Dokuteka
Hirian konposta egiteko
Lurrik ez duten etxebizitzetan bada konposta egiteko beste modu bat: edozein lurren gainean jar daitekeen vermikonpostagailua. Bertan, eisenia foetida zizareak usteltzen hasitako materia organikoa jaten du. Onddoak dituzte lagun, hauek bigundutako materia errazago irensten baitute, hortzen faltan. Zizareen liseriketa prozesuaren ondorioz lortzen den humusa hobea da.
Plastikozko lau hankaren gainean, hiru solairu edo bandeja ditu zizare gorrien bizileku den vermikonpostagailuak. Goiko solairuan botatzen zaie janaria eta hondakin freskoena hor egoten da. Erdiko bandejan hondakinak ustelago egoten dira eta hor aritzen dira etengabe jaten zizareak: egunean gramo erdi-gramo bat jaten dute, euren pisua adina, alajaina! Hirugarren solairuan dute habia. Kartoi bustiz egiten dute ohea eta bertan jartzen dituzte arrautzak. Beheko edukiontziak iturria du, eta bertatik isurtzen da sortzen den ongarri likidoa.
Konpostagailua produkzio altuenean dagoenean, bi hilero jasotzen da bandeja bat humus, eta astero hiru laurden ongarri likido. Lehen uzta, berriz, 2 hilabete eta urtebete artean jasoko dugu. Zizareen lana azkartu nahi bada, bataz besteko tenperaturak 20 gradu ingurukoak mantendu behar dira, eta janaria ondo txikitu zizareei eman aurretik.
Plastikozko ontzi hau edonon jarri liteke: balkoian, garajean... Mizkinek ez dute sukaldean bertan jartzea oso gogoko. Lasai, zizareak ez baitira sekula ontzitik ateratzen, itxia delako eta barruan baino ez dutelako behar dutena: jakia, hezetasuna, iluntasuna -argirik ezin dute jasan- eta tenperatura egonkorra. Babesean jartzea komeni da, gehiegizko beroak, hotzak eta euriak erasango ez dien lekuren batean, ito egin baitaitezke.
Deskonposizio prozesurako estalkia itxita eduki behar denez, ez du batere usainik botatzen. Astean pare bat aldiz nahastu behar dira hondakinak, oxigenorik falta ez dadin, eta hor askatzen da usaina, baina ez da jasangaitza. Sortzen duen humusak, berriz, baso heze usain freskoa du.
Non eskuratu
Interneteko www.compostadores.com helbidean erosi ahal izango dituzu lorategiko konpostagailua edo vermikonpostagailua, zizare eta guzti. Bertan duzu gaiari buruzko informazioa ere. Foru Aldundiak banatu duenaren moduko lorategiko konpostagailuak 108 euro balio ditu (320 kilorentzako), eta neurri zein forma desberdinetakoak daude aukeran. Vermikonpostagailuak, berriz, 120 euro balio ditu eta 30 euro zizareek.
Dagoeneko Gipuzkoako mankomunitate gehienek Foru Aldundiaren kanpainaren barruan doako konpostagailu denak banatuak dituzte. Baina itxarote-zerrenda zabalik dago. Gipuzkoarra bazara, lorategiko konpostagailua jartzeko, deitu dagokizun mankomunitatera.
