Trumilka

Komuneko paperaren inguruan egin du gogoeta Andoni Egañak Berriako iritzi-artikulu honetan

Scott anaiek, Clarence eta Irvinek, asmatu zuten komuneko papera biribilki gisara ekoiztu eta saltzen. XIX. mendearen bukaera zen, eta komunerako buelta tabu handien menpe zegoen. Horregatik, ez zuten paper harekin euren izena lotzerik nahi izan, eta charming izendatu zuten. Xarma eurentzat zertan zetzan logoaren aukeraketan nabarmendu zen: emakume gazte bat, leuntasunaren ikur. Gerora, paper mota hark scottex izena hartu zuen, eta ikurra ere aldatuz joan zen. Emakume gaztearen lekua hartu zuten, ume matrail-puztu batek lehenik; hartza txiki batek ondoren; gero, txakurtxo bihurriak...

Guk ez dugu lantegi horretarako aza-hostorik ezagutu. Adin pittin bat pilatu dugunok gogoan ditugu hainbat tailer eta tabernatako komunetan iltze batetik zintzilik egoten ziren egunkari zatiak. Gero, Elefante iritsi zen hegoaldeko gure komunetara. Kanpotik plastiko horizta mehe eta gardena, elefante gorri baten marrazkia zekarrena, eta barrutik paper marroizta bat, alde batetik lakarregia eta irristakorregia bestetik. Harekin ohituak, berri leunagoak heldu zirenean errazegi zulatzen zirela iruditu zitzaigun.

Datu bat egungo gizarte kontsumozalearentzat: ez hain aspaldi eta ez hain urruti, Elefante biribilkiak banaka saltzen eta erosten ziren. 


C1
16-03-2020
  • Egaña , Andoni
21694339
1332