Txakur gehiegitxo

Munduan, eta batez ere herrialde garatuetan, gero eta txakur gehiago daude. Abere hauek eginkizun berezietarako erabiltzetik konpainia egiteko lagun bihurtu dira, jolaserako edo bakardadeari aurre egiteko.

EITBko audio honetan Europan eta AEBn zenbat txakur dauden kontatuko digu Juanjo San Miguel kazetariak, eta txakurren alde eta kontra daudenek zer arrazoi ematen dituzten.


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

KAZETARIA. Munduan, eta batez ere herrialde garatuetan, gero eta txakur gehiago dago. Abere hauek eginkizun berezietarako erabiltzetik konpainia-lagun bihurtu dira, jolaserako edo bakardadeari aurre egiteko. Baina gero eta arazo gehiago ari dira sortzen txakurren inguruan. Juanjo San Miguel.
JUANJO SAN MIGUEL. Txakurrei lotutako datuak harrigarriak dira. Inork ez daki ziur munduan zenbat txakur dagoen, baina ikerketa fidagarrienek diote 500 bat milioi izango direla gaur egun. Horietatik 80 milioi baino gehiago Europan eta 90 milioi Estatu Batuetan. Estatu Espainiarrean 6-8 milioi izan litezke.
Txakur hauek Europan 70.000 milioi euro mugitzen dituen industria eragiten dute; Estatu Batuetan, aldiz, 100 mila milioi izan litezke. Baina zenbaki handi hauen ondoan txakur hauek gizartean duten eraginak gero eta polemika handiagoa sortzen du.
Bat baino gehiago dira jendeak txakurra izateko dituen arrazoiak. Leku askotan oraindik betiko lanak egiten dituzte: abereak edo etxea zaindu, ehizarako ere erabiltzen dute, baita zainketa eta polizia-lanetarako ere. Baina gaur egun txakur gehienak lagun edo jostailu gisa erabiltzeko erosten ditugu. Batzuek bakardadea betetzen dute, beste batzuek seme-alaben falta.
Alde daudenek, txakur-jabeek, diote txakurrek laguntza handia ematen dietela, irteteko eta kirola egiteko aitzakia badela eta beste txakur-jabeekin harremanak izaten dituztela txakurraren gorabeherak direla-eta. Kontra daudenek diote txakurrek leku publiko gehiegi hartu dutela, zikinkeria handia sortzen dutela, arriskutsuak izan litezkeela eta etxeak eta kaleak ez direla txakurren bizilekuak.
Gaur egun, irabazleak lehendabizikoak dira, urtetik urtera gehiago direlako herri eta hirietan bizi diren txakurrak. 

B2
27-02-2019
20761592
00:01:45
3018