Dokuteka
Twitter: komunitate bizi eta indartsua
Sare sozialen artean ia gehien erabiltzen den tresna da Twitter eta askorentzat eguneroko tresna bihurtu da, era guztietako informazioa partekatzeko oso erabilgarria.
Twitter, erabiltzaileen artean, komunitate bizi eta indartsu bihurtu da, edukiak sortzeko, konpartitzeko eta zabaltzeko indar ikaragarria duena. Euskadi Irratiko “Zubiak” saioan txio eta txio ibiltzen diren hiru txiolari izan dira: Ion Orzaiz, Iruñe Astiz eta Amaia Cambra.
Txiolari aktibo hauek beraientzat twitter zer den eta zertarako erabiltzen duten kontatuko digute. Irratsaio osoa hemen entzun dezakezu.
KAZETARIA. Iruñeko Leiho tabernan gaude, hiru txiolarirekin, txio herria aztertzeko, twitter aztertzeko. Jack Dorseyk sortu zuen twitter, 2006an eta horrez geroztik gora egin du haren arrakastak. 500 milioi erabiltzaile daude sare sozialean. Egunero 5 milioi txio egiten dira eta 800 mila bilaketa dauzka. Twitter haientzat zer den azal diezaguten eskatu diegu txiolariei.
IRUÑE.- Ni Iruñe Astiz Larunbe naiz, “arkakuso” twiterren, eta bueno, twiter niretzat tresna bat da bereziki ba munduan zehar momentuan zer gertatzen ari den ezagutzeko edo jakiteko tresna bat.
JON ORZAIZ. Jon Orzaiz twitterren, eta beno, niretzat twitter gauza asko da: laneko tresna bat da, informatua egoteko tresna bat, baina gero baita ere, bueno ba denbora galtzeko “droga” bat ere izan liteke.
AMAIA KAMBRA.- Ni Amaia Kambra naiz, “zuri5niri6” twitterren, eta bueno, niretzako twitter informazio-jario potolo-potoloa da, egunero gertatzen dena pixka bat ba jarraitzeko.
KAZETARIA. Orain galdera “indiskreto” bat. Egunean zenbat aldiz begiratzen duzue twitter?
IDOIA OSTIZ. Ez nuke jakingo zenbatzen.
JON ORZAIZ. Ez dakit. Ez dakit. Uf, komunera joan baino gehiago(tan). Hori seguru baietz. Ez dakit.
AMAIA KAMBRA.- Bai ba ez dakit, 5 aldiz baietz, fijo. Otorduak bezala, fijo.
JON ORZAIZ. Hori da. Bai. JA, ja, ja…
MUSIKA
KAZETARIA.- Twitterra euskaratzeko kanpaina arrakastatsua izan zen bi mila eta hamabian. Egun euskaratuta dago, eta horrez gain, asko dira euskaraz aritzen diren erabiltzaileak. Baina, txiolariek zer nolako osasunarekin ikusten dute twitterreko euskal komunitatea?
JON ORZAIZ.- Nik uste dut komunitate bizi bat dela. Ze, egunero txio asko izaten dira. Tamalez ba, beno, egoera diglosiko batean gaude eta seguru aski zuek ere nabarituko zenuten: txio bat gaztelaniaz egiten baldin baduzu eta gainera, beste norbaitek bertsiotzen baldin badu zabalpen askoz handiagoa izaten du, bertsio askoz gehiago. Niri behintzat gertatu izan zait ez? Erdaraz zerbait txiokatzea eta askoz jende gehiagok bertsiotzea euskaraz egiten ditudanak baino.
AMAIA KAMBRA.- Hor, ba edonon bezala, hizkuntzen lehian ba, bakoitzak bere lekua hartzen duela eta gurea igual beste batzuena baino txikiago dela, baina hala ere esango nuke bai bizi izan dugula gorakada bat, osea, euskararen gorakada bat twitterren.
KAZETARIA.- Iruñea Astiz, Jon Orzaiz, eta Amaia Kambra. Hiru txiolari batu ditugu Leiho tabernan, txioz txio twitterren analisia egiteko. Emaitza: indartsu dagoela euskal komunitatea, geroz eta biziago.
