Zegama-Aizkorri mendi-maratoia

Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren bihotzean dugu Zegama, eta ezaguna da herri horrek Aizkorrirekin duen lotura estua. Horren adibide da Zegama-Aizkorri mendi-maratoia. Lehendabizikoz Zegamako Udalak antolatu zuen, 2002ko uztailaren 7an, herritarren eta Amezti Mendi Elkartearen laguntza eta babesarekin. Gaur egun, Zegama-Aizkorri mendi-maratoiak mundu-mailako ospea du. Datorren lasterketa 2023ko maiatzaren 14an lehiatuko da.

GORKA ITURBE (Aretxabaletako korrikalaria): "Atzerritarrek hemen zaletasun handia dagoela eta oso harrera ona egiten zaiela ikusten dute"
Nolakoa izan zen Zegama-Aizkorrin lehenengoz aritzea?
Urte batzuk baziren maratoi horretan parte hartzeko irrikan nengoela, baina zaila izaten da, plaza gutxi direlako. Dortsala tokatu zitzaidala esan zidatenean, izugarrizko poza hartu nuen. Oso gustura ibili nintzen, baina gogorra da. Gorabehera eta kilometro asko ditu eta horrek zaildu egiten du proba.
Zer sentitzen da Munduko Txapelketarako puntuagarria den proba batean parte hartzerakoan?
Nik hori ez dut kontuan hartzen. Mendia eta kirola gustatzen zaizkit eta niretzako erronka pertsonala da. Ez nintzen puntuei begira egon.
Leku askotatik hurbiltzen al da jendea?
Bai, Italiatik jende asko etortzen da eta katalan asko ere animatzen dira parte hartzera, baina mundu osotik gerturatzen dira korrikalariak.
Behin baino gehiagotan nabarmendu dute kanpoko korrikalariek Euskal Herriko probak kuttunenetarikoen artean dituztela. Zergatik uste duzu dela hori?
Nik uste dut Euskal Herriko mendi eta inguruak oso politak eta ikusgarriak direla, eta, gainera, kirolariek izaten duten harrera oso ona izaten dela. Ikusten da zaletasun handia dagoela eta hori kanpotik datozenek asko eskertzen dute.
Aurtengoan parte hartzeko asmorik ba al duzu?
Aurtengorako ere izena eman nuen, baina, zoritxarrez, ez didate dortsalik eman eta gogoarekin geratuko naiz. Hurrengo urtean izan beharko du.
Nolako maila dute euskal korrikalariek?
Nik uste dut nahiko maila ona erakusten dutela. Badago jende ona, podiuma eta sailkapena ikustea besterik ez dago. Nahiko aurrean ibiltzen dira eta maila altua erakusten dute.
Horrelako zein beste probatan hartzen duzu parte?
Horrelako proba lehiakorretan ez naiz asko ibiltzen. Ibilaldietan aritzen naiz gehienetan. Mendi-maratoiak ez dira nire gustukoenak, baina Zegama-Aizkorri maratoia egiteko gogoa nuen. Betidanik gustatu izan zait kirola egitea, UDAko futbol taldean luzaroan ibili naiz. Baina, orain, futbola utzi eta bizikletan eta korrika aritzen naiz. Denbora gehiago dut orain, eta bizikletak eta lasterka egiteak denbora gehiago eskatzen duenez, horretarako aprobetxatzen dut.
Talderen batekin ibiltzen zara ala zeure kabuz?
Ez, taldeekin ez. Nire kabuz ibiltzen naiz normalean. Duatloiren bat egiten badut, talderen bati esan beharko diot posible ote den nik bertako taldekide bezala izen ematea, baina, bestela, beti ibili izan naiz neure kabuz.


  • 2004az geroztik Mendi Maratoien Munduko Kopako (Sky Runner World Series) proba puntuagarria da Zegama-Aizkorri mendi-maratoia eta 2008an, Europako Mendi Maratoietako Txapelketa izan zen bertan.
  • Aurten, berriz, Zegama-Aizkorri mendi-maratoiko antolakuntza Italiako Giir di Mont mendi-maratoi ospetsuarekin senidetu da.
  • Maiatzeko azkenengo igandean, maiatzaren 29an, hain zuzen ere, egingo da, goizeko 9etatik aurrera.
  • Proba, Aizkorri mendizerraren bi isurietatik pasatuko da. 42,195 kilometroko luzera du, eta metatutako desnibela 5.472 metrokoa da.
  • Hemezortzi urtetik gorako atleta, mendizale eta kirolari guztiek dute proban parte hartzeko aukera, probaren arautegian adierazitako guztia onartu eta zehaztutako baldintza guztiak betetzen badituzte behintzat. Dena den, gehienez 450 lagun onartuko dira.
  • Lasterketa erdi-mailako mendietan izango da, Aratz eta Aizkorri mendilerroetan zehar, EAEko tontorrik garaienetatik igaroz: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Zegama herritik (296 m) abiatu eta Otzaurte gainera (652 m) heltzen da lasterketa. Mendate honetatik aurrera, ingurune zoragarri batean zehar, bide eta xenda liluragarrietan barrena, zuhaizti ederrak -pagadiak gehienak-, haitz biziko malkar zakarrak eta mendi-larreak tartekatzen dira. Teknikoa eta zailtasun handikoa da benetan.

 


B1
25-05-2011
  • Barandiaran (Arteman), Iker
  • Arantzabal (argazkiak) , Josetxo
16351347
9677