Bea Sever: "Denok gara bakarrak eta bitxiak”

Haur transexualen eskubideen alde lan egiten duen Naizen Elkarteak gure gizarteari egindako ekarpena saritu nahi izan dute Sabino Arana Sarien ekitaldian.

Bea Sever da Naizen Elkarteko bozeramailea eta Iban Garatek egindako elkarrizketa honetan orain arte lortu dutena eta etorkizuneko erronkak zein diren azaldu du.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Iban Garate.- Sabino Arana Sariak dira, 2019koak eta bai elkarteek eta baita norbanakoek ere, bada, gure gizarteari egindako ekarpena saritu nahi dute eta Juan Mari Atutxaren agurreko ekitaldi horretan, bada, bost pertsona edo erakunde saritu zituzten: Saski Baskonia saskibaloi-taldea batetik, Ternua Group enpresak ere bai, Andres Urrutia Euskaltzaindiako burua, Euskaltzaindiaren izenean, Gilles Simeoni, Korsikako Kontseiluko burua, hortxe, irudietan, ikusi ditugu nola sartu diren Arriaga Antzokira eta hemen ikusten ditugu Naizen elkarteko kideak, haur transexualen elkarteko kideak, Bea Severrek eta beste gazte batzuek jaso zituzten sari horiek, esan bezala, Arriaga antzokian.
Eta gurekin da honi buruz hitz egiteko, sari bikain honi buruz hitz egiteko Bea Sever ere. Egun on, Sever andrea, ongi etorri.
Bea Sever.- Egun on.
I.G.- Zuk esandako gauza bat, hor, sari-banaketan eta hitzez hitz esan nahi nuke berriz ere “Gure borroka ez da bakarrik gure seme-alaben alde. Gure borroka gizarte osoaren aldekoa da”. Zuk hori esan zenuen eta badirudi lortu ere lortu duzuela, ez? hasieran, pixkanaka-pixkanaka, erdi ezkutuan ez oso agerian egindako lan bat zen, baina nolabait ere zuen borroka hori azaleratu dela, ez? Orain gizarte guztiak ulertzen duela zein den zuen aldarria, ez?
B.S.- Bai, kontua da gure aldarria hasi zen eta bueno, pixka bat holan (horrela) adierazten genuen, ume hauen alde, ez? hemen daude, ikus itzazue. Baina nik uste dut gizartea konturatu zela, bueno, bada, gizarte zabalagoa eraikitzen dugun heinean, denak izango garela askeagoak eta denak egongo garela babestuagoak, ez?. Hemen ez dagoela gu normalak eta horiek, LGTB bitxi horiek, ez? Hemen denak gara bitxiak, bakarrak munduan eta orduan, bueno bada, halako gizarte bat eraikitzea denon onurako dela.
I.G.- Eta mezu hori ulertzea kosta egin dela esango zenuke, ala nahikoa prozesu erraza izan dela bere neurrian.
B.S.- Bueno, nahikoa lan egin behar izan dugu, baina egia da ere gizartea prest zegoela, entzuteko prest zegoela ikusi dugula. Batez ere, espainiar estatuan gertatzen ari dela ikusita eta ze egoera dagoen beste, inguruko beste erkidego batzuetan ikusita, eta frantziar estatuan ere legerik ere ez dagoela eta guk baditugu Hendaiako familia batzuk eta nahiago izaten dute, adibidez, tratamendu medikua Gurutzetako ospitalean egitea, han askoz ere patologizanteagoa delako ikuspegia. Orduan, uste dute behintzat Euskal Herri mailan ondo gaudela. Hala ere, ez da erraza, lan egin behar dugu, jarraitu behar dugu lanean. Baina beste leku batzuekin alderatuta, bada, hobeto gaudela.
I.G.- Zuk esan duzu “denok gara bakarrak eta bitxiak”, ezta? norbera bere bitxitasunean, eta nolabait ere, hau ondo ulertzeak egingo du gizarte hau askeago, ez?. Bost urteren buruan, zuen lanaren ondorioz, askeagoak gara Euskal Herrian?.
B.S.- Bueno, guk ikusten dugu hasierako familiek egin behar izan genituen borrokak gaindituta daudela eta bueno, badagoela hezkuntza-protokolo bat, adibidez, hasieran ez zegoena; legean, lanean ari gara alderdi politikoekin, 2012ko legean haurrak eta bueno, 2012ko legea aitzindaria izan zen, baina horrexegatik, hain zuzen ere, zaharkitua dago, ez? orduan, bueno, lege horretan sakontzen ari gara oraindik ere badirelako oztopoak, baina egia da asko aurreratu dugula eta bide horretan eduki dugula gure alde gizartea, erakundeak, eta komunikabideak. Eta horrek ere asko erraztu digula bidea.
I.G.- Pausorik handienetako bat izan da, agian, osasun-sisteman-eta patologia bezala ez tratatzea haur transexualen gaia.
B.S.- Bai, kontua da Osasun Mundu Erakundeak 2019an atera zuela buruko gaitzetatik transexualitatea. Orduan, guk lortu genuen pasa den urtean alderdi politikoekin adostea 2012ko transexualitate-legetik Euskal Autonomia Erkidegoko transexualitatearen legean ere hirugarren artikulua moldatzea horrekin bat egiteko. Ordura arte eskatzen zen lege horretan islatzen zena jasotzeko edo eskubideen sujeto izateko, txosten psikologiko bat aurkeztea. Bada, hor, norberaren autodeterminazioa onartzen da, aldaketarekin, eta beraz, bueno, bada, pixka bat aurrerapauso bat eman dugu despatologizazio horretan, ez? eta hori garrantzitsua izan da.

C1
17-02-2020
21525359
04:19
1544