Dokuteka
Jon eta Jone 74: National Geographic
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Neskak susmoa du mutilak bizilagunari aldizkaria lapurtu ote dion.
Pi, pi...
Jon.- Bai?
Jone.- Jon, ezetz jakin nor etorri den orain dela bi minutu etxera?
Jon.- Eta nola nahi duzu ba jakitea?
Jone.- Bizilaguna.
Jon.- Nor, danesa?
Jone.- Ez, Björn, ez, bestea.
Jon.- Nor da bestea?
Jone.- Bai, badakizu ABC erosten duen bigarren pisuko tipo zaharra.
Jon.- Eta zer demonio nahi zuen fatxa horrek?
Jone.- Ba, kexatzera etorri da. Begira, itxura denez, baten batek aldizkariak lapurtzen dizkio buzoitik. Jon, zuk ez duzu ezer jakingo, ezta?
Jon.- Nik? Zer ba?
Jone.- Ez dakit, azken hilabeteotan National Geographic-a erosten hasi zarenez, eta bizilagunari hain justu aldizkari hori desagertu zaionez, ez dakit, burutik pasa zait igual zenuela zerikusirik.
Jon.- Ez, ez, eta oso lanpetuta nabil, e? Geroxeago hitz egingo dugu, bale?
Pi, pi...
Jon.- Bai?
Jone.- Jon, zenbat bider esan behar dizut niri telefonorik ez eskegitzeko?
Jon.- Barkatu, neska, baina benetan lanpetuta nabil.
Jone.- Ba zuretzako erraza da, zuk ez duzu bizilagunaren txaparik agoantatu beharrik izan!
Jon.- Aizu, Jone, ez naizela ni izan, e?
Jone.- Benga, ezagutzen dugu elkar!
Jon.- Esadazu nik zuri noiz bota dizudan gezur bat.
Jone.- Ba beitu (begiratu), orain dela bost urte porroak erretzeari lagako zeniola esan zenidan.
Jon.- Bai, baina horrek ez du balio.
Jone.- Zergatik?
Jon.- Ba drogadikto batek halakoak esaten dituenean, ez delako bera hizketan ari dena, gaixo bat delako.
Jone.- Zelako aurpegi gogorra, Jon. Eta mesedez, ez ezazu beste ezer ostu gizon horren buzoitik.
Jone.- Zer, kafe gehiago nahi duzu?
Jon.- Bale, gailetarik edo txokolaterik geratzen al zaigu?
Jone.- Ba ez, eta gainera dendara joan behar gara, ez zaigu apenas janaririk geratzen.
Jon.- Bigarren pisuko bizilagunari eskatuko dizkiogu pasta batzuk, e?
Jone.- Jon ez ezazu gai hori atera, nahikoa lotsa pasa dut zure kulpagatik.
Jon.- Ez naizela ni izan, neska!
Jone.- Keba, keba.
Jon.- Benetan, kioskoan erosten ditut, galdetu ezazu bertan.
Jone.- Benga, benga, sudurra ja hazten ari zaizu eta.
Jon.- Sudurra bakarrik ez, e? Kuleroen markak nabari zaizkizu galtzetan.
Jone.- Eta?
Jon.- Ba horrek katxondo jartzen nauela.
Jone.- Horrek ere bai?
Jon.- Bai?
Jone.- Jon!
Jon.- Zer?
Jone.- Barkatu.
Jon.- Zergatik barkatu?
Jone.- Bigarren pisuko bizilaguna igo da berriro barkamena eskatzera. Itxura denez, laugarren pisuko haur batek lapurtzen zituen aldizkariak.
Jon.- Esan dizut ez nintzela ni.
Jone.- Barkatuko didazu?
Jon.- Etxera itzultzen naizenean kuleroen markak agerian uzten dituzten galtza horiek eramango dituzu?
Jone.- Bai.
Jon.- Ba orduan barkatuta zaude, pottoka.
Jone.- Gero arte orduan, Pinotxo.
Jon.- Ez dizut gezurrik esan eta...!
Jone.- Ez dut gezurragatik esan, tonto!
Jon.- Benga, pikito.
Jone.- Muxu. Mua!
