detalle dokuteka-generico-fitxa

Kolorez eginda dago mundua

Handia egin duzue, handia... daltonikoari koloreez mintzatzeko eskatzea! Nire akatsa, zinez, ez dakit zein den, baina urteroko mediku-azterketan gauza bera gertatzen zait 'muestrarioa' ipintzen didate aurrean eta bigarren orritik ez naiz pasatzen.

Dena den, daltonikoak ere ikus dezake mundua koloretan. Pertzepzio kontua da, honela edo horrela hautematea, baina inork ez daki, ezta begietan akatsik ez duenak ere, besteak mundua nolakoa ikusten duen, denok gorria deitzen diogun hori, gero, bakoitzaren begi-ninian nolakoa den. Ados jartzen bagara eta elkar ulertzen badugu, ez da beltzari edo urdinari buruz pertzepzio bera daukagulako, baizik eta, pertzepzioak pertzepzio, honi beltza eta hari urdina deitzea erabaki dugulako. Sarritan pentsatzen aritzen naiz zenbakiek eta koloreek badutela zerbait komuna: amaitzen ez den katea dira. Nahi beste kolore sor litezke, zenbakiak bezalaxe. 10 zifra xumerekin jokatzen dugu zenbakietan. 10 kolore baino gutxiago aski dira infinitua pintatzeko, ongi konbinatuz gero.

Eskimalek 40 tonalitate zuri baino gehiago bereizten omen dituzte. Seguru nago guk ere ikusi, ikus genitzakeela, baina ez gaude, eskimalen moduan, zuriz bakarrik inguratuta. Beste adibide bat jartzearren, materiarekin ere konpara genitzake koloreak. Edozein harri puska edo egur-enbor hartu eta erdibitzen hasten bazara, beti beste erdia geratuko da. Baita zatirik txikiena erditik ebakitzen duzunean ere. Beraz, inoiz ez duzu amaituko ebaketa. Koloreekin ere ez: tonalitate honen eta haren tartean beti sartu ahal izango duzu beste bat, behar besteko finezia eta sentsibilitatea baldin badituzu. Non dagoela uste duzue pintore handien sekretua ere? Forman? Ez, jauna!

Kolorean. Koloreak ondo banatzea da sekretu bakarra. Formari ez dago kolorea ematerik, baizik eta kolorearen bidez sortzen dira forma guztiak. Estetikaren oinarria eta funtsa kolorea da. Van Gogh-en adibidea ipiniko banu, hain zen kolorezalea!, errazegi ari naizela leporatuko lidake bakarren batek. Har dezagun, hortaz, Picasso. Ze kubismoaren sortzaile, eta ze joeraren aita! Picassok ere kolorea oinarri! Nola bereizi zituela uste duzue Gernikako zezenaren sudur-mintzetako bitsa, zaldiaren irrintzia, leihotik salto egitera doan agure xaharraren aurpegia, su eta kiskaltzio orokorra, argiaren arina, zeruaren iluna eta usoaren zuria? Koloreek ematen diote dramatismoa Gernikari edo, zuzenago nahi baduzue, koloreetan islatu zuen Picassok Gernikaren dramatismoa.

-Eta eskultoreek zer? -galdetuko didazue, hazi-hazi eginda, zepoan harrapatu nauzuelakoan? Zaudete horretan! -Eskultoreak ere koloreaz baliatzen dira, egindako akatsak disimulatzeko. Gaiarekin jarraiki, euskaldunok badugu zor bat koloreekin. Gure hizkuntzak, jatorriz, ez ditu 4 kolore baino izendatzen: zuria, beltza, gorria eta urdina. Harrigarria! Berdearentzat nola ez zuen asmatu beste izenen bat? Ez dut esan nahi 'berdea' itsusia denik, eta aitortzen dut edozein bezain euskalduna dela gaur egun, baina zergatik ez zuen izendatu besteekin batera, Euskal Herria hain berdea izanik? Hain zuzen ere, horrexegatik: gauza berdeak asko zirenez, berezi egin zituen, eta belarra, artoa, hostoa.... zuzenean izendatzen zituen. Bai, gure hizkuntza oso logikoa da. Tranpak egiten dituenean, tranpa txikiak bakarrik egiten ditu: kolorez aldatzen direnean, belarrari belar-ondoa deitzen dio; artoari, masalastoa; hostoari, orbela... Egia esan, koloreak askotan oso kapritxokoak dira, eta badirudi elkarren artean egundoko borrokak izan ohi dituztela. Jardun al duzu inoiz zebraren koloreari buruz pentsatzen? Urratsez urrats aldatu egiten dira: orain ni, gero zu, orain ni, gero zu... serie osoa amaitu arte. Beste batzuetan, zakur zuri-zuriak begi bakarra igual izaten du beltza, edo behi beltzak tripa-barrenean zuriune bat, eta behor zuriak kopetan gorriunea. Eta koloreen gaia, elkarrekiko konbinazioak bezalaxe, ez da inoiz amaitzen. Etxeko lanak bezalakoa da: utzitakoan baino amaitzen ez dena. Horregatik, horrenbestez amaitutzat ematen dut.

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

B2
11-05-2003

x61pRelaContWAR

16523782

x61pViewCountWAR

3074

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR