detalle dokuteka-generico-fitxa

Erabateko askatasuna da jazz musika

Apirilaren 30ean Jazzaren naizoarteko eguna ospatzen da. Iñaki Salvador musikariak jazzaren inguruko kontuak azaltzeaz gain, musika ikasteko moduez iritzia ematen du. Musika motak alderatzen ditu eta jazza eta bertsolarien arteko alderaketa egiten du.

«Mutil koskorra nintzela, hamasei urte inguru edo nituenean, gerora zer egingo nuen pentsatzen hasi nintzenean, ez neukan argi nondik jo. Historia interesatzen zitzaidan, kazetaritza, musika. Galdetu nion neure buruari hurrengo bost urteetan eutsiko ote nion historiari bueltak emateari, edo berriak idatzi eta berridazteari... Musika aukeratu nuen.

Ordurako sumatua nuen jazz-aren lilura. Anaia zaharrenen diskoak entzutean, kantautoreak -adibidez, Pablo Milanés- pianoz egindako bat-bateko jardunarekin gelditzen nintzen, saxo bakar-saio batekin...

Oraindik neure buruari musikagilea izan nahi nuela esana ez nionean ere, kontserbatorioan, behin entzundako kanta pianoan jotzeko gauza nintzen; Eurovisioneko kanta, adibidez. Txikitatik izan dut musika nire kasa jotzeko zaletasuna, ez nintzen kontserbatorioko sagu horietako bat. Musika klasikoarekin ere txisteak edo jokoak egiten nituen, ez nintzen partiturak ikastera mugatzen.

Orain, irakasle ere banaizen honetan, ezagutu ditut kontserbatorioan piano karrera bukatu dutenak eta partituratik kanpo ezer egiten ez dakitenak, ezta familia giroan 'Zorionak zuri' jotzen ere».

Musika librea

«Ikasi nituen pianoa eta akordeoia, eta jazza egin nahi nuela erabaki nuen, eta hori joko nuela klasikoa baino gehiago. Eta urte haietan, 70eko hamarkadan, ez zegoen hemen jazza ikasterik. Ni, beste batzuk bezala, autodidakta izan nintzen gehienbat: diskoak entzuten genituen, liburuak irakurtzen genituen, lortzen genituen Estatu Batuetan ariketa liburu batzuk eta musika egiten genuen, gure modura.

Bartzelonara joan nintzen hango eskola batean ikastera, eta berehala egin nintzen eskola hartako irakasle. Bartzelonak bereganatu egin ninduen, hango giroa, hango argia, haien kulturarekiko zaletasuna... Bi urte egin nituen han lehenengo txanda horretan, eta nire jazzarekiko zaletasuna sendotu egin zen, betirako.

Jazzak hastapen oso iraultzaileak izan zituen. Geroko bilakaera beste gauza bat izan da... Halere, jazzak askatasuna aldarrikatzen du batik bat, mugarik gabeko askatasuna musika egiterakoan. Hori da jazza.

Gau batez, bazoaz lagun aukeratu batzuekin afaltzera eta elkarrizketaren jarioa ez da beti berdina. Batzuetan elkarrizketa aberatsa da, pozgarria, aberasgarria. Noski, afariak laguntzen du, baita, seguraski, afalosteko kopatxoek ere. Gauza da batzuetan afaria eta afalostea denborarik ez balego bezala doazela: samur, arin, oparo. Beste batzuetan, ordea, kontuak ez du hain ondo funtzionatzen, lagunak interesgarriak izan arren, afaria goxoa izan arren. Pasa duzu gau bat lagun artean..., eta ez da aparteko ezer gertatu.

Horixe da jazza, elkarrizketa bat, doinu batetik edo musika-esaldi batetik abiatzen den elkarrizketa».

Entzuleen parean

«Noski, zerikusi handia du jazz-a jotzen den lekuekin. Normalean ez dira antzokiak, tabernak edo klubak baizik. Kontzertu areto bat beste nolabait antolatua dago. Bazoaz musika klasikoko kontzertu batera, agian Beethovenen musika zoragarria entzutera, eta musikarien eta entzuleen artean tarte handia dago: haiek antzeztokian daude eta entzuleok beherago, urruti, aldendurik. Gauza bera gertatzen da hitzaldiekin, zuk entzungo hitzaldi guztiz interesgarria, baina elkarrizketa, gertatzekotan, hortik kanpo gertatuko da, hitzaldia bukatu ondoren.

Ezin da musika mota bat automatikoki klase sozial batekin lotu, baina egia da musika klasikoa gehiago lotu zaiola burgesiari, sistemari. Jazza, berriz mugimendu askatzaile eta aldatzaileekin lotu izan da, joera aurrerakoiekin.
Gureak ez du musika klasikoaren hierarkia nabarmen hori, banaketa hori. Eta musikariok askoz lasaiago jotzen dugu, jendearengandik hurbilago gaude, haien parean, haiekin batera, ez haien gainetik».

Bertsolariak bezala

«Berezkoa du jazzak bat-batekotasuna, baina musika mota hori egiteko beste zerbait ere behar da. Esertzen zara pertsona batekin hitz egitera eta horretarako, lehenik, kode amankomun bat behar duzu. Berriketaren kasuan, hizkuntza bat. Kodea ikasi egin duzu eta gero, hobetu, nork bere neurrian. Irakurtzen duzu, entzuten duzu. Batzuek hiztegi zabala dute, beste batzuek kaskarra. Baina, hizketan ari zarenean, bat-batean ari zara, gaia aldez aurretik adostu edo prestatu baduzu ere. Jakin badakizu nola hasi zaren, baina ez nola jarraituko eta, are gutxiago, nola bukatuko duzun; ez dakizu elkarrizketaren ondoren lehen baino adiskideago edo etsaiago izango zaren.

Horixe gertatzen da jazzarekin ere. Kode bat duzu, gai bat. Aukeratutako musika tresna menderatu egin behar duzu, hizlariak eztarria eta hizkuntza bezalaxe. Hortik aurrerakoa, libre duzu. Askatasun horrek, ordea, musika tresnaren eta hizkuntzaren menperatzea eskatzen du, ezinbestean eskatu ere.

Bertsolariekin alderatzen dut nik. Bertsolariari gai bat ematen diote, puntu bat, eta hortik abiaturik bat-batean jarduten du, bestearekin elkarrizketan, are dueluan. Bat-batean ari da bertsolaria, bai, baina aldez aurreko prestakuntza behar du horretarako, teknika bat, sarritan eskola batean ikasia. Ez da aski etorriarekin. Bizkarrean daramazun motxila betea dagoenean zara libre izateko gauza, motxila horretatik zernahi ateratzeko gauza zarenean. Horixe gertatzen da jazzarekin».

Uda kontua

«Duela gutxi ezaguna zitzaidan musikari bat kontzertua ematera etorri zen Donostiara. Aspalditik ezagutzen nuen nik; ez pertsonalki, baina bai haren musika. Sabina edo Guerraren diskoak entzuterakoan, han-hemenka aho-soinu bat entzuten nuen, arreta bereganatzen zidan harmonika esaldi bat. Diskoaren azalean ikasi nuen musikagile horren izena, Antonio Serrano.

Etorri zen, bada, Donostiara, joan nintzen bere taldearekin eman zuen kontzertua entzutera eta, bukatutakoan, agurtzera joan nintzaion. Esan nion aspalditik ezagutzen nuela bere lana, miresten nuela... Gizonak bazuen, era berean, nire lanaren berri eta, kontzertua bukatu bazen ere, proposatu zidan elkarrekin zerbait jotzea. Egin dezagun orain, esan zidan, kontua gerora luzatu gabe. Jarri nintzen Serranoren taldearen pianoan eta sekulako gozatua izan zen, guretzat, bai, baina baita entzuleentzat ere. Hori da jazz-aren magia. Bukaeran, telefono zenbakiak trukatu genituen eta, agian laster zerbait antolatuko dugu, elkarrekin, auskalo non.

Donostian gertatu zen hori, baina beste edonon ere gerta zitekeen. Egia da Donostiak baduela tradizio bat, hainbeste urteren buruan egindako jazzaldietan ereindako zerbait. Getxon edo Gasteizen bezala. Nik uste dut Donostiako jazzaldia urte ilun eta gogorretan sortu zela, kulturaren maila guztietan gertatu zen zurrunbiloaren ondorioz. Horregatik sortu zen, jende askok gauza berriak egin nahi zituelako, kulturaren alor guztietan, literaturan, plastikan nahiz musikan. Iruditzen zait falta zitzaion askatasunaren bila hurbiltzen zela jendea jazz musikara. Eta Frantzia hurbil egoteak ere izango zuen eragina, beste alor askotan bezalaxe. Hara joaten ginen musika bila, liburu bila.

Orain, ordea, iruditzen zait jazzaldia turismo-eskaintzaren zati bat dela, kanpotarrak erakartzeko erabiltzen den zerbait. Lotuago dago turismoarekin Euskal Herriko ekintza kulturalekin baino. Horren froga da udako ekitaldietatik kanpo oso zaila dela jendea jazzaren ingurura biltzea. Egiten dira kontzertu bakar batzuk urtean zehar. Baina antolatzen duzu jazz kontzertu bat udatik kanpo eta oso jende gutxi hurbiltzen zaizu... Eman dira, halere, aurrerapuso batzuk kontu honi dagokionez. Ni ikaslea nintzenean ez zegoen Donostian musika modernoa edo bat-batekoa ikasterik, eta orain bai. Orain, ni neu naiz Donostiako Udalaren musika eskolako irakasle. Eta horrek utopia zirudien duela hogei urte».

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

C1
06-07-2001

x61pRelaContWAR

16430059

x61pViewCountWAR

2829

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR