Dokuteka
Plazerak
Gure denda parean jatetxe bat ireki dute. Jatetxe modernoa da, bai itxuraz eta baita edukiz ere. Gastronomikoki, berriz, fusioa lantzen duena. Berritzailea. Etengabeko iraultza dastagarria bilatzen duena.
Jangela txuria eta minimalista, platerak ere halakoxeak omen, minimalistak. Plater erraldoiak oso-oso gauza gutxirekin. Letxuga orri laurden bat, modena ozpinarekin eginiko saltsa zipriztina, foie pusketa errea, kakahuete pare bat eta cherry tomate nanoa. Mokadu bakarrean jateko moduko errezeta, baina poltsikoak hustu arteko prezioan. Horixe baitu modernitateak, edo gaur egungo luxuak, ez dagoela edonoren eskura.
Luxua beti izan da garesti, baina, gaur egun, gastronomiari dagokionean behintzat, gutxi jatean dago gakoa. Testura eta berriak dastatzean, jakien konposizioan, usainen iraultzan eta, batez ere, ezezaguna zaigun ororen bilaketan. Zer ez ezagutu, horixe probatu nahi. Zer den arraroa, horixe da gustagarria. Zein den asmatu berri den azken platera, horixe ahora eramatea plazera. Airez puzturiko kukuluak ekialdeko ukitu gazi-gozotan bilduak eta arezko erlojuaren erritmora egosiak. Horratx neuk asmatu dudan plater baten izena, baina, gaur egun, hainbat jatetxetan aurki daitezkeen dozenakaren oso antzekoa.
Plazera exotismoarekin lotzen da garaiotan. Eta honen kontra dator Antonio López margolariari entzundako zerbait. Berak dioenez, "gauza sinpleenetan plazera aurkitzeko gaitasuna garatu dut". Zer esan nahi duen? Zoriontsu dela baratzean jasotako tomate gorria tipulaz estali eta oliba oliotan bustita jaten. Plazera ematen diola pomelo zukuak. Patatak egosi eta piper gorriez lagunduta ikustea mahai gainean dela zorionaren ateetan egotea. Bizitza ulertzeko eta gozatzeko bi modu diferente, ezta?
Maiz esaten da zoriontsu dela bizitzeko gauza gutxi behar duena. Egia. Kontua da, askotan, zeinen gutxi behar dugun jakiteko, aurretik, ahalik eta gauza gehien probatzea beharrezkotzat jotzen dugula.
