detalle dokuteka-generico-fitxa

Chillida-leku

Chillida-Leku, Eduardo Chillidak, Donostian jaiotako eskultore ospetsuak, atari zabalean sortutako museo ikusgarria da.

Chillida-Leku, natura eta eskultura bat eginik
 

Chillida-Leku, Eduardo Chillidak, Donostian jaiotako eskultore ospetsuak, atari zabalean sortutako museo ikusgarria da. 2000ko irailean zabaldutako museo eder hau, Donostiatik hamar kilometrotara dagoen Zabalaga baserri zaharraren lurretan dago kokaturik.

 

Bertan, 12 hektareako lur-eremu zabalean, Eduardo Chillidak neurri handiko 40 eskultura ipini ditu kalean. Guztiak dira ezberdinak: burdinezkoak, altzairuzkoak eta harrizkoak daude. Kokalekua ere ezberdina da, batzuk zelai erdian ageri direlako, belarretan irmo eta sendo, ingurua garbi-garbi dutela. Beste batzuk, berriz, arbola artean kokatu ditu, hosto berdez inguraturik, ibiltariarekin jolasean arituko bailiran.

 

Baserria, berriz, barrutik hustu egin du oso osorik, ondoren, guztia berrituz. Antzinako egurrezko egitura errespetatuz, argiari lehentasuna eman dio eta horretarako teilatuan zein hormetan leiho handiak zabaldu ditu. Honela, Zabalaga baserria bera ere, Chillidaren artelanaren zati bihurtu dela esan daiteke. Hutsune horretan, izen handidun artista honen formatu txikiko obra ageri da. Hormatan zintzilik, margoak, grabatuak eta paperarekin eginiko lan ugari dago; lurrean aldiz, marmolarekin, harriarekin edota burdinarekin eginiko artelanak. Guztira ia ehun obra daude; 50 urtetan zehar eginiko lanaren bilduma osatuz.

 

Paseatzeko aukera ederra
 

Eskulturen eta naturaren artean lortu den oreka da Chillida-Leku museoaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa. Oso modu dotorean, eskulturak bertan jaio, hazi eta bizi balira bezala ageri dira. Herdoil koloreko burdinezko beso luzeak, Donostiako Ondarretan dagoen 'Aizearen orrazia'ren ahaideak, zelai berdearen parte dira; harrian eginiko eskultura handiak, berriz, bertan sortutako harri-puskak ematen dute. Museoa parkea ere badenez, arbola artean bideska ugari daude, baina belar gainean ere beldurrik gabe ibili daiteke; zelaian paseatu, eseri, etzan... Hori bai, bertan jatea debekaturik dago, ezin da ez janaririk ez edaririk eraman; bertan dagoen isiltasuna eta sentitzen den patxada gorde beharreko altxorrak dira. Izan ere, parkea dirudien arren, Chillida-Leku museoa da.


Ordutegia
 

Udan: Astegunetan: 11.00etatik 18.00etara (ordutegia zabaltzeko asmotan dabiltza, beraz, joateko asmorik izanez gero, aldez aurretik deitu eta galdetu). Igandetan: 11.00etatik 16.00etara. (Apirilaren 1etik urriaren 15era).
Neguan: 11.00etatik 16.00etara (urriaren 16tik martxoaren 31ra bitartean)

Museoa itxita egoten da asteartetan, baita abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ere.

 
 

 

Bisitaldi Gidatuak
 

Taldean doazenentzat bisitaldi gidatuak ere badaude, hala nahi izanez gero. Hori bai, gutxienez astebete lehenago deitu behar da, 943-336006 telefonoan eskaera eginez. Ordu eta laurdeneko bisita gidatua eskaintzen dute. Gidari euskaldunak daude.

 

Nola iritsi
 

Chillida-Leku, Hernani eta Donostia artean dagoen paraje zoragarria da. Bertara iristeko biderik egokiena, Hernani-Lasarte markatzen duen norabidea hartzea da. Ondoren, Añorga auzora iritsi bezain pronto (Rezola zementu-enpresaren auzoa, alegia), Hernanira doan saihesbidea hartu behar da. Adi egon, Chillida-Leku kilometro eskasera dagoelako, Errekaldeko gasolindegia pasa eta berehala. Autobusentzako zein kotxeentzako aparkalekua egokitu dute. Beraz, nahiz eta igande eta jaiegunetan aparkatzeko arazoak egoten diren, astean zehar ez da inolako trabarik izaten.

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

B2
08-07-2001

x61pRelaContWAR

16159305

x61pViewCountWAR

2998

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR