Dokuteka
Iñigo Segurola: "Euskal Herriko paisaia Idiazabalgo gaztari zor diogu"
Paiasaia zer den, nola sortzen den eta etorkizunari begira zer egin behar den azaltzen du adituak. Besteak beste, Donostiako asmo batzuk azaltzen ditu eta EHko hiriburuak epaitzen.
IDOIA AROZENA /
«Bricomania» programako lorazaina da, afizioz eta ofizioz paisajista. Gure artean oraindik oso ezaguna ez den lanbidea, baina Europan sekulako indarra hartu duena. Paisajisten zeregina naturaren eta garapenaren arteko oreka lortzea da, inguruneari ahalik eta etekin hoberena atereaz. Euskal Herriko betiko paisaia, esaterako, ez da ez betikoa ez berezkoa, gizonaren esku-hartze nabarmena baitu. Esku-hartze hori, baina, paisajistentzat aldarrikatzen du Iñigok, inposaketa bihurtu ez dadin.
Ohiko arrosa, tulipan eta lore dotoreen ordez, Tolosa erdian babarrunak landatu ditu; Hernaniko Zinkoenean, azaburuak; eta Donostiako Bulebarrean, azaburuen ondoan, azelgak. Eta hiru hirietan zeresan ugari eman duen arren, Iñigo Segurola pozik dago. Hala dio: «noiz ikusi da herri oso bat landareez hitz egiten? Noiz ikusi da jendeak lorategiei erreparatzea? Kritikatu egiten dituela? Beno, bere txarrean, hor daudela konturatzen dira».
Zer da paisajismoa?Gaur egun Frantzian, Alemanian, Holandan eta Ingalaterran oso modan dagoen zerbait. Gure lana naturaren eta garapenaren artean zubi-lana egitea da, edozein azpiegitura proiektu ingurunearekin modu egokienean uztartzeko. Berez, paisaia aldake-tak eragiten dituzten proiektu handiak ingeniariek egiten dituzte; baina Frantzian, esaterako, edozein proiektu handitarako paisajisten iritzia eskatzen da.
Eta Euskal Herrian?
Euskal Herrian, zoritxarrez, akatsak konpontzeko deitzen gaituzte —errepide inguruak txukundu, industriaguneak humanizatu, edota auzo berrietan gune berdeak sortzeko—. Baina hori ez da bidea, ordurako ez dutelako kontuan izan errespetatu beharreko erreka edo ingurunerik.
Nor arduratzen da parkeen diseinuaz?
Orain arte arkitektoek eta ingeniariek diseinatu izan dituzte. Baina gure lanak eta bereak alde handia du, arkitektoek bizirik ez duten elementuekin lan egiten dutelako; diseinu estatikoak izan ohi dira. Guk, aldiz, bizirik dauden materialekin lan egiten dugu: landareekin. Ondorioz, emaitza ezberdina da. Halere, arkitekto onak konturatzen hasiak dira guk baliabide baliagarriak dauzkagula. Eta kolaborazio interesgarriak sortzen ari dira.
Donostiako Cristina Eneako deialdia zergatik izan daiteke aitzindaria?
Cristina Enea parkerako aukeratutako bost taldeetan Europa guztiko paisajistontzat eredu diren pertsonak daude: Gilles Clement, esaterako. Clementek ekologiaren prozesua parkean sartzea lortu du. Landare guztien balorea aldarrikatzen du, baita belar txar deiturikoena ere. Naturan soberakinik ez dagoela dio eta bere eskema paisajistikoan hori erakusten saiatzen da, ekologia kulturizatzen.
Beraz, filosofia bat da.
Bai, naturaren prozesua ulertzean, naturaren parte bat baino ez garela konturatzen gara eta horrek dena errespetatzen laguntzen du; alegia, naturak umilak izaten eta lagun hurkoa errespetatzen laguntzen du. Hori da benetako nobedadea. Eta deialdiaren beste berrikuntzetako bat zera da, hiru paisajista daudela epaimahaian. Cristina Enea erreferentzia bihurtzen ari da, gure figura nabarmentzen duelako.
Orain arte, inguruak zementuz bete ondoren libre gelditzen ziren lau metroak txukuntzeko deitzen zizueten, gero horri gune berdea deitu ahal izateko.
Gu hori ekiditen ahalegintzen gara, gure asmoa aurretik aritzea delako, eremu berde hori hasieratik diseinatuz eta prozesu ekologikoak errespetatuz. Ekologiarekin lan egitea erronka polita da, ekologia funtzioa delako, ez forma. Forma kulturala da, gizakiak ematen diona. Naturan baso mota ezberdinak daude eta hori parke publikora ekar daiteke, baina kontuan edukiz parkeak funtzio sozialak eta naturalak bete behar dituela.
Zein da Euskal Herriarekin lotzen den paisaia?
Gure betiko paisaia ere kulturala da eta 400 urte baino ez ditu. Berez, hemen, paisaia natural gutxi gelditzen da: Urdaibaiko artadia izango da bakarretakoa. Euskal paisaia abeltzaintza, nekazaritza eta ingurunearen arteko erlazioaren fruitua da. Baserriak Amerika deskubritu eta gero hedatu ziren, artoa iritsi zenean. Izan ere, aurreko kultura garia mahatsa eta olibondoan errotuta zegoen, eta Kantauri isurian ezin zen horrelakorik landu.
Hemen abeltzaintza, eta batez ere, merkataritza eta burdinaren inguruko industria zegoen. Baserri modeloa artoarekin hasi zen, eta, baserria unitate familiarra denez, belazea, behiak eta ardiak edukitzeko eta etxeko kontsumorako artoa eta beste elikagai batzuk lantzeko soroak behar ditu. Honela sortu zen mosaiko paisaia; basoa, zelaia eta baserria tartekatzen dituena.
Halere, horrek aldaketa batzuk izan ditu.
Baserritik industria gunera alde egiten hasi zirenean, paisaia hori galtzeko arriskuan egon ginen. Bizkaian, esaterako, asko galdu da, pinu ugari landatu zelako. Eta betiko paisaia hori egun mantentzea Idiazabalgo gaztari zor zaio. Gazta eskakizun handia dagoenez, ardi-esnea behar da; gaur egun ardiari ateratzen zaion probetxu bakarra esnea da. Ardiaren esnearen gaztaiari esker daukagu, beraz, daukagun paisaia. Kontsumorako baliorik izango ez balu, aldatzeko bidean egongo litzateke, pinuaren alde. Paisaia mantentzea horrelako zerbaitetan egon daiteke.
Paisaia, beraz, gauza bitxia da, aldakorra.
Kantauri isuriko lehengo paisaia basoa izango zen segur aski; eta baso mota bat. Orain, aldiz, baso mota ezberdinak daude, pinua tarteko. Jende asko paisaiarekiko kontserbazionismo kontzeptua izaten ahalegintzen da, baina ez du zentzurik. Paisaia bizia bezain aldakorra da. Kontua beste bat da: aldaketa horiek guztiak paisaiak berez dituen prozesu ekologikoekin bat egiten ahalegindu behar dugu eta ez inposatzen. Zoritxarrez, gure hedapena beti inposaketa da, baina inposaketa hori ahalik eta txikiena izan dadin ahalegindu behar dugu. Eta horretan aritu behar genuke paisajistok.
Donostiakoa, halere, txukuntze lan bat baino gehiago da.
Gaur egun eskala handian oso kontuan hartzen den kontzeptua kolektibitatea da; espazio berde guztiek lotura izatea, alegia. Donostiako plangintzan Cristina Enea Lau Haizeta parkea hiriarekin lotzen duen gune berdea da, Polloe eta Ametzagainaren bidez. Hor korredore berde bat sortzen da. Orain arte, Cristina Enea Egiako txoko bat izan da, baina Loiolako erriberan sortuko den auzo berriaren irteera ere izan nahi du. Egungo Donostiako aisialdia kostarekin lotuta dago, baina hori deszentralizatzeko aukera dago, Cristina Enea hirira zabalduz.
Azter itzazu Euskal Herriko parkeak.
Gasteizek gune berde asko dauzka, baina ez daude ondo diseinaturik, ez dago espezializaziorik. Parke guztietan landare berberak dituzte eta Gasteizen, horren handia izanda, egon zitekeen gereziondoen parkea, edota udazkeneko parkea; aniztasuna, alegia. Parkeei nortasuna ematen saiatu behar litzateke, bakarrak izan daitezen.
Bilbo, aldiz, berez oso zaila da, eta egin dituzten parke handiak oso gaizki diseinaturik daude, ingeniari eta arkitektoen eskua nabarmenegia delako; alegia, porlanarena. Donostian bertan dago natura, berde mantentzen diren hainbat tontorri esker.
Baionan paisajistak tartean dituen proiektu oso polita dute esku artean. Baiona-Biarritz konglomerazioaren hedapena planteatzerakoan, paisajistek proiektua egina dute, ibaia eta basoak errespetatuz, trenbidea nola sartu kontuan hartuz.
Iruñekoa Gasteizkoaren antzekoa da, nortasun gutxiko espazio berde asko dagoelako. Herrietan pribilegiatuak gara, natura bertan daukagulako. Nortasun bat ematen saiatuko nintzateke.
Azaburuak edo azelgak nortasun seinale al dira?
Lorazaina natura menperatzen duen pertsona da. Gu, aldiz, naturarekin bat egiten saiatzen gara, natura bera aprobetxatuz, Gilles Clementen bideari jarraituz. Gilles naturaren deskontrol horri estetika bat ematen saiatzen da, prozesu naturalak kulturizatzen, naturari guretzat baliagarria izan daitekeen forma ematen, baina edertasun klasikotik urrun, naturarekin berarekin jolastuz.
Jendeak nola erantzungo ote du?
Hori kulturizazioa da eta horretarako ereduak sortu behar dira. Eredu horiek ongi eginak baldin badira, jendeak onartuko ditu. Zergatik izan behar dute itsusiak azelgek eta azek?
