Dokuteka
Glamour
Idazleak gora dakar orain dela urte batzuetako Txingudi ingurua, porlanezko obrak egin aurretikoa: "Alta, nik, nahiago nuen lehen, ez hain aspaldi, itsas bazterrek zuten «hirugarren munduko itxura» hori... ".
AURELIA ARKOTXA /
Duela ez hain aspaldi Txingudiko bazterra lohitsua zen eta ibaiaren erdian
bazen uharte ttipi bat zori anitzen pausaleku zena eta plaia aldean, eremu
zabal bat dunez betea, «Hendaiarren plaia» zeritzon hondartza ttipia, eta,
legarraren erdian, frango kitsh, «Enbata» deitzen zen zutabe zurizko ostatu bat
art déco, legar artean pausatua.
Xarmaz betea. Udatiarrak? Familiak, klase sozial nahasketa baina Frantziako langileria gehienbat. Donibane Lohitzun «Petit Paris»-ren ondoan Hendaiak beti herri-proletarioaren itxura baitzuen. Duela berriki arte. Garai haietan Txingudiko inguruan ez zen futbol zelairik, ez ere itsasora daraman paseobiderik...
Geroztikakoak dira zementazko obrak, lehenengoaren ordezkatzeko eraiki zuten zorien uharte berria, Zokoburuko talasoterapia, duna-berriak. Eta bereziki kirol-portu berria, bere inguru txukunekin. Omen «glamour» bilakatua dela Hendaia hegoaldeko anitzendako... Eta, Hondarribia handik eta Hendaia hemendik «eredu» bilakatu dira, itsas bazterrean egin dituzten zementozko eraikuntzekin... Hain zen «zikina» lehen!
Omen... Hegoaldeko politiko batek berrikitan zioen bezala: «... Aski, gure itsas bazterrean diren barkuekin presentatzen dugun hirugarren munduko itxurarekin!» Alta, nik, nahiago nuen lehen, ez hain aspaldi, itsas bazterrek zuten «hirugarren munduko itxura» hori...
