Dokuteka
Freud, inkontzientea argiztatu zuen gizona
Sigmund Freud austriar mediku neurologoa 1856ko maiatzaren 6an jaio zen Moravian eta Londresen hil zen, 1939ko irailaren 23an. Sigmund Freud izena entzutean, dibana, psikoanalisia, ametsen interpretazioa, inkontzientea, Edipo, lapsusa, sexua... bezalako hitzak etorriko zaizkizu burura.
Eta ez zabiltza urruti, horiek denak izan baitira bere lana ezagutzera eman zuten ideiarik garrantzitsuenak.
Pertsonen buruko nahasketak aztertzeko asmoz, hipnosia hasi zen erabiltzen bere tratamenduetan, horren bitartez lortzen baitzuen pazienteak egoera normalean gogoratzen ez zituen bere aspaldiko oroitzapen mingarriez hitz egitea. Oroitzapen mingarri edo desira lotsagarriak erreprimitu edo inkontzientean gorde zitezkeela pentsatzen zuen, eta horiek, pertsonaren jokabidean eragina omen zuten. Baina, nola ekarri pazientearen bizipen ezkutu horiek egoera kontzientera konponbidea emateko?
Kezka horrek hipnosia alde batera uztera bultzatu zuen eta psikoanalisia deitu zitzaion metodoa erabiltzen hasi zen: pazienteari askatasun osoz edozein gairi buruz mintzatzen uzten zion, elkarrizketa pixka bat bakarrik gidatuz. Horrela, pazienteak normalean ezkutuan zeuzkan gaiak azaleratu egiten zituen, eta hipnosian ez bezala, pazienteak berak bazekien beti zer esan zuen, une oro kontziente zelako.
Inkontzienteko gaiak argitara ekarri ondoren, teorikoki, pazientearen egoera eta jokabideek beren arrazoia izango zuten. Freuden ustez, ametsak oso esanguratsuak ziren, inkontzienteko ideiak azaleratzen zituztela iruditzen zitzaiolako, eta Ametsen Interpretazioa (1900) liburua argitaratu zuen ametsek duten sinbologia eta esanahiari buruzkoak azaltzeko.
Iraultzaile askok bezala, Freudek ere eztabaida ugari sorrarazi zuen bere garaian. Aipagarriena dugu, denen artean, sexuari eman zion interpretazioa. Freuden ustez, kontzientearen logika koherentea ez dagoen lekuan (ametsetan, sintoman, lapsusean...) giza sexualitatea presente dago; hots, presente dago desioa, eta desioak, edipo egoera azaltzen duela dio. Freuden ustetan, haurtzaroko sexualitateak eragina izan zezakeen gero sexualitatean, helduarengan ezohiko erantzunak sorraraziz.
Ainhoa Alberdi: "Ez ditugu ametsak gogoratzen ez ditugulako lantzen, adi ez gaudelako"
Zarauztarra da Ainhoa Alberdi. Psikologia ikasi eta psikoterapian formazio zabala jaso du. Batez ere Bioenergetika eta Gestalt terapiak landu baditu ere, antzerkian egiten du lan gaur egun, aktore eta antzerki-terapeuta gisa.
HABE.- Zein da, zure ustez, Freudek egin duen ekarpenik azpimarragarriena?
AINHOA ALBERDI.- Dudarik gabe, inkontzientea, eta inkontzientearen barruan, ametsak. Inkontzientea, adimenaren eta arrazonamenduarekin zerikusirik ez daukan garunaren dimentsio bat da. Testuinguru horretan, ametsek leku garrantzitsua hartzen dute. Ez daukagu ametsei ez kasu egiteko, ezta lantzeko ohiturarik ere. Baina, hor izugarrizko lanketa egin daiteke. Nola? Errazena, adibidez, izan dugun ametsa idatzi eta ondoren aztertzea litzateke. Horrek lagunduko liguke gure errealitatearen egunerokoak diren hainbat gauza ikusten eta ulertarazten.
H.- Jende askok esaten du ez dituela ametsak gogoratzen, zergatik?
A. A.- Ez ditugu gogoratzen ez ditugulako lantzen, adi ez gaudelako, ez gaude horretarako esna. Gizartean dagoen joera orokorra bizitzari anestesia ematea da; alkoholak, tabakoak, telebistak, drogak, estimulatzaileak... horiek denek galarazten digute ametsak gogoratzeko dugun gaitasun naturala. Uste dut ez garela kontzienteki esna bizi, eta bizitzeko beharrezkoa da adi, esna, egotea.
H.- Ametsek zertan laguntzen digute?
A. A.- Ametsetan ateratzen dira gure arrazoiak intelektualki onartu ezin dituen gauzak. Hor daude, baina ez ditugu ikusi nahi, eta ez ditugu ikusiko gure sentiberatasuna eta ahuleziak babesteko mekanismo psikologikoak eraiki ditugulako, bizitzen jarraitzeko oso beharrezkoak zaizkigunak. Umetatik hasten gara defentsa horiek aktibatzen, eta gogorrak izan diren bizipen asko gordeta geratzen dira gure inkontzientean, gure izakeran berebiziko eragina izango dutenak. Ametsek, bizipen horiek ateratzen laguntzen digute, eta metafora bidez, gure bizitza ulertzeko tresna eskaintzen digute.
H.- Psikoanalisiari mugarik ikusten al diozu?
A. A.- Terapia horretan, diban baten gainean etzanda, gaixoak hitz egin eta psikoanalistak esaten duzun horri arreta handia jartzen dio: ametsei, egin dituzun hitz-lapsusei... Hori dena ondo dago, inkontzientearekin lotura egitera eramaten zaituelako. Baina, nik uste dut terapia bezala intelektualegia dela, hizkuntza adimenaren fruitua delako, batzuetan erraz manipula daitekeena, gainera. Nire ustez, hitzen lengoaiatik haratago, pertsona bere osotasunean hartzean datza gakoa: gorputza, arima, burua, emozioak, adimena... gure kontzientzia zentzu guztietan zabaltzen uzten diguten terapiek balio handiagoa dute.
H.- Oso zabala da psikoterapiaren mundua. Baina zuk, zein metodo aipatuko zenuke bereziki interesgarria iruditu zaizulako?
A. A.- Asko iruditzen zaizkit interesgarriak. Baina, ez nuke "familia-konstelazioaren terapia-metodoa" aipatu gabe utzi nahi. Bert Hellinger psikoterapeuta alemaniarrak sortua da, eta gaur egun indar dezente hartu du. Bere teoriaren arabera, gure inkontzientean gehien markatzen duen edukiak zerikusia du gure familian blokeatuta geratu diren energiekin. Berak esaten duenez, belaunaldi batean (gure birramonaren garaian, adibidez) familian izandako gatazkaren bat konpondu gabe geratu bada, normalean emozionalki oso gogorra izan delako (suizidioa, gerran hildakoak...) hurrengo belaunaldietara igarotzen da, familiako kideren batengan desoreka sorraraziz. Terapia honek, arazoaren sorrera identifikatu eta sistemaren ordena berreskuratzen laguntzen du.
