Munduko Errugbi Kopa

Munduko Errugbi Kopa –lau urtez behin jokatzen da– 2015eko irailaren 18an jarri zen abian, Ingalaterran, eta finala urriaren 31n jokatuko da.

 

Nondik dator errugbia? Zeinek asmatu zuen gaur egun hainbeste zale mugitzen dituen kirola?

 

 

 

Antropologo gehienek uste dute errugbia, beste zenbait kirolen antzera, greziarrek asmatu zutela, baina, gaur egun errugbiak duen araudia zeinek finkatu zuen azaltzeko orduan, adituak ez dira ados jartzen. Batzuek diotenez, Frantzia da errugbi garaikidearen sorlekua.

 

Beste batzuen ustez, errugbia Ingalaterrako Errugbi Eskolako ikasle batek, William Webb Ellisek, asmatu zuen 1823an. Modu nahiko bitxian asmatu ere. Gelakide batzuekin futbolean ari zela, Ellisek baloiari bi eskuekin heldu zion. Jakina, gainerako ikasleak berehala hasi ziren esaten hori tranpa zela, futbolean baloiari hankarekin eman behar zitzaiola. Alabaina, batzuei Ellisen ideia gustatu egin zitzaien, eta, hortik abiatuta, kirol berri bat sortu zuten. Azken hipotesi honen inguruan zalantza handiak daude, izan ere ordurako ezagunak baitziren XV. mendean beste herrialde batzuetan –Eskozian eta Irlandan, esate baterako– eskuak erabilita praktikatzen ziren kirolak, errugbia izango zenaren oso antzekoak.

 

 

Kontuak kontu, XIX. mende amaierarako errugbia kirol osoa zen, eta haren praktika gehien sustatzen zuten herrialdeek –Eskoziak, Irlandak, Ingalaterrak, Galesek eta Frantziak- Bost Nazioetako Txapelketa sortzea erabaki zuten.


Hurrengo urratsa, kirola Olinpiar Jokuetara eramatea izan zen –1908an gertatu zen hori–, baina, atletismoarekin eta futbolarekin konparatuta, errugbiak ez zuen ikusmin handirik piztu.

 

XIX. mendearen erdialdean errugbia Amerikako Estatu Batuetara iritsi zen, baina ordurako bertako futbolak –han futbol arruntari soccer deitzen diote– arrakasta handia zuela-eta, bazterturik geratu zen.

 

Kirolari seriotasuna eman nahian, Europan 1871n Rugby Football Union (RFU) delakoa eratu zuten, kirolaren araudiari batasun bat emateaz gain errugbiaren interesak defendatzeaz arduratu zena.

 

XX. mendeko bigarren erdialdean, errugbian jokatzeko modua hobetze aldera, teknika dezente garatu ziren. Esate baterako, hasieran erabili ziren pelotak nahiko biribilak ziren, baina denborarekin euren forma luzatzen joan zen, gaur egun duten itxura hartu arte.

 

Urteen poderioz, munduko herrialde gehienetara zabaldu zen errugbiaren praktika. 1954an, Europako herri gehienetan txapelketa ofizialak antolatu zituzten, eta, urteek aurrera egin ahala, kirola profesionalizatu egin zen.


1987an, lehendabiziko Munduko Txapelketa antolatu zuten Zeelanda Berrian. Finalera Zeelanda Berria bera eta Frantzia iritsi ziren, eta lehenengoek eraman zuten kopa. Bigarren Munduko kopa lau urte geroago egin zuten, baina orduko finalean Australiak aise garaitu zuen Ingalaterra.


Bazenekien…

Herrialde batzuetan errugbia erlijio baten modukoa da. Horren adibide garbia dugu Zeelanda Berria. Hango selekzioan, (All Blacks) jokalariak goitik behera beltzez jantzita doaz. Partida bati ekin aurretik, All Blackseko kideek –maorien, irlako lehen biztanleen ondorengoak dira batzuk– Haka delakoa interpretatzen dute, doinuak, oihuak, jauziak eta keinu oldarkorrak nahasten dituen kantua.

 

Haka
Edozein dantza maori definitzeko balio duen berba da Haka, baina zehazki maori tribuen guda-dantza aipatzeko erabili ohi da. Batzuetan ongietorri-dantza bezala erabiltzen da, eta hau abegikortasun seinale da.


Ka Mate Haka

Gaur egun, Haka Zeelanda Berriko errugbi-selekzioaren (All Blacks) partiden aurretik antzezten da, euren historiarekiko eta kulturarekiko begirunea nabarmentzeko, eta aurkariaren kontzentrazioaren aurka erasotzeko asmoz.

 

All Blacks taldeko kideak


Errugbi-elkarte zeelandaberritarraren esanetan Haka ofiziala Ka Mate izenekoa da.

Liderra: Ringa pakia!
Uma tiraha!
Turi whatia!
Hope whai ake!
Waewae takahia kia kino!
Ka mate, ka mate.
Taldea: Ka ora, ka ora.
Liderra: Ka mate, ka mate.
Taldea: Ka ora, ka ora.
Guztiak: Tenei te tangata puhuruhuru
Nana nei i tiki mai whakawhiti te ra
A upane, ka upane
A upane, ka upane
Whiti te ra, hi!  
Astindu eskuak izterren kontra!
Puztu bularra!
Tolestu belaunak!
Segi aldakekin!
Astindu zure oinak lurraren aurka ahal duzun gogorren!
Hil naiteke, hil naiteke
Bizi naiteke, bizi naiteke
Hil naiteke, hil naiteke
Bizi naiteke, bizi naiteke
Hau da gizon iletsua*
Eguzkia ekarri eta berriz ere distirarazi zuena
Pausu bat gorantza! Beste pauso bat gorantza!
Pausu bat gorantza! Beste pauso bat gorantza!
Eguzkiak distira egiten du!


* Maorien mundu-ikuskeraren arabera, iletsu eta ausart baliokideak dira.

Iturria: Zaldunen duten kirol basatia
 


B2
25-09-2015
16270868
00:51
5451