Dokuteka
Xabier Amuriza: "Orain gehiago naiz idazle bertsolari baino"
Plazarik plaza bertsotan, bertsogintzari buruzko liburuak idazten, komunikabideetan kolaboratzaile, kantarientzako letrak egiten edo kantuan laguntzen ere bai. Hainbat arlo jorratu ditu Xabier Amurizak orain 67 urte Etxanon (Zornotzan) jaio zenetik, aspaldian Berrizen bizi bada ere. Esperientzia asko pilatu dituen gizona da. Abade izan zen lehenengo, kartzelan egin zituen hainbat urte, abadetza laga eta gerora bertsogintzaren aro modernoaren mugarria ipini zuen, Euskal Herriko Txapelketa birritan irabazita. Baina orain idazten dihardu buru-belarri, idazle da bertsolari baino gehiago. "Joan ziren" izeneko zikloko bigarren liburua kaleratu du "Orain ezin naiz hil" izenburupean, baina inprimatu eta liburu formatua eman beharrean, interneten eskegi du http://www.amurizablogxabier.com/ helbidean.
Bertsolaria izateagatik zara ezaguna, abadea izateagatik ere bai. Horrek asko markatu zaitu?
Beti gogoratzen didate, jendeari gustatu egiten zaio hori. Sarritan errekurtso erraztxoa izaten da beste bertsolarientzat. Esan daiteke sekula ez dela aktualitatetik pasatzen gai hori, neu ahaztu arren, besteak ez dira ahazten!
60ko hamarkadan sotana eta guzti kantatzen ibili zinen.
Jendearentzat oso txokantea zen. Sarritan esaten dut neskak bertsotan hastea txoke handia izan dela, baina abadea sotanarekin kantatzen ikustea besteko txokea ez da izango. Pentsa ezazu, jendeak meza ematen ikusi eta meza-ostean plazan bertsotan, eta pentsatzen zuten "Joño! Hau ez duk oraintxe meza ematen egon dena?" Lantzean behin zarraparra batzuk ere esaten genituen eta batzuk txartzat hartzen zuten, eta beste batzuk ontzat. Normalean esan ezin ziren gauzak esaten genituen eta horrek inpresio handia egiten zuen.
Jarrera hori arazo-sortzaile ere izango zen.
Izurtzako mendi baten zegoen ermitatik sasitzan behera arineketan alde behar izan genuen sotana eta guzti, Guardia Zibilak atzetik genituela. Gauza handirik ezin zen esan, euskararen alde eta abar, eta kantatzen hasi eta hango alkate batek moztu zigun saioa, "hori entzutera ez gara gu hona etorri!". Uste dut Abel Enbeitarekin nengoela, eta hasi zen alkate hori: "Geratu hori! Geratu hori!". Azkenean hanka egin behar.
Miren alaba bertsolaria da, pozik egongo zara.
Baaai! Lortu du maila bat, oso paper ona egin du Bizkaiko Txapelketan. Euskal Herriko eskolarteko finala irabazi zuen eta gainera zentratuta ikusten dut. Adin horretan, 17-18 urterekin, eta batez ere neskek, buelta asko ematen dituzte. Interesak aldatzen zaizkie, baina gure alaba nahiko zentratuta dabil. Gasteizen hasi da ikasten eta han elkartu dira bere antzeko batzuk, Maialen Arzallus-eta. Badoa. Noraino? Hori bakoitzarengan dago. Nik uste dut jarraituko duela eta gainera gure alabak presentzia dauka, jendea irabazteko balio du, ez da kikiltzen eta hori gauza ona da. Transmititu egiten du, nahiko segurua da, eta orduan... ba pozik!
Bertsotan gai jartzailerik gabe gurago duzula esan izan duzu. Librean hobeto?
Ni neu bai behintzat. Lau-sei bertsolariko jaialdiak egiten dira, gai jartzailearekin... sarritan niri montaje hori ez zait gustatzen. Azken baten mugatuegia da, denbora gehiago egiten duzu jarrita kantatzen baino. Formatu hori ere behar da, baina ni neu azken urteotan askoz ere gusturago nabil libreetan, bertso-afari, bertso-bazkari eta plazetan.
Plaza gutxiago egin gura duzula ere esana zara.
Urte bi badira jubilatu naizela eta ederto bizi naiz, bertsolaritzan egin beharrekoak eginda ditut eta idazten nago zentratuta. Bizitza erdia edo gehiago bertsotan joan zait eta horrek tiratu egiten nauenez, gustura nabilen artean jarraituko dut. Jubilatu eta geroko aurreikuspenetan huts egin dut, zelanbait esateko, eta nire erretiroa ez da sendoa autonomoa izan naizelako eta ez dudalako hainbeste ordaindu. Kanten letretatik eta bertsolaritzatik hornitu behar dut ondo erretiroa. Nik pentsatzen nuen bertsolaritza utzita idaztetik aterako nuela zer edo zer, baina idaztetik zor egin dut.
Orain idazten diharduzu batez ere, baina bertsolaritzari buruz galdetzen dizugu beti.
Normala da, nire bizitza da. Niregana datorrena pertsonaiaren bila dator eta ni idazle moduan ez naute identifikatzen. Bertsolaritzaz gainera beste gauza asko egin ditut, baina denek identifikatu naute horrekin. Ez da txarra, nik bertsolaritzatik atera dut bizimodua eta ohore handia da. Baina orain gehiago naiz idazle bertsolari baino.
"Dinosauroak horizontean" liburu formatuan kaleratu zen, "Orain ezin naiz hil" interneten eskegi duzu. Zergatik?
Nahiko esperientzia apalgarriak eduki ditut eta azkenean liburua inprimatu eta zabaltzearren erdia eroaten dute. Hala izan beharko du, ni ez naiz sartuko txarto edo ondo dagoen esatera, baina lehen portzentaje handiagoak izaten ziran, orain txikiak dira. "Dinosauroak horizontean" liburuarekin autoedizioa egitea erabaki nuen, gutxienez parra egingo nuelakoan, baina ez dut egin. Bigarrenean ez noa beste zulo bat egitera.
Zelan doa esperientzia berria?
Internetekin irakurlearengana zuzenean heldu zaitezke, ezelako bitartekorik gabe. http://www.amurizablogxabier.com/ da helbidea eta 2.000 bisitara ailegatu da, baten batzuk badabiltza. Hortik zenbat etekin aterako dudan? Ba beharbada ezerez, baina zorrik ere ez dut egingo.
Doan eskaintzen duzu zeure lana, "eman da zabal zazu", irakurle bakoitzari borondatea eskatzen diozu.
Ahalik eta irakurle gehiagorengana ailegatu nahi dut, irakurleak eduki dezala bere erreakzio espontaneoa eta direktoa. Internet medio ona da horretarako. Zenbat eta gehiago zabaldu ni pozago nengoke.
Zer aurkituko du irakurleak?
Esan didate irakurtzeko gogorra dela, baina nik ez dut idazten jendea entretenitzeko. Idazkera konplikatu egin dut apur bat, hizkuntza baten potentzialitatea ateratzen nabil, horri bolumena eta indarra eman guran. Liburuan bada pasarte luze bat, ia guztia elkarrizketa hutsean garatzen dena. Aspalditik niharduen nola saihestu elkarrizketa hainbeste astuntzen duten makuluak (esan zuen, galdetu zuen, erantzun zion...), elementuok elkarrizketan diluitu gura nituen, bide batez elkarrizketaren izaera eta kolore ezberdin bat garatuz.
Zer dela eta zazpi tomoko zikloa?
Marcel Proust idazle handienetakoa izan da, "Denbora galduaren bila" izeneko zikloa egin zuen, zazpi tomotan banatuta. "Joño! Berdindu egin behar diat!", pentsatu nuen, kalitatean ez da izango, baina tamainan behintzat bai! Gutxi gorabehera eginda daukat plangintza, joango zaizkit urte batzuk lan horretan. "Joan ziren" da zikloaren izena eta bertako protagonista bakarrik gelditzen da munduan, bakar-bakarrik. Egoera horretan bere burua baino ez dauka eta bakardade horretan bere gomutekin dabil. "Dinosauroak horizontean" eta "Orain ezin naiz hil" liburuetan umezaroa eta gaztaroa darabiltza, hori da marko orokorra. Hirugarren liburua 70eko hamarkadari buruzkoa izango da, Lekeition zentratuta eta seguruenik laugarrena ere bai.
Baina ez da autobiografikoa.
Geografia eta abiapuntu batzuk errealak dira, oinarri erreal baten gaineko fikzio handia izan gura du. Horren gainean neure haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko errepresentazio legez birbizitzeko aukera daukat. Baina ez da autobiografikoa. Garrantzitsua ez da esaten dena erreala den ala ez, barruko istorio hori baino.
Munduan bakarrik geratzearen egoera hori deigarria da.
Azkenean munduan bakarrik bizi gara. Indibidualitatea da subjektua markatzen duena. Esango dute sozialak garela, egia da, baina batez ere norbere buruarekin gabiltza. Eta pentsatzerakoan bakarrik gabiltza, norberaren neutasunaren kontzeptua bakarrik lortzen duzulako. Pertsona bakarrik bizi da askotan munduan.
