detalle dokuteka-generico-fitxa

Pio Baroja

Pío Baroja euskal herritar nobelagilea Donostiako Okendo kalean jaio zen 1872ko abenduaren 28an eta Madrilen hil zen 1956ko urriaren 30ean. Betidanik, eta bereziki, 1912an Bidasoako nafar eskualdean "Itzea" famili etxea eskuratu zuenez geroztik, Baroja Euskal Herriari oso lotua bizi izan zen, eta bere jarrera, munduaren gaineko begirada, eta bere-berea zuen historiaren zentzua, oso loturik daude herri honen paisaia, memoria eta pentsamoldeari. Baroja intelektualaren eta gizonaren bizitzako ibilbidean, inondik ere bere garaiaren adierazgarri den horretan, azpimarratzekoak ditugu, alde batetik, izaera independentea, ezkortasuna eta eszeptizismoa, eta, bestetik, haren narrazio-obra berezia, osotasunean hartuta gure mendeko literaturako begirada benetako eta hunkigarrienetariko bat dela esan daitekeena.

Hiri batean baino gehiagotan bizi izan zen arren (Madrilen, Iruñean, Valentzian), beti izan zion jaidura berezia Donostiari; ez, hala ere, hango gizon publikoen jokabideei. Itsaso ondoan jaio izana askatasunaren seinale iruditzen zitzaion. Behin, 1935ean berari egindako busto bat inauguratzera joanda, honako hitzok esan zituen: "Nire oroipena ezkutatzen bada, eta bustoak hor irauten badu, pozik nengoke, ahal balitz, etorkizunean begiratzen dion jendeak jakin baleza, irudi horren eredu izandako gizona egiaren zale amorratua, hipokrisiaren eta gezurraren gorrotatzailea, eta, bere denboran besterik bazioten ere, bere herria bihotzetik maite zuen euskalduna zela".

Pío Baroja Serafín Baroja Zornozaren semea zen. Aita, meatze-ingeniaria eta kultur gizona zen, Donostiako literatur bizitzan parte hartu zuena; izan ere, liburuak eta bertsoak argitaratu zituen eta egunkari liberaletan gerrako kronikari izan zen. Ama Carmen Nessi Goñi zen, familian aurreko italiarrak zituena. Pioz gain, beste hiru seme-alaba ere izan zituen: Darío, 1894an hildakoa, Ricardo, pintore eta idazlea, eta Carmen, hau ere idazlea eta sentsibilitate handiko emakumea, Rafael Caro Raggiorekin ezkondua. Rafael Caro izango zen Barojaren obren argitaratzaile nagusia.

 



1879an familia Madrilera joan zen bizitzera eta 1881ean Iruñera. Bost urte egin zituzten Iruñean, idazle gaztetxoaren prestakuntzan oso garrantzitsuak. Han jaio zen Carmen Baroja, Julio eta Pio Caro Barojaren ama. 1886an, ostera Madrilen, Las inquietudes de Shanti Andía liburuaren egileak batxilerra bukatu zuen eta, hurrengo urtean, medikuntza-ikasketak hasi zituen Unibertsitate Zentralean. Bere familia Valentziara bizitzera joan zelarik, hango unibertsitatean amaitu zuen karrera 1891n. Baina, Madrilen doktoratu zen 1894ean minari buruzko tesi batekin. Urte berean hartu zuen Zestoako mediku plaza. Zestoan urtebete besterik egin ez zuen arren, erabakigarria izan zen bere idazle bizitzan. Bizipen horietatik sortuko zen bere lehen liburua, Vidas sombrías.

Madrilera itzuli zen 1896an, bere izeba Juana Nessiren okindegiaz Ricardo anaiarekin batera arduratzeko. Baina, sasoi hartan literaturan erabat murgiltzea erabaki zuen eta Madrilgo egunkari eta aldizkarietan idazten hasi zen. 1899an Parisera joan zen: han Machadotar anaiekin harremana izan zuen eta Oscar Wilde eta Reclus ezagutu zituen. 1900ean, Vidas sombrías argitaratu zela Azorín ezagutu zuen, eta geroztik bizi osoan adiskide izan ziren. Espainiako hainbat herri eta hiritan barrena ibili zen, Darío de Regoyos, Ramiro de Maeztu, Ciro Bayo Segurola, Paul Schmitz edo anaia Ricardo lagun zituela, eta bidaia horietako bizipenak narrazioetan ematen zituen sarri. 1902an omenaldi bat egin zioten Madrilen, eta bertan egon ziren Galdós, Maeztu, Valle-Inclán, Azorín eta Mariano de Cavia. Hor ageri da garaikide zituen idazleen artean zeukan itzala eta kultur bizitzan bere idazlanak hartzen ari ziren ospea. 1903an Tangerrera joan zen "El Globo" egunkariaren gerrako berriemaile izateko. 1906an berriz alde egin zuren Londresera eta Parisera eta, hurrengo urtean, Suitzan eta Italian egon zen. Italiara, amaren jatorrira, berriro itzuli zen hurrengo urtean.

Nobelagileak 1914an idatzitako aitorpen honetan ageri da marraztuta bere izaera: Berezkoak ditudan ezaugarri horiek —jokaera istilutsua, etika egarria, dinamismoa, gauzez eta ideiez jabetzeko irrika, ekintzazaletasuna, geldotasunari gorrotoa, eta etorkizunerako gogo suharra— osatzen dute nire izaera literarioaren oinarria; baldin eta literario dei badakioke horrelako izaera bati, alegia, hondo kementsu baten gainean deus baino gehiago iskanbilatsua izango litzatekeen izaera bati".

Urte horretan bertan, 1914ean, Madrilen, Pio Barojaren iloba Julio Caro Baroja, antropologo eta etnografoa, jaio zen. Urte horietan zenbait hiritan (Bilbon, Bartzelonan, Donostian) hitzaldiak ematen, egunkarietan idazten eta bidaiak egiten jarraitu zuen: Alemanian, Herbeheretan eta Danimarkan.
Errepublika iritsi zenean, 1931n, Baroja managaitzak ez zuen berotasun handirik sentitu, bestela ere inolako antolakunde politikorengatik inoiz sentituko ez zuen bezala. Ostera, anarkismorako zaletasun erromantiko bat adierazi izan zuen Barojak, testu batzuetan ageri dena. Inork ez ditu adierazi, noski, Barojaren sentimenduak, idazleak berak honako hitz hauetan bezain ongi. "Beti izan naiz liberal erradikala, indibidualista eta anarkista. Lehenbizi, Elizaren etsai; gero, Estatuaren etsai; bi botere handi horiek borrokan ari diren artean, Elizaren kontra Estatuaren aldeko; Estatua nagusi izaten denean, Estatuaren etsai".

1936ko uztailean, gerra zibilaren hasierak Berako Itzea etxean harrapatu zuen. "Tradizioaren etsai" izateagatik atxilotu eta kartzelan sartu zuten. Askatu zutenean Frantziara alde egitea erabaki zuen, gertaeren itxura ikusirik. Egia esan, Barojak oso garbi adierazi zuen bere iritzia gai horretaz. "Etika-egarri bizia dut; berezkoa, nik uste... Egarri horrek, izaera istilutsuarekin batera, iraganaren etsai fanatiko bihurtu nau, pertsona antihistoriko, antierretoriko eta antitradizionalista, beraz (...). Parisen pasa zuen Barojak gerra denborarik gehiena, unibertsitate hiriko Espainiako Ikastetxean. Aldi horretan artikulu asko idatzi zituen Buenos Airesko "La Nación" egunkarirako.
 


Ernest Hemingway eta Pio Baroja, azken hau hil baino egun batzuk lehenago.

 

Literatur historiak "98ko belaunaldiko" idazle eta intelektualen barnean sartu du Baroja, bere lagun Azorinekin eta beste bi euskal herritar ospetsu eta unibertsalekin, Ramiro de Maeztu eta Unamunorekin, batera. Hala ere, deusen gainetik bere independentziaren eta iritzi askatasunaren maitale izaki, ez zegoen eroso belaunaldiko taldean sartuta.

Madrilen, 1956ko urriaren 30ean hil zen. Hango hilerri zibilean dago lurperatua.

Datu gehiago bildu nahi izatera, hona jo.

 

Pio Barojaren 'Zalacaín el aventurero' eta 'El árbol de la ciencia' euskaraz


Gaztelaniaz idazten zuen euskal idazlerik bikainenetakoa izan zen Pio Baroja (1872-1956). Horregatik, Barojaren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzen den urte honetan Literatura Unibertsala sailaren barruan, egilearen bi liburu: Zalacaín el aventurero (Zalakain abenturazalea) eta El árbol de la ciencia (Jakintzaren arbola) EIZIEk euskaratuta argitaratu dira.

detalle2

Docuteca

C1
24-10-2006

x61pRelaContWAR

16261140

x61pViewCountWAR

4064

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR