Aldizkari Digitala
Izki, Arabako natur parkea
Euskal Herrian badira paraje zoragarriak. Horietako bat da Arabako Izki natur parkea, Maeztu herriaren inguruan dagoena.
Euskal Herriko edozein txokotatik asteburu pasa bat egiteko paraje zoragarria. Erdi Aroko Korres herria da parke honetan topatuko duzun herri bakarra.
Europako amezti bikainenetakoa omen da Izki, tamainaz eta kontserbazioz.
Rosa.- Eskuma aldean ikus dezakegu Korres, hori da Korreseko herria, eta bueno, Erdi Aroko herria da. Korres da parkearen erdialdean dagoen herri bakarra.
Iñaki Martinez.- Hemen, adibidez, daude sai arreak, belatz handia, belatz gorria, gero badaude ere belatxinga moduko gorria, belatxinga moduko horia, arrano beltza ere hemendik ibiltzen da.
Rosa.- Nazarenoa, tritilariak, txiribitak, errenankuloak, orkideak…
San Jose loreak fresko daude oraindik Ameztian, udaberria berandu dabilen seinale. Horixe postalen bilduma osatzeko falta genuena. Hau, eta beste guztiak, Izkin bildu ditugu, Arabaren mendialdean dagoen paradisuan.
Europako amezti bikainenetakoa omen da Izki, neurriz eta kontserbazioz. Okilek badakite hori eta ametz zaharretan zulatzen dituzte beren habiak. Ameztirako bidea presarik gabe egingo dugu, tartean beste altxor batzuk aurkituz.
Rosa.- Atzeko partean ikus dezakegu Korreseko barrankua. Hori da momentu honetan ezagunena parkeari buruz. Barrankutik Izki ibaia pasatzen da eta Izki ibaiak bultzatzen du parke osoa ekialdetik mendebaldera, eta gero Kanpezu aldera aterako da eta Egarekin joango da Ebrora.
Arantxa Puente.- Hor ikusten da Sierra Cantabria, gero Belabia (Belabia parkean dago), San Kristobal, eta hemen ondoan jada daukagu Mantxibio. Eta hemendik oso ondo ikusten dugu ia-ia parke osoa. Orain hostoekin dagoena pagoak eta urkiak dira, eta bueno, ikusten dugu ere errepoblazioa. Pinudiak eta hostorik gabe dagoena dira ametzak.
Bideari berriro heldu aurretik, urrutirako ikuspegi bat: Ipar Ekialdean Aizkorri eta Aratzek mugatzen dute zerua. Mantxibiok pagadiaren argi-itzalak eskaini dizkigu. Durruman Kanpezu edo San Roman Kanpezukoa, eta hor Muela deitzen duten mila metrotik gorako harkaitza, hegazti harraparien bizilekua. Uda aldean gonbidatu bereziak izaten dituzte.
Iñaki Martinez.- Sai zuri bikote bat hemen bizi da. Afrikatik etortzen da martxo aldean eta gero iraila partean berriro bueltatzen da. Hilabete hauetan bi txito txitatzen ditu, hazten ditu, eta normalean lortzen du biak hegan egitea, oso gauza arraroa penintsula mailan.
Hegaztiak ez dira
Iñaki Martinez.- Hemen ikusi dezakezuenez, eskuen tartean daukadan lur zorua oso hareatsua, eta orduan, hori da bai ameztia eta bai orain ikusiko dugunaren, urkidiaren, euskarria.
Azken batean, hareazko lur horretan dago Izkiren sekretua, nekazaritzarako txarra izan eta horrek gorde du Izki basotarako. Orain bai, orain ameztian sartu gara.
Iñaki Martinez.- Jada esan dezakegu gaudela, nik uste, ameztiaren lekurik zoragarrienean, bai zuhaitzen tamainagatik, bai komunitateagatik, landareen komunitateagatik, eta batez ere, okil ertainaren populazioaren tamainagatik.
Parke osoan zortziehunen bat okil egongo omen dira, ertainak ameztietan eta handiak pagadi eta pinudietan. Hamar bat urte besterik ez okil populazio izugarri hori deskubritu zenetik.
Basotik irten eta atsedenlekura. Oso ondo prestatua dago, bere mahai, erretegi eta guzti. Baina Rosak badu ohar bat:
Rosa.- Guk gomendatzen dugu egurra edo ikatza ekartzea etxetik.
Ameztia ez dagoela, alegia, igandeetako eskursionistek sutarako egurra moztu dezaten.
