Musukoa moda-osagarri

Moda gizartearen ispilu da. Gizartean sortzen diren joerek modan izaten dute isla, kasu honetan moda-osagarrietan: musukoei buruz ari gara. Musukoak moda-osagarri bilakatu dira, eta etorkizuneko bildumetan ere beren tokia izango dutela aurreikusi dute moda-diseinatzaileek.

Modaren munduan joerak sortzen dira jendarteak egiten duenaren arabera. Joera horiek identifikatu nahian moda-diseinatzaileak lanean aritzen dira urtebete lehenago, ikerketa-lana eginez eta datorrena aurreikusteko asmoz. Lan horri esker joera berriak beren produktuetara ahalik eta hobekien txertatzea lortzen dute.

Azterketa horiek, ordea, ez zuten iragarri Covid-19ak moda-joeretan izango zuen berehalako eragina, eta moda-diseinatzaileek beren planak birpentsatu behar izan dituzte. Jakak edota lepo luzeko alkandorak alde batera utzi eta moda-osagarri batek hartu du indarra: musukoak. Babes-ekipo soil izatetik moda-elementu garrantzitsu izatera pasatu da.

Goiuri Unanue moda-diseinatzailea oriotarra da. Argazkia: Ikasbil

Goiuri Unanue moda-diseinatzaileak ere bere negozio-eredua moldatu behar izan du, eta ezkongaien bilduma aurkeztetik musukoak ekoiztera igaro da. “Ezkongaien gure lehenengo bilduma aurkeztera gindoazen. Nire moda-estudioa bete-betean ari zen ezkongaien eta gonbidatuen soinekoak egiten. Hori alde batera utzi, eta azken hilabeteetan musukoak eta osagarriak diseinatzen aritu gara. Ikerketa-prozesu bat izan da eta, pixkana-pixkana, joan gara gure produktua hobetzen. Orain gure metodo propioa dugu musukoak egiteko, eta gure markaren izenpean saltzen ditugu: Soia”.

Musukoek moda-ibiltokietan aurkitu dute beren bidea, eta aurreikuspenek diote etorkizuneko bildumetan ere ikusiko direla.

Musuko pertsonalizatuak
Musuko higienikoak alde batera utzi eta oihalezkoak diseinatzen hasi dira moda-diseinatzaileak, merkatu berriak zabalduta. Kirol-talde kuttunarenak, musika-taldeenak, egitasmo ezberdinenak, enpresarenak, urdinak, zuriak, beltzak, horiak, berdeak, loredunak, bihotz-forma dutenak, gardenak…denetarikoak daude.

Goiuri Unanue konfinamenduan hasi zen musukoak diseinatzen. Argazkia: Goiuri Unanue, moldatua

Marketinaren ikuspegitik, leku pribilegiatuan kokatu dira eta marka zein entitate ezberdinentzat erakusleiho bikaina bilakatu dira. Aurpegia ikusten ez den garai honetan, musukoa bilakatu da pertsonen nortasunaren ikur. Norbere pertsonalitate eta estilora gehien hurbiltzen diren musukoen aldeko hautua egiten dute pertsona askok.

Euskal Herrian asko dira musukoak jostera ausartu diren moda-diseinatzaileak. Sare sozialetan barrena bira azkar bat egitea nahikoa da zerrenda luze bat osatzeko. Beren estilo eta ideia propioak ardatz hartuta musuko berrerabilgarriak ekoitzi dituzte, gustu eta kolore guztietako diseinuekin.

Goiuri Unanuek ere musukoak pertsonalizatzeko aukera zabaldu die bezeroei. “Musukoak gustuaren araberako estanpatuarekin pertsonalizatzen ditugu, izan ere, bada jendea musuko pertsonalizatuak eskatzen dituena. Kolore jakinaz haratago, eskari bitxiak jaso ditugu; esaterako, batek aho bat marraztea eskatu zidan, eta beste batek bere bizarra. Musukoak moda-osagarri bilakatu dira eta, guk, moda-diseinatzaileok, nabari dugu hori. Udan estanpatuetarako joera izan da nagusi, orain, neguko denboraldian, lisoak. Hasieran pertsona bakoitzak musuko bat edo bi erabiltzen zituen eta orain, ordea, jantziaren arabera aldatzen goaz”.

Goiuri Unanue moda diseinatzailea musukoak egiteko oihalak mozten. Argazkia: Beñat Gereka

Material bereziz egindako musukoak
Mota guztietako musukoak merkaturatzen ari dira. Ekoizpena kirurgiko eta oihalez egindakoetatik haratago doa. Pentsaezinak diren materialak ere hartu dute euren lekua musukoen artean: diamantez egindakoak, edota teknologia atxikita dutenak merkaturatu dira jada.

Israelen sortu dute diamantez egindako lehen musukoa. Milioi bat euro inguruko prezioa du eta ekoizpenean hogeita bost bitxigile aritu dira lanean. Berrehun eta berrogeita hamar gramo urre eta hiru mila seiehun eta zortzi diamante natural zuriz eta beltzez osatua dago. Ohiko musukoak baino hamar aldiz gehiagoko pisua du. Merkatuan dagoen musuko garestiena da.

Japoniara jauzi eginez, aldibereko itzulpena egiteko gai den musuko bat garatu dute. Musukoa bederatzi hizkuntza itzultzeko gai da: japoniera, txinera, ingelesa, frantsesa, koreera, indonesiera, gaztelania, thailandiera eta vietnamera. Musukoa telefonora konekta daiteke aplikazio baten bidez. Musukoak berak duen mikrofono eta bozgorailuak ahalbidetzen du beste pertsonaren ahotsa jaso ahal izatea. Musuko bakoitzaren prezioa hogeita hamabost eurokoa da. Itzulpengintza-zerbitzua kontratatzeko hilabeteko harpidetza egin behar da. Bidaietarako ezinbesteko tresna bilakatuko ote da etorkizunean?

Musukoak gure eguneroko jantzien osagarri bihurtu dira. Argazkia: Marek Studzinky (Pixabay)

Horiez gain, musuko gardenek ere beren lekua hartu dute merkatuan eta, hori horrela, beste pertsonen ezpainak irakurri ditzakete gor-mutuek. Musuko hauek, oro har, material berezi eta berrerabilgarriekin ekoizten dira. Zalantzan jarri dute, ordea, birusa geldiarazteko duten eraginkortasuna.

Musukoak pentsa zitekeena baino ibilbide luzeagoa egiten ari dira. Berrikuntza ardatz, musuko ikusgarriak ekoizten ari dira hainbat herrialdetan. Soineko, alkandora eta jaka ponpoxoak ordezkatuko ote dituzte aho babesgarri pertsonalizatuek moda-bildumetan? Moda-diseinatzaileen produktu berri bilakatuko ote da? Dirudienez, datozen bildumetan beren lekua izango dutela baiezta daiteke.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zein da Goiuri Unanue?

Goiuri Unanue, ni naiz; moda-diseinatzailea, oriotarra, euskalduna. Betidanik gustatu izandu (izan) zait moda mundu hau, azkenean nire amona ere bai jostuna izan da bizi guztian (betidanik) eta, ba hori, bere etxean ibiltzen ginen arropatxoak egiten muñekantzat (panpinentzat) eta abar.

Musukoak tendentzia izango zirela aurreikusi zenuen?

Musukoak, inork ez zuen uste egingo genituenik(an), baina, es que, nola etorri den pandemia hau inork espero ez zuen bezala  (baina pandemia hau etorri denez, espero gabe,), gu ere bai pixkat momentu guztietan, etxean ginen bitartean, ba ikusten a ver (ea) nola ahal genuen zuzendu gure negozioa aurrera jarraitu ahal izateko. Justu, tokatu (egokitu) zitzaigun, pandemia aurretik(an) gure lehenengo ezkongai kolekzioa (bilduma) egin genuen, bilduma; eta gelditu ginen bilduma aurkeztu ezinik pandemiagatikan (pandemiaren ondorioz). Orduan hasi ginen, bueno, ba soinekoak ezkontzakoak (ezkongaienak) eta gonbidatuenak egin ezingo ditugunez, ba, beste zerbait egin behar dugu. Eta nola ari ziren esaten, pandemian hasieran, ez zeudela musukoak mundu guztiarentzat eta a ver (ea) etxean ahalko ziren egin, orduan, gu tailerrera etorri ginen eta hasi ginen probak egiten a ver (ea) nola ahal zen (ziren) egin, inbestigatzen (ikertzen), galdezka. Eta, hori, hasieran lortu genuen TNT, material bat dela, eta lortu genuen horrekin egitea; jardun ginen saltzen eta herriko jende pila batek eskertu zuen (musukoak) egiten ibiltzea.

Nola ekoizten dituzue musukoak?

Hasieran ekoizten genituen TNT (TNT materialarekin), dela filtro bat, hasieran esan zutena zegoen aukeretatik onena zela. Hori, gero hiru kapa (geruza) jartzen genizkion, kanpotik tela polita esango duguna (genukeena), tartean filtroa (iragazkia) eta barrutik algodoia (kotoia), azkenean azalean ez egiteko kalte. Eta gero inbestigatzen (ikertzen) jarraitu genuen eta topatu ginen (topo egin genuen) filtro batekin, bueno tela bat, erabiltzen dutena kirofanoetarako testilak (arropak) egiteko eta ikusi zuten %94ko babesa egiten ziola birusari (%94ko babesa ematen zuela birusaren kontra). Orduan horrekin hasi ginen eta modeloa (eredua) mejoratzen (hobetzen) joan gara pixkat. Ergonomikoak dira, sudurraren forma dute eta, gero, hori, tela polita kanpotik, barrutik algodoia (kotoia), hasieran (hasierakoa) baino finagoa, hasierakoa agian garratzagoa zen eta azalean kalte egiten zuen, oraingoa finagoa da eta, gero, tarteko filtroaz aparte poltsiko bat dauka, baten batek nahi badu beste filtro bat jarri; baina berez, daukan  filtro honek 200 garbiketa onartzen ditu.

Zein dira eskatu dizkizueten musukorik arraroenak?

Azkenean  beste aukera bat eman duguna izan da pertsonalizatzea musukoak zure estanpatuarekin eta horrela. Batek bai eskatu zidan hasiera hasieran eta oraindik baliabideak ez nituen, baino aho bat nahi zuen marraztea. Eta hor jardun ginen, igual (agian) eskuz egingo dugu edo… bizarra ere bai beste batek eskatu zidan eta eskuz egingo dugu pintatuta edo… eta proba batzuk egin genituen.

Musukoak moda-osagarri bilakatu dira?

Azkenean orain konplemento (osagarri) bat bihurtu da eta, orduan, ba hori udaran igual (agian) gehiago erabili ditugu estanpatuak, orain lisoak (leunak) eta, bai, gaur igual  beltzez nator eta destakatu (nabarmendu) nahi badut beste kolore bateko musukoa jantziko nuke, baina gaur beltzez noa eta beltza damakit (daramat). Hasieran bakoitzak bat, bi zeuzkan (zituen), baina orain bai ikusten da, osagarri bihurtu denez, jendea bai etortzen da ‘arropa beixa daukat eta orduan beixarekin eramateko zerbait’. Eta beste gauza bat modan jartzen ari dena zintzilikarioak (dira), baita ere beste Donostiako marka batenak ekarri nituen eta, azkenean, dena konplementoa (osagarri) bihurtu da.

Musukoen bildumak ikusiko ditugu etorkizunen?

Nik uste dut baietz, jada badaude. Azkenean, nik uste dut, gelditzeko etorri direla; ez da izango derrepente (bat-batean) bakuna (txertoa) lortzen dugunean desagertu egingo dela. Asi que (Hortaz) bai, nik pentsatzen dut izango direla. Ezkongaiak eta ere asko ari zaizkigu eskatzen bereziak eta pertsonalizatuak eta horrela. Asi que (Beraz) bai, nik uste (bildumak) egongo direla.

 

B1
19-02-2021
27986763
00:04:32
850