Itzalak

Europako errefuxiatuen eta hemengo hondartza batean ikusitako gertaera baten arteko lotura egiten du Maialen Lujanbiok irratsaio honetan.

 

 

 

 

 

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Parisak Paris, errefuxiatuek ihesi jarraitzen dute. Eta “ihesik” “ihes” eta “hesi” biak ditu bere baitan. Orain Esloveniako irudiek berriz ekarri didate gogora udako pasartea. Euskal Herriko hondartza batean gertatua. Eguerdiko eguzki-galdan etorri da andrea bere parasolarekin, bere sombrillarekin. Aurkitu du lekua eta iltzatu du sombrilla harean. Sortu du bere itzal-habitat babestua. Arropak erantzi eta gauzak bere horretan utzita, joan da itsasertzera oinak freskatzera, paseatzera, denbora puska baterako. Denborarekin, baina, marea gora eta jendea gora bultzatzen, eta eguzkia behera eta itzalak urrutiratzen. Itzuli da andrea bere habitat txikia zenera, eta bere sombrillak aldamen batean gustuz baliatzen duen gazte bati egiten dio orain itzal. Eta hor urreratu zaio andrea gazteari. Mugitzeko hortik, hori bere itzala dela. Sombrilla-ardatzetik duena balitz bezala haren argi-itzalen eta muga guztien jabe. Lurra biraka dabil, dena mugitzen ari da, eta ardatzari heldu dakioke, baina itzalari ez. Ezin, ba, dena eta beti eduki.

Udako pasarte hori ekarri dit gogora, nola eguzkia justuagoa den askoz eguzkipekoak baino. Orain Eslovenian da, lehen Hungarian, Kroazian eta abarretan bezala. Hesolak iltzatu dituzte lurrean eta alanbrezko hesiak jarri, bidea ixteko ekialdetik datozenei. Eta ekialdetik eguzkiak irtetean, hesiaren itzalezko koadrikulak marrazten ditu uniformedunen aurpegietan. Istant batez irudi luke eurak direla beste aldera pasa nahi dutenak; istant batez iduri luke. Egun batean izan liteke.

C2
23-11-2015
  • Maialen Lujanbio
16138312
00:02:29
4639