Ba al da inor beste aldean?

Emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko hausnarketa egiten du hemen Maialen Lujanbiok. Bere esanetan, genero-biolentziaren balantzan pisu guztia alde batean dago: emakumeena da bai pairamena eta bai erantzukizuna.

Balantzaren beste aldea ez da, oro har, aluditua sentitzen; ez daki, ez du erantzuten eta, nonbait, ez du erantzukizunik.


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Elizondon bortxatu egin du gizon gazte batek; Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Baztango udalak gogor salatu dute gertatutakoa. Noski. Horren ondoren, bortxaketa izan dela Elizondon, emakumezko tertuliakideari galdetu diote lehenbizi debatean horri buruz; berak gehiago baleki bezala, bera autorizatuago balego bezala, adituago eta aludituago. Emakume bat hil dutela Erandion, Emakundek baieztatu du hilketa matxista izan dela. Emakundek baieztatu behar du hori? Uda honetan gizonen eraso sexual asko, gehiegi izan direla emakumezko bertsolariari jarri diote gaia.

Eraildako emakumeari berari galdetuko litzaioke ahal balitz, zer pentsatzen duen bortxaz, gogorra dela, ezta, eraila izatea. Berari galdetuko litzaioke ahal balitz, bera balitz bezala kontu honetan protagonista; bera balitz bezala ekintzaren hartzailea eta egilea aldi berean eta, inkluso, eragilea esango luke juezen batek.

Genero-biolentziaren balantzan pisu guztia, galdera guztiak, problema guztia alde batean dago: emakumeena da bai pairamena eta bai erantzukizuna. Balantzaren beste aldea ez dago; oro har, ez da aluditua sentitzen. Ez da erasotzailearekin identifikatzen –ez du nahi–, nahiz euretakoa den, eta ez da emakumearekin identifikatzen, nahiz euretakoa den. Genero-biolentziaren balantzan beste aldeak ez daki, ez du erantzuten. Eta, antza, ez du erantzukizunik.

Jo duten emakumeari berari jartzen dio bizkartzaina gobernuak; kalera festara doan alabari, berari jartzen diote araua gurasoek, zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko. Denbora-laurdenik ematen da zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko esaten semeari? Denborarik ematen da lantzen zer harreman duten semeek –gizonek, oro har– sexuarekin, hura baita benetako protagonista. Begiratua jiratuta beste aldean hor dago esaldi hauen guztien subjektua: gizonezkoak. Eta gizonezko horiek gure etxekoak dira, gure herrikoak, gure festetakoak; ez dira besteak.

Ez nuke inor, eta are gutxiago denak, seinalatu eta kulpabilizatu. Berez nahiago nuke beste alde, kulpa eta beldur-terminoetan ez hitz egin, baina ez dakit beti ahal den. “Beldurra aldez aldatuko dugu”, aldarrikatu zuen mugimendu feministak, eta mezuak baino gehiago ondoko ekintzak hautsak eta ahotsak harrotu ditu. Ez diot orain eztabaida horri hauspo emango. Beldurra aldez aldatu behar den ez dakit, baina ardura aldez aldatu behar dela ez daukat zalantzarik.

C2
22-10-2015
16138274
00:04:04
6464