak eta zakurrak zenbatuta, ia-ia kopuru bera.  

REIACen arabera. Arabera partikulak noren kasua eskatzen du aurreko hitzean. Adibidez, zuk esandakoaren arabera,  lortutako emaitzen arabera… REIAC  Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorra da.  

% 60 pasarekin. % 60ko muga gaindituta.   

Beste muturrean. Kontrako beste aldean, alegia.  

Aldea dago lekuen arabera. Desberdina da leku batean izan edo bestean.    

Pentsatu dugu tokatzen dela. Tokatu aditza maiz erabiltzen da Hego Euskal Herrian. Badela garaia uste dugu.  

Lau, bost bat izan genituela. Zenbaki baten ondoren jartzen badugu bat hitza, inguru esan nahi du. Lau bat txakur izan genituen edo lau txakur inguru izan genituen.   

Handik bizpahiru urtera. Batzuetan elkarren segidan dauden bi zenbaki baditugu (3 eta 4, 4 eta 5, 5 eta 6) hitz bakarra osa daiteke: bizpahiru, lauzpabost, bospasei. Bi edo hiru, lau edo bost, bost edo sei esan nahi dute hurrenez hurren. Hiru adibide horiek bakarrik daude euskaraz. Ez da esaten, ez idazten *batpabi, *zortzipabederatzi edo *hamarpahamaika edo *hamaseipahamazazpi 

Juntadizoak egiten dituzte. Alegia, elkartu egiten direla.  

Teckel esan beharrean, Alemanian, dackel esaten dute. Teckel esan ordez, Alemanian, dackel esaten dute. Alemanian ez dute teckel esaten dackel baizik.   

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

(zaunka-hotsa musikarekin batera) 

Esataria. 7 biztanleko zakur bat bizi da Gipuzkoan. Orexan pertsona adina zakur dute kasik, 125 biztanle, 98 zakur. Aizarnazabalen, 725 biztanle, 346 zakur, eta Alkizan 358 biztanle, 215 zakur.  

 (zaunka-hotsa musikarekin batera) 

Esataria. Beren txipa dutela 103.000 eta ia 800 zakur daude Gipuzkoan, animalien identifikaziorako erregistroaren, REIACen arabera. Eta 2018koa da datua. Bizkaian Morga da zakur gehien duen herria, 300, eta biztanleak, berriz, 418, biztanleko ratio altuena duen herria, % 71 zakur. Eta oso gertu daude rankinean Gamiz-Fika, Laukiz, Meñaka eta Artzentales, % 60 pasarekin. Beste muturrean Basauri, 100 biztanleko 7, 6 zakur, eta Bilbon, 8, 9; hau da, 30.000. Donostian, berriz, 18.000 zakurren datua eman du udalak, 100.000 biztanleko zakur bakarra.  

Aldea dago lekuen arabera, baina joera oso-oso garbia da. 2017an 320.000 zakur zeuden erregistratuta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta 2000. urtean, berriz, 119.000 besterik ez.             

(zaunka-hotsa musikarekin batera) 

Esataria. Goranzko joera nabarmena da. Madrilen, esaterako, 10 urtez beherako umeak baino zakur gehiago dago, eta Espainian, oro har hartuta, 15 urtez beherakoak baino gehiago dira zakurrak. Eta datu hau berriagoa da, 2020koa, iazkoa. 

Eta hainbeste zakur eta hainbeste zakur-maitale egonda, ba pentsatu dugu tokatzen dela irratian tarte bat egitea, eta bi zakur-jabe gonbidatu ditugu. Zakurren ordua. Jaione Casteig, kaixo.  

Jaione Casteig txakur-jabea. Kaixo.  

Esataria. Ongi etorri.  

Jaione Casteig. Mila esker.  

Esataria. Zu betidanik al zara zakur-maitalea?  

Jaione Casteig. Bai, ni betidanik. Bueno, txiki-txikitatik nire gurasoek beti eduki dute txakurren bat etxean, edo baserri batean. Baina bai, betidanik txakurzalea.  

Esataria. Danel Agirre, Berlin, kaixo.  

Danel Agirre txakur-jabea. Kaixo.  

Esataria. Zu noiz zakur-maitemindu zinen?  

Danel Agirre. Ni ere txikitatik. 

Esataria. A bai?  

Danel Agirre. Etxean beti izan ditugu txakur, txakurrak. Nik uste dut lau, bost bat izan genituela, eta egun ere badut txakurra. Eta, bueno, txakurrak tatuatuta ere baditut, bai. 

Esataria. A bai?  

Danel Agirre. Txakur-maitale… 

Esataria. Tatuatuta?   

Danel Agirre. Bai. Bai. Behin kalean grafiti bat ikusi nuen Berlinen, saltxitxa-txakur batena. Eta ikusi nuen eta tatuatu egin nuen. Eta gero, handik bizpahiru urtera, ba, saltxitxa-txakurra ekarri genuen, baina nire kasuan lehenbizi izan zen tatuajea eta gero txakurra.    

Esataria. Eta gero txakurra.  

Danel Agirre. Bai. Eta oso txakur alemana da, gainera. Ze(ren) Alemanian pasa den urtean barne-ministerioak egin zuen kanpaina bat Alemaniako gauza politen inguruan. Eta sinbolo moduan saltxitxa-txakurra erabili zuten; oso maitatua da. Bavarian museo bat dago saltxitxa-txakurrena eta Berlinen taberna bat, saltxitxa-txakurren jabeak joateko eta bertan juntadizoak egiten dituzte. 

Esataria. Jaione, zuk lau zakur dauzkazu. Denak tatuatzen hasten baldin bazara, bizkar osoa beharko duzu.  

Jaione Casteig. Bai. Egia esan, bai. Baina bai, gu ehiztariak gara eta orduan, txakurrak behar ditugu ehizarako. Ze(ren) bestela ez dugu ezer harrapatzen. Eta bueno, baditugu, pues, bat, bat oso txikia da, bueno zaharrena da baina txikiena da. Teckel bat da, eta hori etxe-barruan edukitzen dugu. Hori bai da paseo-txakurra, ehiza-txakurra eta denetarako txakurra. Eta beste guztiak ja, ja, ehizakoak.      

Esataria. Eta zer arrazatakoak 

Jaione Casteig. Bat da pointer bat, brako, brako alemana eta spaniel breton (britaniar spaniela). Eta txikiena, teckel.  

Esataria. Eta aizue, izenik ez dugu esan orain arte.  

Jaione Casteig. Uf! Aber (ea), ba nik esaten dizut. Txikienak Topi izena du, spanielak izena du Kaxka, eta baditu 3… 3 urte. Gero, badaukagu pointer bat, urte eta erdi daukala pentsatzen dugu, baina hau mendian aurkitu genuen. Ehizan ari ginenean mendian zegoen galduta, baina azkenean gurekin gelditu da, eta betirako geldituko da ja. Eta aurten hartu dugu txakur txiki bat, brako alemana, Neska izenekoa… 

Esataria. Eta Danel, zurea? 

Danel Agirre. Gureak, berak Topi esan du, lau letrakoa. Gurea ere T-rekin hasten da, Tika da, eta hemen teckel esan beharrean, Alemanian, dackel esaten dute, teckel esan beharrean; baina gurea ere arraza berekoa da.                 

B1
27-09-2021
28751150
04:27
2814