Ainhoa Murua: «Hiru kirol dira, baina bakarra osatzen dute»

Ainhoa Murua triatloilariak (Zarautz, 1978) hiru aldiz hartu du parte Olinpiar Jokoetan, eta ez du baztertzen 2016. urtean Brasilen aritzea.

Triatloiak hiru kirol hartzen ditu bere baitan: igeriketa, txirrindularitza eta oinezko lasterketa. Muruaren ustez, kirol gogorra da, baina ez da salbuespena, «Goi-mailako kirol guztiak baitira gogorrak». Beste kirol txikien moduan, zaila da triatloia ogibide bilakatzea. Gainera, Muruak salatu du federazioek gero eta diru gutxiago dutela.

Ainhoa Murua, triatloi kirolaria. Nolakoa da igeriketa, korrika eta bizikleta uztartzen dituen kirol hau? Gogorra al da?
Ainhoa Murua.- Bai, tira. Nik uste dut mito pixka bat baduela. Gogorra izango da, baina beste kirolen moduan. Kirol honek eskatzen du hiru diziplinetan aritzea entrenamenduetan. Bereizi egin behar da triatloi bat egitea eta triatloilari izatea. Triatloi proba batean parte hartzeko ez da horrenbeste entrenatu behar. Goi-mailan, ordea, ordu asko sartu behar ditugu, hiru kirol horiek uztartu behar ditugulako. Goi-mailako kirol guztiak dira gogorrak. Hiru kirol uztartzen dira, eta horrek erakargarri egiten du kirol hau, arina gertatzen da, denbora guztian ez garelako gauza bera egiten ari.

Hiru kirol horiek osatzen dute triatloia; bat besteak baino gustukoago duzu?
A.M.- Ez, egia esan hirurekin gozatzen dut. Momentu batzuetan, batekin besteekin baino gehiago. Dena den, hiru kirol dira, baina bakarra osatzen dute. Nik ez ditut hiru kirol ezberdin gisa ikusten. Esaterako, igeri egiten dugu, baina ez dugu igeriketarako bezala entrenatzen. Lasterketa bakoitzeko ezaugarrietara moldatu beharra daukagu. Korrika ere egiten dugu, baina dagoeneko nekatuta hasten gara korrika.


Murua igeriketan hasi bazen ere, oso gustuko du triatloiko bizikleta. (Argazkia: www.ainhoamurua.com)

Triatloilari asko hiru kirol horietako batetik datoz, ezta?
A.M.- Bai, dudarik gabe, baina hori orain arte gertatu da. Orain kontu hori aldatzen ari da. Zoritxarrez, hemen, Euskal Herrian, oraindik ez, baina atzerrian triatoilariak gaztetatik aritzen dira. Hemen oso ohikoa izan da beste kirol batean aritu ondoren triatloian hastea. Gainera, ez dakit zergatik baina modan jarri dira proba luzeak, iron-man eta antzekoak, eta mendiko lasterketak; baina ez 20 kilometrokoak, 80koak ere modan jarri dira. Ematen du, gaur egun, 20 kilometro egitea ez dela ezer. Nik ez dut horrela ikusten, azken batean ordubeteko lasterketa baterako ere asko entrenatu behar delako, eta horietan bizkortasuna delako garrantzitsua. Dena den, orain badago zuzenean triatloian hasten ari den jendea.

Triatloian hasi baino lehen, beste kirolen batean aritu al zara zu?
A.M.- Ni betidanik igeriketan ibili naiz; Zarautzen, beti egiten ditugu hondartza-futbola eta abarrekoak. Baina, beti izan dut hori buruan. Zarautzen egiten zen triatloi-proba eta beti interesatu zait, baina txikitan ez nuen parte hartu, batez ere beste neskarik-eta ez zebilelako. Gero, Gasteizera joan nintzen ikasketak egitera, eta han ezagutu nituen triatoilari neska batzuk. Haiek animatu ninduten. Azken batean, beti ibili izan naiz kirolaren inguruan: hasieran igeriketan, baina krosak korritzen nituen eta mendiko bizikletarekin ere ibiltzen nintzen. Batzuetan aitari lapurtzen nion errepidean ibiltzeko bizikleta, baina ez naiz federatuta ibili.

Gasteizen egin zenituen ikasketak. Zer ikasi zenuen?

A.M.- Garai hartan SHEE-n (Soin Hezkuntza Euskal Erakundea) ikasi nuen. Eta orain Gorputz Irakasle-ikasketak bukatu berri ditut.

Olinpiar Jokoetan diploma atera zenuen, munduko eta Europako txapelketetan hamar onenen artean sartu zinen, Espainiako txapeldun ere bai... Zure palmaresa luzea da. Zerrenda luze horretan kuttunik ba al daukazu?
A.M.- Ezbairik gabe, 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetan lortu nuen zazpigarren postua. Nik egin dudan denboraldirik onena izan zen. Ordura arte, oso lasterketa onak egin nituen. Londresera iristea helburu zaila zen, eta bertan ere ondo ibili nintzen. Gainera, nik badakit zein esfortzu egin behar izan nuen. Gero badauzkat beste batzuk. Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu nuen. Beste kuttun bat da Zarauzko triatloia irabaztea. Hiru aldiz irabazi dut, eta batez ere lehenengoa irabazi nuenean hartu nuen poza. Herrian bertan irabaztea gauza polita da.

Olinpiar jokoetan hiru aldiz parte hartu duzu. Laugarrena izango al da?

A.M.- Bai, aukera dezente dauzkat, orain nagoen bezala jarraitzen badut. Estatuan, nesketan, hurrengo belaunaldiari pixka bat kostatzen ari zaio. Hala ere, ez da erraza. Rankingean sartzea ez da erraza. Bi urte falta dira, eta, azkar pasatzen diren arren, momentuan nola nagoen ikusi beharko dut.


Zarauzko triatloia behin baino gehiagotan irabazi du Muruak. (Argazkia: Mikel Goñi)

Olinpiar jokoetan hiru aldiz hartu duzu parte. Nolakoa izan da esperientzia hori?
A.M.- Hiru aldietan bizipena ezberdina izan da. Bestalde, lasterketa bera handia da eta telebistan azaltzen da. Baina, azken batean Munduko Txapelketaren oso antzekoa da. Partaide berak dira, gutxi gora behera, betiko lehiakideak. Zirkuitua bera ere lehenagotik ezagutzen dugu, beste urteetan bertan lehiatu garelako. Hala ere, hiri olinpikoko giroa ezberdina da. Ni hiri olinpikoan izan naiz lehiaketak bukatu ditudanean. Lehiaketa aurretik kanpoan egoten gara, saioa prestatzen eta abar. Gero, Olinpiar Jokoetara joan baino lehen, giroa ezberdina da, komunikabideek kasu gehiago egiten baitigute.

Triatloiak bizitzeko bezainbeste ematen al du?
A.M.- Bai, baina aurre-aurrean egon beharra dago. Eta orain, gero eta zailago daude gauzak. Bizi daiteke, eta momentuan bizi gara, baina honek ez du ematen erretiroa hartu eta horretaz bizitzeko. Gainera, honetan ari garen bitartean, egun osoa entrenatzen edo bidaiatzen ematen dugu. Ezinezkoa da bateratzea, epe luzean. Orduan, emaitzek asko baldintzatzen dute bekak eta abar eskuratzeko aukera. Egoera, gainera, okerrera joan da, federazioek gero eta gutxiago daukate-eta. 


 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zer behar da triatloian jarduteko?
Bai beno,  triatloi bat amaitzeko, agian, erresistentzia, ezta? Baina, bai bada beno... gure lasterketetan... pixka bat, momentu konkretu batzuk daude... bai askotan... ez dela erresistentzia bakarrik. Batzuetan abiadura puntu bat eskatzen digu. Bai, eh... irteera momentuan, bai trantsizioko momentuetan, eta askotan korrika ere... azkenaldian gero eta lasterketa gehiago ari dira bukatzen esprintetan. Orduan, eh agian, triatloi bat egiteko, bada bai erresistentzia gehienbat, ezta? Baina... baina gure lasterketetan, edo goi-mailan, bai; ez da erresistentzia bakarrik(an). Abiadura, edo abiadura maila bat eskatzen du ere.

Nola animatuko zenuke jendea triatloia probatzera?
Ez.. bada, besteri gabe... bada, probatzea. Bada aukeratzeko lasterketa, hasteko, motz bat, erraz samarra. Eta, probatzeko, eta ziurrenik gustatuko zaiela. Azkenean, kirola egitera animatzea.
Hori, bada aukeratu. Eta batez ere, bada agian, lagun artean helburu bat jarri eta disfrutatzera joan. Inongo, bada beno... helburu betegarri batzuk, ezta? Eta gehien bat, azken finean, bada hasieran beti disfrutatzea izan behar du, eta hori gogoan eduki behar da. Azkenean, helburuak bada gozatzea izan behar duela, kirola eginez ondo pasatu eta buruarekin jokatuz, ezta? Eta bai, gomendatzen dudana da, behin lasterketa edo triatloia aukeratuta, prestatuta joatea. Azkenean, prestaketa minimo batekin, ezta? Bada, askotan bada apustu bat egin, eta prestaketarik gabe noski gogorra egiten dela, ezta? Eta ez dut gomendatzen horrela egitea. Bada prestatu pixka bat, prestaketaz ere disfrutatu, eta gero lasterketa egunean gozatu.
 

B2
04-11-2014
16346114
02:15
9763