detalle dokuteka-generico-fitxa

Julen Madina: "Ezaguna izateak lotsa ematen dit"

San Fermin jaiak gertu ditugun garai honetan eta Rafael Huerta eskultorearen lanaren inguruan sortutako ika-mika tartean dela, Julen Madina korrikalari eta irakasle hernaniarra gonbidatu nahi izan dugu gurera. Iazko harrapaketaren ondorengo bere lehen entzierro garrantzitsua izan dugu hizpide, besteak beste. Erne, Suziria botako dugu eta!

 

HABE.- Bukatu berria da ETB2 katean "El conquistador del fin del mundo" saioa. Zein da esperientziari jarriko zeniokeen nota?
JULEN MADINA.- Niri iruditzen zait esperientzia pertsonal bezala oso interesgarria eta aberasgarria izan dela, beraz, nota altua jarriko nioke. Azken batean, egoera arrunt batean ez dugu jartzen geure burua muturreko egoeran eta saio honetan, behintzat, saiatu dira gu mugan jartzen. Ez dakit noraino iritsi garen, baina ezagutzen nituen egoeretara baino urrunago, behintzat, bai. Betiko zalantzak azaleratu dira: zer nolako erreakzioa izango duzun gosea, nekea edo hotzaren aurrean. Eta norberaren jarrera, zu nola aldatuko zaren edo nolako erreakzioa izango duzun. Arlo horri dagokionez, pozik nago, gai izan bainaiz neure burua kontrolatzeko, nahiko erreakzio moderatuak izan ditut, hori baitzen nire "lana" saio honetan. Nire emozioak kontrolatu behar nituen, taldekideek ez bezala. Izan ere, nik haien buru izan behar nuen. Beraz, zenbat eta buru hotzagoa eduki edo emozioak kontrolpean eduki, orduan eta hobeto egiten nuen nire lana. Alde horretatik, oso ondo. Saioa bera oso interesgarria izan dela uste dut, arrakastatsua izan da eta jendeari gustatu egin zaio. Jakina, guk, partaideok, askoz ere gauza gehiago ikusi ditugu. Kanpotik ikusita, halere, eta hainbat gauza kenduta (madarikazioak, esaterako) jendeak komentatu dit harrapatuta egon dela saioarekin.

H.- Entzun genizun esaten telebistan erakutsi duten zure irudia jendeari gehiago gustatu zaiola aurrez zeukana baino. Zer uste duzu zuk ikusi duela zugan jendeak?
J. M.- Bai, hala da. Nik aspaldi ikasi nuen jendea ezagutzeko ez dela nahikoa kanpotik aztertu eta irudi bat eraikitzea. Egia da lehenengo inpresioak asko esan nahi duela, baina saiatzen naiz lehenengo hori gordetzen eta itxaron egiten dut baieztatzen den ala ez ikusi arte. Gai naiz lehenengo inpresioa txarra izan bada, gerora zuzentzeko, ez dut inor hasieratik epaitzen, askotan sartu baitut hanka horrela jokatuta. Nirekin ere horrelako zerbait gertatu dela uste dut. Nire jarrera edo itxurarengatik, ez dakit zergatik, hainbatek nire irudi bat eraiki du, niri buruzko iritzi jakin bat, ni ezagutu gabe. Saio honen bidez, uste dut zenbaitek beste gauza batzuk ikusi dituztela nigan: nire jarrera, eguneroko gertaeretan nola jokatzen nuen... Eta ni horrelakoa naiz, normalean horrela jokatzen dut.

H.- Joango al zinateke Patagoniara oporretan?
J. M.- Bai eta gehiago esango dizut, saioaren inguruan geratu zaidan arantza bakarra denbora hobeto ez antolatu izana da. Jakin izan banu saioa nondik nora joango zen, beste modu batean antolatuko nukeen eta aste bat edo hamar egun gehiago hartuko nituzkeen lurralde hura ezagutzeko.

H.- Zer nahiago duzu, el conquistador saioaren antzekoetan partehartzea, entzierroen komentarista-lanak, bertan korrika egitea, irakastea... aukera ezazu bat
J. M.- Ni, lehenik eta behin, irakasle naiz eta nire lana maite dut. Nik egiten ditudan gauza guztiek irakaskuntzarekin dute zerikusia, mahainguruetan edo solaskide-lanetan aritzen naizenean, gai horren inguruan hitz egiten dut gustuen, nire arloa delako. Niri heztea gustatzen zait. Gorputz-heziketari buruzko eskolak ematen ditudanean, edo beste edozein unetan, arlo berean mugitzen naiz. Horixe da nire zaletasuna eta lanbide bihurtu dut, gainera. Nekatu ere egiten naiz. Baina, egia da denbora daukadanean ere ez dudala atsedenik hartzen. Esaterako, etxera iristen naizenean muskulazio, anatomia... gai tekniko horien inguruko liburu eta aldizkariak irakurtzen ditut. Eta tartea dudanean, berriz, hegan edo dantza egitea gustatzen zait, aspalditik baitut gustuko azken hau. Dantza latinoa menperatzen dut: bachata, merengea, boleroak, valsa... nire emaztea kubatarra da, dantzari profesionala izandakoa eta dantzatzen ezagutu nuen hemen, Euskal Herrian. Hegan egitea ere oso gustuko dut, garai batean parakaidismoa egiten nuen eta. Gaur egun, parapentea errazagoa gertatzen zait. Antolaketa handiagoa eskatzen zidan parakaidismoak: Pauera joaten nintzen asteburuetan. Garestia ere bazen eta azkenean, utzi egin nuen, dirua ez baitzait denetarako iristen.

H.- Maila pertsonalean ere konkistatzailetzat al duzu zeure burua?
J. M.- Moldatzen naiz. Nire bizitzan zehar harreman dezente izan ditut. Baina, ez dut neure burua konkistatzaile baten parean ikusten. Gainera, ezaguna izateak lotsa ematen dit, jendea hurbiltzen zaidanean, tabernan, esaterako, aztoratu egiten naiz. Baina, era berean, uste dut horrelako egoerak ziklikoak direla eta gaur goian bazaude ere, bihar behean egon zaitezkeela, beraz... ez dizkiot buelta gehiegi ematen gaiari. Gauzek modu naturalean gertatu behar dute eta ezin dira behartu. Nahiago dut modu apalean jokatu eta ospea handitzen bada, berezkoa izango da eta ea dirua ere ekartzen didan!

"San Joan jaietan San Ferminak dauzkat buruan"

H.- Zer egin behar duzu aurtengo San Joan jaietan zure herrian, Hernanin? Nola pasako dituzu festak?
J. M.- Asko maite ditudan jaiak dira San Joanak eta gaztetan asko eta oso modu bizian bizi izan nituen: zezenak, sokamuturra, azeri-dantza (askotan hartu dut parte)... Baina, gaur egun ezberdina da, San Ferminak gertu daude eta. Ordurako prestatzen hasita nago eta ondorioz, ez neska-konturik, ez edaririk... Atera ateratzen naiz, buelta bat ematen dut, baina... jende asko etortzen zait, askotan mozkortuta, eta ez naiz eroso sentitzen. Horregatik, nahiago dut etxean afariren bat antolatu, adibidez. Gainera, askotan, lan egitea egokitzen zait garai horretan. Unibertsitatean ari naiz lanean eta gogorra da zazpietan jaiki, sokamuturrean parte hartu eta gero lanera joatea. Orain beste era batera bizi ditut jaiak eta, haurrarekin ateratzen naiz, azeri-dantza zertan den erakusten diot ea zaletasuna pizten zaion, esaterako. Baina, burua San Ferminetan daukat.

H.- Hasita al zaude prestatzen? Zer egiten duzu? Eta zer ez?
J. M.- Aspalditik hasi nintzen. Ezin dut inprobisatu eta joan den urteko harrapaketaren ondorioz, oso trabatuta neukan gorputza. Fisikoki osatuta nago. Baina, zauriek ondorioak ekarri dizkidate, egur handia jaso zuen nire gorputzak. Dena berreskuratu behar izan dut: abiadura, malgutasuna... Zama gehiago ere baneukan, giharrak gehiago kargatzen zitzaizkidan, estiramendu gehiago egin behar izan ditut. Erronka izugarria izan da niretzat hori guztia gainditzea. Hala ere, banekien gai nintzela aurre egiteko eta beldurra kontrolatzeko. Orain askoz ere arinago sentitzen naiz, askoz ere azkarrago eta fisikoki hobeto. Ilusio handiz nago.

H.- Nola ikusten duzu zure aurtengo partehartzea San Ferminetako entzierroan?
J. M.- Aurtengoa berezia izango da. Batetik, iazko harrapaketa, bestetik, telebista-saioa egon da tartean. Rafael Huertaren eskulturaren inguruan ere hika-mika sortu da... gurpila handitu egin da, berez. Horrek guztiak egonezina sortzen dit, nahiz eta oso lagun onak ditudan Iruñean eta neure burua oso babestuta sentitzen dudan. Lehenik eta behin, entzierroarengatik eta ondoren, jendearen esamesengatik. Nekagarria da beti polemikaren barruan egotea. Udazkenean Iruñean entzierroari eskainita jarriko duten eskulturaren gainean, esaterako, kazetariak etorri zaizkit galdezka eta nik ez dut ezer esan nahi izan, edozer esanda ere, bestela agertzen baita komunikabideetan. Horregatik, nahiago dut ez ezer esan eta horrela ez dago arazorik. Saiatzen naiz horrelakoetan ez sartzen, baina sartu egiten naute. Dena dela, lehenengo entzierroa iritsi arteko ezinegona daukat, baina hori betiko erronka da eta gainditu beharrekoa.

H.- Web orria (www.julenmadina-sanfermin.com) ere baduzu. Azaliguzu, modu laburrean, bertan duzun eskaintza.
J. M.- Ideia sortu zen lagun amerikar batzuek komentatu zidatenean aukera hori polita zela jendeari entzierroetan korrika egiten irakasteko. Baina, oso kritika zorrotzak jaso nituen web orria martxan jarri nuenean, aurka zeudenek esaten baitzuten ezin zaiola inori erakutsi entzierroan korrika egiten. Neurri batean neu ere ados nago, oso lan zaila da barruan eduki behar duzun zerbait delako. Ezin da, hala ere, ukatu hainbat kontu irakats daitezkeela; esaterako, nolakoa den ibilbidea, nolako arazoekin egingo dugun topo, nolako jarrera izan behar dugun eta gainera, prestaketa fisiko egokia eginez gero, edonork ikusiko du bere burua beste era batera, ezagutu aurretik baino askoz hobeto, ziur. Horrek ez du esan nahi pertsona horrek entzierro ona egingo duenik, meloiekin ere hala gertatzen da, irekitzen dituzun arte ez dakizu zer dagoen barruan. Beldurraren aurrean eta batez ere entzierroan, gauza asko kontrolatu behar dituzu eta benetan lan zaila da. Burua ere prestatu egin behar da, beldurraren aurrean. Beste herri batzuetako entzierroetan parte har daiteke, prestaketa-moduan, zezen txikiekin nola moldatzen garen ikusiz eta abar.

H.- Nolako idatziak jasotzen dituzu zure web orriaren bidez?
J. M.- Askok idazten didate eta tartean zenbaitek galdetu didate ea prest egongo nintzatekeen erakusteko. Baina, nik beti esaten diet ondo pentsatzeko, badirela beste entzierro batzuk, errazagoak, eta benetan ikasi nahi badute, hobe luketela hortik hastea. Bide honetatik beste hainbat mezu interesgarri ere etorri zaizkit eta beraz, pozik nago. Iaz, Trigueño zezenak harrapatu ondoren etxera iritsi nintzenean, 500 mezutik gora neuzkan erantzuteko eta banan-banan erantzun nituen denak.

detalle2

Docuteca

B2
12-06-2006

x61pRelaContWAR

16513239

x61pViewCountWAR

4572

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR