Dokuteka
Txakurra, mestizoa ala arrazaduna?
Txakurra izan nahi duen jende askok galdera hori egiten dio bere buruari, eta ez da galdera hutsala. Ze alde dago ba txakurra mestizoa ala arrazaduna izan? Ikus dezagun.
Era askotako txakurrak daude, eta bat izan aurretik galdera askori erantzun behar diezu: Zenbat denbora dut txakurra zaintzeko? Etxean badut berarentzako nahikoa tokirik? Txakurra ala txakurkumea hartuko dut?... Eta beste galdera bat izan daiteke: mestizoa ala arrazaduna hartuko dut? Agian arrazadun txakur eder bat gustatzen zaizu, edo arraza jakin batekoek duten nortasuna… Baina nortasunaren kontu hau ez da matematika zehatza. Guztia ez da zuria ala beltza.
Nolako arraza halako nortasuna. Gutxi gorabehera horrela da; baina gutxi gorabehera. Azken batean, norbanakoa da garrantzizkoa, eta zure txakurrari ematen diozun heziketa, ez horrenbeste dakarren genetika.
Zergatik aukeratu arrazadun txakurra?
Txakurra txapelketetara aurkeztu nahi baduzu, edertasuna, portaera edo ezaugarri morfologikoak saritzen dituzten lehiaketetara, arrazadun txakurra aukeratu beharko duzu. Horixe bera egin beharko duzu txakur-arraza jakin baten itxura edo ezaugarriak atsegin badituzu.
Kontu egizu horrelako txakur bat garestia dela, gehiago balio duela, selekzio genetikoaren ondorio delako. Baina hala ere, hori baldin bada zure hautua, hobe konfiantzazko txakur-hazle batengana jotzea; berak bermatuko dizu txakurra kalitate onekoa izatea. Eta zure txakurra non hezi duten, eta honen gurasoak ezagutzeko aukera baduzu, askoz hobeto.
Baina erne zer erosten duzun! Patologia batzuk txakur-arraza jakin batzuek dituztenez, albaitaria ere uste baino garestiago aterako zaizu. Adibidez, bulldog arrazakoek maiz arazoak izaten dituzte arnasa hartzeko, edo digestioa egiteko. Eta dogoek eta antzeko arraza handiek bihotza dute arazo-iturri.
Zergatik aukeratu txakur mestizoa?
Ezaugarri jakin batzuk dituen txakur baten bila zabiltza, zure adiskidea izango dena. Aukeratu txakur mestizoa. Zergatik ez? Zure laguna izan daiteke, edo etxea primeran zainduko dizu, “kirolari” ona izan daiteke… Tamaina eta kolore askotako txakur mestizoak dituzu, izaera batekoak zein bestekoak… Eta oro har, arrazadunak baino osasun hobea izaten dute. Jakina gaixotzen direla, beste edozein animalia bezalaxe. Baina txakur mestizo onak dituzu aukeran.
Zenbat dira mestizoak?
Oro har, txakurren 3tik 1 arrazarik gabekoa omen da, arrazen nahasketa batetik jaiotakoa, pedigree-rik gabekoa, alegia.
Nolakoak dira?
Horrelako txakurrak dituzten jabeen arabera, oso maitekorrak dira eta asko gustatzen zaie maitatuak izatea.
Adina
•Txakurkumeak (% 12).
•Seniorrak (7 hilabetetik aurrera-edo: % 20).
•Helduak (2 urtetik aurrera-edo: % 68).
Sexua
•Arrak (% 51)
•Emeak (% 49).
Beraz, txakur gehienak, arrak eta emeak, helduaroan daude, beren onenean. Babes-toki eta abegi-zentroetan dauden txakur gehienak mestizoak dira: horregatik adopzioan edo abegian hartutako txakur gehientsuenak arrazarik gabekoak dira.
Jabe-motak
•Jabeak berak haziak (% 2)
•Jabeari oparitu egin diote txakurra (% 21)
•Adoptatua edota abegi-zentro batetik hartutakoa: (% 52)
•Kalean hartutakoa (% 22)
Txakur mestizoen eguna
Maiatzaren 28an ospatu nahi dute batzuek Arrazarik gabeko Txakurren Eguna, baina oraindik ez da lortu egun hau horretarako izendatzea.
HIZTEGI LAGUNGARRIA
ABEGIAN HARTU.- Tomar en acogida.
ABEGI-ZENTRO.- Centro de acogida.
ADOPZIOAN HARTU.- Tomar en adopción, adoptar.
ALBAITARI.- Veterinario/a.
ALDE.- Diferencia.
AR.- Macho.
ARRAZA.- Raza.
ARRAZADUN.- De raza.
BABES-TOKI.- Refugio, albergue.
EME.- Hembra.
HAUTU.- Elección.
HELDUARO.- Madurez.
HUTSAL.- Sin importancia.
MAITEKOR.- Amoroso/a.
NAHASKETA.- Mezcla.
NORBANAKOA.- Individuo.
NORTASUN.- Personalidad.
TXAKURKUME.- Cachorro de perro/a.
ZAINDU.- Cuidar.
