detalle dokuteka-generico-fitxa

Ezin lasai korrika egin

Txistu-hots bat eta istant txiki-txiki batean bizitzako gai handiak korapilatu dira. Nondik tira egin askatzeko? Beste gatazka askotan bezala gerta ez dadin, askatzeko tira eta korapiloa estuagotzea. Nola askatzen da korapilo hori? Ez da askatzen, eten egiten da. Eurak barrez geratu dira, nik aurrera jarraitu dut amorru bizian. Eta badakit korrika txikian hurrena berriz, beste nonbait berriz, hortxe gertatuko naizela, mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan.

Euskadi Irratiko entzungai honetan, Maialen Lujanbiok kontatzen du zer sentitu zuen lasterka egitera atera eta, parean pasatzean, langile pare batek txistu egin ziotenean.

 

 

 

 

 

Maialenen gogoetaren bukaeran, Joseba Sarrionandiaren poesia bateko hitzak erabiltzen ditu, Ruper Ordorikak "Ene begiek" kantan abesten duena.  

Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik,
denik eta bizitza bakarra bizi dutelako. Entzun,
astiro doa denbora, idi gorrien gurdi hori.
Begira erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen.
zenbat gauza utzi dudan estarta bazterretan
edo laku urdinen hondoan, bizitza bakarrean,
eta zenbat aldiz galdu naizen behe-lainotan
basoilar izateko ametsetan dabiltzan kurloiekin.
Ene desirak jada ez dira habia abandonatuak besterik
ene bihotzean, eguzkia gurpil ahul bat da.
Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsatu,
bizitza hau bakarra delako, gal ez dadin, ibili ez
eta sentitu ere ez, harriak legez izan nahi dut,
mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekua,
lekua besterik ez izan, urrin deritzan aberrian.

 

Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Nahiago nuke topikoa balitz, nahiago nuke topikoa ez balitz, nahiago nuke topikoa ez balitz erreala. Baina bada. Korrika-saiotxo bat egitera irten naiz, nire kirol-oinetako eta elastiko. Korrika txikian noala, pasatu naiz eraikuntza-lanetan ari direneko bidexka ondo batetik. Etxe baten hezurdura eta langile batzuk hor goian. Eta pasaeran, aldi honetan ere, ez dut salbuespenaren zorterik izan. Inork ez du zerbait esan behar eutsi ezinezko hori sentitzen, adibidez, gizonak pasatzen direnean bizikletan. Ziklista profesionalak bezala jantzita eta ume handiak ematen dutela. Inork ez die esaten: “Benga, benga, azkarrago, azkarrago”. Baina nire gisakoei bai, edo guri bai, baita nire gisakoei ere, nire itxura, adin eta neurriokin. Atera kontu beste zenbaiti zer esango dieten… esatera nindoan, baina ez. Ez da hori, ez baita edertasun-kontua; botere-markatze eta hierarkia-kontua baizik.

Zuri dagokizun koreografia diskretutik ateratzen bazara, alegia, oinez ibiltzetik, eta gainera funtsaren funtsean zuri ez dagokizun zerbait egiten ari bazara, alegia, korrika, edo bizikletan edo patinetan, eta ondorioz –eta laburbilduz–, nabarmentzen ari bazara, orduan beti-beti-beti entzun beharko duzu ez aditzekoren bat.

Ba orain berriro, esaten ari nintzen bezala, pasatu naiz korrika txikian eraikuntza-lanen aldamen batetik, eta salbuespenaren zorte mirakuluzkorik izan ez dudanez, txistu-hari bat heldu zait goiko aldetik: fiu, uuii! Nazka ematen dit, nazka ematen dit eta amorrua. Eta nazka eta amorrua esan egin nahi dut; akaso, egundo sentitu ez dutenek irudika dezaten zer den lasai-lasai korrika-buelta bat egitera atera eta batere premiarik gabe barrua amorruak janda ibili beharra. Mespretxatua sentitu naiz, intsultatua, erasotua. Eta amorru-minez eta erasoaren aurrean kontraerasoaren pultsioz, nire baitan heldulekuren baten bila hasi naiz. Gizon horiek euren hizkuntzan, euren logikan uler dezaten neu ere euren gainetik jar naitekeela. Eta txistu eginez intsultatu nauenari zeharka begiratu diot, eta langile hori –begira dudana eta herritarra dudana, gainera– mespretxatu dut nire barruan, nire harrokeria guztiz, ni korrika libre nabilen goiz honetan bera obran izorratuta ari delako. Eta haren kidea –magrebtar itxurakoa, nahi balu nahi duena egingo lidakeela adierazten didana begiradarekin– hura ere zanpatu dut nire baitan. Nire balizko ahuldade, baina ahuldade, hala ere, zuritik. Eta orduan heurekiko amorruaz gain, neure buruarekiko haserrea eta tristura sentitu dut. Eta egoeraren desesperantza.

Une bat izan da, txistu-hots bat eta hiru begirada-hari; istant txiki-txiki batean bizitzako gai handiak korapilatu dira. Nondik tira egin askatzeko? Beste gatazka askotan bezala gerta ez dadin, askatzeko tira eta korapiloa estuagotzea. Nola askatzen da korapilo hori? Ez da askatzen, eten egiten da. Eurak barrez geratu dira, nik aurrera jarraitu dut amorru bizian. Eta badakit korrika txikian hurrena berriz, beste nonbait berriz, hortxe gertatuko naizela, mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan.

detalle2

Docuteca

C1
26-11-2015

x61pRelaContWAR

  • Maialen Lujanbio
16238110
00:04:30

x61pViewCountWAR

5734

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR