Julen Dominguez, AFADE ferialarien elkarteko kidea

Ferialariak herriz herri ibiltzen dira eta festa-garaian ikusten ditugu, batez ere. Haien bizimoduari buruz aritu gara Julen Dominguezekin. Ferialarien elkarteko kidea da eta berak dioenez, jendeari barrakak garestiak iruditu arren, ferialariek ez dute pribilegiorik.

Julen Dominguez bilbotar gazteak txikitatik ezagutzen du ferialarien bizitza. Bere aitaren aitona-amonak ferialariak ziren, eta beraz, belaunaldiz belaunaldi eutsi diote lanbideari. “Nire aita 7 urterekin umezurtz geratu zenean, amonarekin ekin zion bizimodu nomadari”, kontatu digu.

Ondoren, Julenen gurasoek bizitzeko modu honi eustea erabaki zuten, eta horrela bizi izan dira Julen  eta bere bi arreba nagusiak. Gurasoekin atzera eta aurrera ibili bada ere, bere ametsa argazkilari izatea dela kontatu digu, ez duela bizimodu horrekin jarraituko.
Hala ere, mometuz, ferialariaren ogibidea ez du guztiz alde batera utzi, AFADEn (Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoan) lanean aritu baita Dominguez. Bilboko elkartearen egoitzan elkarrizketatu dugu.

Julen Dominguez Bilboko AFADEren egoitzan.

 

1. Norbaitek atrakzio bat lehendabizikoz jarri nahi badu, zer egin behar du?

Zaldiko-maldikoak eta noriak lantegietan egiten dituzte, autoak egiten dituzten bezala. Garestiak dira, noski, eta Espainian, Italian, Alemanian… eros ditzakegu. Dirua badugu, zailena ez da erostea izango, konplexuagoa izango da herrietako zirkuituan sartzea. Horretarako, biderik onena udalekin edo AFADE elkartearekin harremanetan jartzea da.

2. Familia osoa joaten da leku batetik bestera?
Nire kasuan, gurasoak apirilean Sevillara joaten ziren, eta hortik aurrera denboraldi osoa lotuta izaten zuten. Ni udan joaten nintzen haiekin, eskolan oporrak nituenean. Negozioa aitak eta haren anaiak eramaten zuten, baina orain aita erretiratuta dago eta osaba, berriz, hil egin zen. Une honetan, nire lehengusuek dute ardura, haiek dabiltza alde batetik bestera. Argi dago ni ferialarien familia batean jaio naizela eta nomaden izaera hori neurekin daramadala. Txikia nintzenean, udan, lagunak Euro Disney parkera joaten ziren; ni, aldiz, herriz herri lanean aritzen nintzen, Euskal Herri osoan. Horrek gauza on asko eman zizkidan: irudimena garatu nuen, kalean eta jendartean egiten nuen lan, eta ingurukoak oso pozik egoten ziren gainera, herriko festak zirelako. Magikoa izaten zen.

Leku batetik bestera ibiltzen dira ferialariak. (Unsplash-en)

 

3. Zein dira atrakzio bateko segurtasun-baldintzak?
Lehendabizi, barrakek agiri guztiak eguneratuta izan behar dituzte. Horrez gain, muntaketa egin ostean, udaleko teknikariek ongi funtzionatzen duten egiaztatu behar dute: barraka ongi finkatuta dagoen, segurua den, ibilbidea ongi egiten duen…

Hala ere, kontuan hartu behar dugu ferialariek herriz herri ibilbide bera egiten dutela beti; beraz, aparatuak eta ziurtagiriak etengabe gainbegiratzen dizkiete, urtero, hain zuzen ere.

Bestalde, lehenengo aldiz noria herri batean jarri ahal izateko, bi aukera daude: AFADEkoen bidez egitea edo udalean paperak aurkeztea. Zer paper? Atrakzioen segurtasun-agiriak, NAN fotokopiak, autonomoen agiriak, gizarte-segurantzarena… Onena elkarteko kide egitea da.

4. Prezioak zeren arabera finkatzen dituzue?
Herri bakoitzak prezio desberdinak ditu. Ferialarien gastuak kontuan hartuta, udalak eta AFADEk finkatzen dute zenbat ordaindu behar duen haur batek zaldiko-maldikoan ibiltzeko. Ferialariek elektrizitatea, ura, gasa, etxebizitza kokatzeko metro karratuko zenbatekoa eta beste hainbat gauza ordaindu behar dituzte, eta herri bakoitzean desberdina izaten da. Aurreko horren guztiaren arabera, udala eta elkartea adostasun batera iristen dira.

Herri gehienetan jartzen dituzte barrakak festetan.

 

5. Garestiegia dela esango dute askok…
Nik ulertzen dut guraso askori garestiegia iruditzea; baina kontuan hartu behar dute guztia dela gero eta garestiagoa, baita ferialarien gastuak ere. Karabanan zerbait apurtu bada, piezaren bat aldatu behar bada… ezusteko horiei ere aurre egin behar diete barraken jabeek.

Gainera, pentsatzen jartzen bagara, zertarako behar dute ferialariek dirua? Auto edo karabana hobea erosteko, agian. Azken finean, ez dute ia gastatzeko astirik, beren lanari erabat lotuta daude-eta. Helburu bakarra dute: erosoago bizitzea, egunerokoa hobetzea.

Jendea herriko jaiez gozatzen ari da eta oso garestia iruditzen zaie, ados; baina atrakzioetako langileek pribilegiorik badute? Nik ez dut uste.

6. Zuk AFADEn egiten duzu lan, eta duela 32 urte sortu zen elkartea. Zertarako eta zer helbururekin jarri zenuten martxan?
AFADE 1987. urtean sortu zen eta helburua ferialarien bizi-baldintzak eta eskubideak hobetzea izan da hasieratik, baita kide guztiak ordezkatzea ere. Elkartea sortu aurretik, antolakuntza ez zen egokia, eta herritarrek zein udalek ere ez zuten gremioari buruzko ikuspegirik onena.

Autotxokeak herri askotako festetan jartzen dituzte.

 

AFADEk antolakuntza hobetu du: ferialarien eskubideen alde lan egiten dute eta guztientzat baliagarriak diren arauak ezarri dituzte. Egindako lanari esker, itxura txar hori aldatzea lortu dugu.

Lehen, funtzionamendua beste bat zen: batek noria bat bazeukan, zuzenean joaten nintzen udalekoekin hitz egitera, eta orain guztiok batera joaten gara. Indar handiagoa dugu eta antolaketa askoz hobea da.

7. Zein dira zuen sektorekoek dituen kezkak, baldintzak, gabeziak… Zein da zuen errealitatea?
Nire iritziz, badaude ferialarien esku ez dauden kontuak eta kontrolatu ezin direnak: eguraldia, esaterako. Horrez gain, kezka nagusia karabanak kokatzeko leku hobeak bilatzea da: argi, ur eta gas postuak ongi banatuta egotea; baita gure bizitokia barrakak dauden lekutik ahalik eta gertuen kokatzea ere.
Normalean AFADEk proposamen bat bidaltzen dio udalari, eta horrek batzuetan onartzen du eta beste batzuetan ez. Argi dagoena da komeni dela elkarrekin ondo moldatzea. Azken batean, ferialarientzat bere ogibidea da, eta udalentzat, berriz, oso garrantzitsua da herrietako jaietan barrakak egotea, zalantzarik gabe.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Herri bateko festak direnean, zer egin behar dute ferialariek barrakak jartzeko?
Lehenik eta behin, udalek (udalak) kontaktuan jartzen dira AFADErekin edo beste ferialarien elkarte batekin, eta zehaztu egiten dira (dituzte) baldintzak eta irizpide batzuk: noiz hasiko diren jaiak, zenbat egun izango diren, non kokatuko diren etxebizitzak eta barrakak ere, eta ze preziotan lan egingo duten ferialariek. Eta guzti hori (hori guztia) zehazten denean, bi zatiek (aldeek) sinatzen dute kontratu bat, eta kontratu hau jada sinatuta eta irizpide guztiak dakigunean (dakizkigunean), ferialari kide eta kolaboratzaile guztiei oharra bidaltzen zaie eta haiek eskaini egiten dute. Batzuetan, adibidez, behar badute auto-txoke bat, eta hiru edo lau badaude, zozketa egiten da.
 
2. Zer egiten du ferialari batek herri bateko festetara iristen denean?
Ferialariak iristen direnean, kontuan hartu behar da beste herri batetik datozela. Orduan, agian egon dira gau osoa kamioian, kilometro pila egiten eta Bilbora heltzen dira. Eta guztia desmuntatu behar dute eta muntatu behar dute, eta gauean izaten da normalean.

Orduan, adibidez, Bilbora etorri, eta etxebizitza desmuntatu, barruan dauden gauzak batzuetan apurtzen dira bidaian. Hori… Adibidez, izozkailua edo apurtzen da eta moldatu behar duzu, beste bat erosi… Gero, gauean, atrakzioak muntatzen dira, eta hori da kristoren esfortzua, ezta? Kamioi baten barruan egotea eta ez dakit, Valentziara, porque (zeren) Valentzian ere edo Espainian jaiak badaude, eta Valentziara heltzea eta guztia muntatzea, kristoren lana da.

Gero, goizean, dena ia prest dagoenean, udaleko ingenialari teknikoak (ingeniari teknikoek) berrikusketa egiten dute  eta ontzat ematen dute edo ez.

Pasatu egin da atrakzio batzuk ez dagozela (daudela) ondo muntatuta edo ez dute ontzat ematen, eta ixten da ia feria osoa edo egun pare bat eta ondo probatzen da, gauzak ondo egiteko.
 

B1
05-12-2019
  • Malutafilms
21052282
00:03:22
783