Aldizkari Digitala
Uriz Pi ahizpak edo konpromiso sozialaren arrastoa
Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpak Nafarroan jaio ziren XIX. mendearen bukaeran. Bizitzako hainbat esparrutan utzi zuten arrastoa, baina nabarmentzen hasita, aipatzekoa da emakumeen eta umeen eskubideen defentsan egin zuten lana.
Irakasle gisa aritu ziren urteetan beren garairako oso proposamen aurrerakoiak egin zituzten.
Pepita eta Elisa ahizpak. Argazkia: Uriz Pi Ahizpen Elkartea (Olga Garcíak utzitakoa)
Uriz Pi ahizpak edo konpromiso sozialaren arrastoa
Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpak Nafarroan jaio ziren, Pepita Badoztainen, 1883an, eta Elisa, berriz, Tafallan 10 urte beranduago. Haurtzaroa Nafarroan pasa zuten, baina XX. mendeko lehenbiziko hamarkadan Uriz Pi familiak Madrilera joan behar izan zuen bizitzera.
Pepitak eta Elisak han egin zituzten ikasketak. Biek irakasle izateko ikasketak egin zituzten. Ikasle bikainak izanik, beste herrialde batzuetan ikasteko aukera izan zuten, eta ikasketa-bidaia horietan, atzerrian egiten ari ziren hezkuntza-arloko aurrerapenak ezagutu zituzten.
Ikasketak amaituta, Pepita irakasle hasi zen Katalunian, probintzia desberdinetan, emakumeentzako irakasle eskoletan. Elisak ahizparen bidea jarraitu zuen eta Tarragonako irakasleen eskolara bideratu zuen bere jardun profesionala, musika irakasle gisa. Biak nabarmendu ziren euren lanean, eta hala, bi irakasle eskolen gidaritza ahizpen esku geratu zen.
Erabiltzen zituzten metodoak aitzindariak ziren, oso aurreratuak garairako: 70eko hamarkadan irakaskuntzan abian jarritako metodoak, 50 urte lehenago aplikatu zituzten Uriz Pi ahizpek. Esan daiteke, beraz, garaiko aurrerapen pedagogikoetan izugarrizko eragina izan zutela. Ordura arteko hezkuntza-metodoak irauli egin zituzten eta eskola modernoaren ikuspegia txertatu zuten.
Esate baterako, garai hartarako oso iraultzaileak ziren printzipio hauek sustatu zituzten: irakasleen eta herrietako biztanleen arteko harreman zuzena; gurasoen inplikazioa eskolako kontuetan; memorizazioaren, mehatxuen eta zigor fisikoen aurkako jarrera; talde-lana eta lan-kooperatiboa; neskentzako eskola laikoa edota ondare artistikoak bisitatzeko irteerak.
Irakaskuntzan egindako lanaz gain, Uriz Pi ahizpak haurren eta emakumeen defentsan nabarmendu ziren. Adibide gisa bi gertaera aipatuko ditugu: Lehenengoa, 1948. urtean Haurren Egun Unibertsala ospatzeko egin zuten proposamena, eta bi urte geroago ospatu zen lehenbizikoz. Gaur egun tokiaren arabera egun desberdinetan ospatzen da, baina Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 20an jarrita du Haurren Nazioarteko Eguna.
Bigarren adibidea Gerra Zibilaren eta erbestearen biktima izandako haurrak laguntzeko egindako lana da. Ehunka kolonia sortu zituzten babesik gabeko haurrentzat. 100.000 menu ematera heldu ziren, etxe askotan jatekorik ez zegoenean.
Era berean, emakumeen eskubideen aldeko borrokan lehen lerroan aritu ziren Pepita eta Elisa. Emakumeen defentsarako lehenengo mugimenduetan parte hartu zuten: 1934. urtean, Emakume Antifaxista Espainiarrak (MAE) elkartea sortu zuten; 1938an, berriz, Espainiako Emakumeen Manifestua sustatu zuten.
Alderdi komunistako kide izanik, errepublikaren aldekoak ziren Uriz Pi ahizpak. 1939. urtean Francoren soldaduek Bartzelona okupatu zutenean, Frantziara ihes egin behar izan zuten. Eta 1951. urtean, Frantziatik Berlinera joan ziren. Alemaniako hiriburuan pasa zituzten bizitzako azken urteak.
