Aukera berri bat sobran dugun janariari
Sobera dugun janaria zakarretara ez botatzeko, hainbat ekimen jarri dira martxan. Horietako bat da Too Good To Go mugikorreko aplikazioa.
Elikagai asko alferrik galtzen da munduan, egunero: etxeetan, jatetxeetan, supermerkatuetan, ikastetxeetako jangeletan... Gutxi gorabehera janariaren herenak zakarretan amaitzen du. Guk sobran dugun janaria botatzen dugun bitartean, leku askotan jendea gosez hiltzen ari da.
Arazo horri irtenbidea emateko asmoz, hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Helburua argia da: janari-soberakinei beste irtenbide bat ematea. Too Good To Go mugikorreko aplikazioa horretarako sortu da. Aplikazioa zer den, zertarako balio duen eta zaborretara zenbat janari botatzen dugun azaldu digu Carlos Garcia Too Good To Go-ko Espainiako prentsa-arduradunak.
Carlos Garcia Too Good To Go mugikorreko aplikazioak Espainiar Estatuan duen prentsa-arduraduna da.
Janari-soberakinak prezio onean
Too Good To Go aplikazioan, janariarekin lan egiten duten establezimenduek hartzen dute parte, eta funtzionamendua oso erraza da: mugikorrean aplikazioa edonork instala dezake eta, bertan, etxe inguruko jatetxe edo tabernek osatutako paketeak eros daitezke. Behin aplikaziotik erreserba eginda, establezimendura gerturatu beharko du erabiltzaileak aukeratu duen otorduaren bila.
Proiektua 2016. urtean jarri zuten martxan. “Ekitaldi baten osteko buffetean zegoen lagun-talde bat eta, amaitu bezain azkar, bost minutu lehenago jaten ari ziren pintxoak nola botatzen zituzten ikusi zuten. Orduan, munduan zenbat eta zenbat lekutan gauza bera gertatzen ari ote zen pentsatzen hasi ziren”, azaldu digu Garciak.
Janari asko botatzen dugu egunero zakarretara.
Hainbeste hondakin ez sortzeko, irtenbide bat topatu behar zutela bururatu zitzaien, eta horixe da Too Good To Go. “Aplikazioak supermerkatuak, jatetxeak, okindegiak, fruta-dendak eta elikagaiekin lan egiten duten establezimenduak biltzen ditu. Zer egiten duten janaria botatzea saihesteko? Egunaren amaieran, establezimendu bakoitzak sobratutakoarekin paketeak egiten ditu eta, aplikazioaren bitartez, prezio baxuagoan eros ditzakete erabiltzaileek”, kontatu digu.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 300.000 tona elikagai baino gehiago botatzen dira urtean zaborretara, eta horri aurre egiteko, oraingoz 100 establezimenduk baino gehiagok eman dute izena aplikazioan: “Oso harrera ona eduki du; izan ere, euskal gizartea kontzientziatua dago janari-soberakinen gaiarekin”.
Botanika adibide
Donostiaren erdigunean dago Botanika jatetxea, eta janaria ez botatzeko konpromisoa hartu duenez, ekimenean parte hartzen du. Bertako arduraduna da Nora Gonzalez Anduaga hernaniarra: “Proiektuak arrakasta du, egunero bada gure janari-paketea erosteko prest dagoen norbait”.
Nora Gonzalez Anduaga Botanika jatetxean.
Askok prezioagatik erosten dute, eta gehienbat ikasleak izaten direla aitortu digu. Gainera, Gonzalezen ustez, aplikazioak irtenbidea ematen dio bestela bota egingo luketen janariari: “Jende askok behar ditu elikagaiak, eta ez dakit nola den posible hainbeste eta hainbeste produktu egunero zakarrontzira botatzea”.
Botanikak eguneko platera, pintxoren bat, barran edukitzen dituzten tartak eta beste hainbat produktu sartzen ditu Too Good To Go aplikazioko paketeetan. Erabiltzaileek bederatzi euro ordaindu behar dituzte trukean.
Hainbat irtenbide
Bide berean, Gipuzkoako Tolosaldea eskualdean, adibidez, ‘Egin on, On egin’ kanpaina jarri dute martxan. Helburua zaborretara botatzen den elikagaien kantitatea murriztea da eta, horretarako, jatetxeetan platerean utzitako jakiak etxera eramatea proposatzen du kanpainak. Horrez gain, proiektuak beste atal bat ere badu: herritarrei eta ostalariei sobran duten janariarekin plater berriak prestatzen irakatsiko diete. Aukera egokia, beraz, janaria aprobetxatzeko.
Jatetxe askotan ez dugu platerean jarri digutena amaitzen.
Pixkanaka gero eta jende gehiago dago kontzientziatua eta, ondorioz, Too Good To Go ala ‘Egin on, On Egin’ bezalako egitasmo ugari ari dira sortzen. Eta zuk, ezagutzen duzu horrelako aplikaziorik? Zure ustez, zer egin beharko litzateke janari-soberakinei irtenbidea emateko? Etxean janari asko botatzen duzuela uste duzu?
Ni arduradun bezala ia hiru urte… Eta bueno, niri eskaini zidaten lanpostua eta, bueno, nik nire sukaldea ekarri nuen honea (hona). Osea, hasiera batetik hasi nintzen bertako produktua egiten, ekologikoan, kilometro 0 eta munduko sukaldaritza gustatzen zait. Zeren, bueno, ibili naiz mundutik biraka eta, bueno, azkenean nahasketa bat egiten dut, ez? Begetarianoa asko egiten dut, beganoa, baina bueno batez ere bertako produktua eta ekologikoa izatea.
Eta proposamena gustatu zitzaidan. Bueno, berez da bota behar duzun merma (janari-kopurua) egunerokoan, ba jartzea… Zuk jartzen duzu kantitate bat: bada egunero izango da bederatzi eurokoa. Adibidez, eguneko platera sobratzen denean, ba eguneko plater bat eramaten da; baina adibidez gaur bezala, ez bada eramaten… Azkenean, barrako pintxoak sobratu baldin badira, edo quiche zati bat edo azenario-tarta zati bat, ba hor egiten duzu bederatzi euroko kopuruan sartu paketea.
Aplikazioa jaitsi behar duzu eta hor erosi. Egia esan, egunero-egunero beti bat daukagu. Adibidez, gaur sobratuko balitzaidake (balitzaizkit) bost plater, bost plater gehiago salduko nituzke. Eta normalean, gauetan, gaueko 12:30ean jada saltzen da hurrengo eguneko pack-a.