detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Begoña Durruty: "Artistak horrelakoak gara: zer ukitu, hura nahi"

Bere estudioan hartu gaitu Begoña Durrutyk (Arizkun, 1968). Leihoetako baten ondoan dauka olio teknikarekin egindako bere lehen lana, jaioterriko inauteria erakusten duena. Laneko mahaiaren gainean, berriz, beti dauka marrazkiren bat. Animazio-lan bat egin zuen 2013ko urteko udan, eta gogotsu dago horrelakoei berriro heltzeko. Hala ere, bere lanetan kuttuntzat dauka Mitxitxi marriau, bere lehen ipuin ilustratua. "Erditze zoragarria" izan zela dio.

Zure webgunean begiratuta, ilustratzaile, margolari eta grabatzaile jarduten zara.
Ni sortzailea naiz, eta irudia dut sortzeko tresna. Orduan, igual zait bata edo bertzea. Berdintsu sentitzen naiz.

Zirriborrogile zarela esan ohi duzu.
Bai, hala definitzen dut neure burua aunitzetan. Ni ttar-ttarretik ibili naiz koaderno guztietan eta liburu guztietan zirriborroak egiten. Zirriborroak egiten segitzen dut orain. Tarteka elegantexeagoak dira, baina zirriborroak azken batean.

Noiz hasi zinen serioago hartzen?

Serioxeago... bueno nik beti nuen buruan Arte Ederrak ikastea. Nik ttar-ttarretik: “Arte Ederrak, Arte Ederrak eta Arte Ederrak”. Baina etxean burutik kendu zidaten ideia hori. Nire umeak hazita, serio hasi nintzen, duela hamahiru edo hamalau urte. Hasi nintzenean, olioarekin egiten nituen koadroak, eta gero denetarik probatzen aritu naiz.

Arte Ederrak ez, baina ikastaroren bat egingo zenuen, ezta?
Ikastaroak egin ditut, bai. Horrez gain, hemen, Baztanen, badira margolari batzuk. Batekin eta bertzearekin solasean, Internet, liburuak... denetarik egiten dut [ikasteko]. Baztanen kanpoan margotzeko ikastaroak antolatzen dira udan, eta horiekin hasi nintzen. Lehenago ere egin nuen bakarren bat Camino Eseberrirekin. Azkenik, ibili naiz ilustrazioarekin ere. Galtzagorri elkarteak Marrazioak tailerrak ditu Artelekun antolatzen, eta hor irakasle izaten dira Arkaitz Cano eta Ignasi Blanch; Cano idazlea eta Blanch ilustratzailea. Noski, ilustratzaile andana joaten dira horietara. Hor hasi nintzen ni ilustrazioarekin.


Durrutyren lanak arkatzez egindako zirriborroarekin hasi ohi dira.

Bertan Juan Luis Zabala idazlearekin egin zenuen topo...
Marrazioak topaketa batean juntatu gintuzten bost idazle eta bost ilustratzaile. Juan Luis Zabala Pipi izan zen nire bikotekidea, eta arras ongi joan zen. Haren ondoren liburu bat, ipuin bat, argitaratu genuen. Orain badugu proiektu bat argitaratzeko, berak idatzi duen ipuin bilduma bat. Han ezagutu nuen, eta harremanetan segitzen dugu.

Zein dituzu pintore kuttunak? Eta ilustratzaileen artean?

Ea izenekin oroitzen naizen! Egon Schiele gustatzen zait aunitz, aunitz, aunitz. Gehiago? Ez zaizkit izenak etortzen; irudiak bai. Ilustratzaileetan bai, Elena Odriozola edo... Ana Juan, edo Ignasi Blanch bera... aunitz. Izenak ez dakizkit, niri irudiak gelditzen zaizkit. Egon Shiele bai, Egon Schiele zoragarria da, duela bi urte egon zen Bilboko Guggenheimen.

Hiru liburu sinatu dituzu, ilustratzaile gisa. Hauetan kuttunik al daukazu?

Egin nuen lehendabizikoa da nire kuttun-kuttuna: Mitxitxi marriau. Kuttuna dut, baina egin baino lehenago ere ipuina aunitz gustatzen zitzaidan. [Kazetariari] Ez dakit ezagutzen duzun, zuk etxean ez dakit ibili duzun leloa, umeekin jostatzeko. Mitxitxi marriau/ katu, jain hau/ biher edo gaur/ kor kor kor kor. Guk egiten genuen. Nik ikusi dut amatxi, eta ikusi dut ama. Nik ere ibili dut nire umeekin. Altzotan hartu umea, eta Mitxitxi marriau kantatu. Gerora jakin nuen nondik heldu zen lelo hori. Ipuina ikasi nuen, eta gelditu nintzen ahozabalik, izugarria zen. Hori ezagutu, eta handik bi urtera izan zen lehenbiziko Marrazioak. Banuen istorio polit bat, eta animatu egin nintzen. Erditze zoragarria izan zen.


Mitxitxi marriau laneko ilustrazioa. (Iturria: http://www.begonadurruty.com)

Zure ilustrazioak, liburuetan ez ezik, bideoetan ere agertu dira, ezta?
Bai, udan lan bat egin nuen, Laboa gertutik erakusketarako bideo bat, Donostian eta Bruselan egon dena. Esan didate erakutsi behar dutela Euskal Herriko hiriburu guztietan.

Mikel Laboaren Bereterretxe kanthoria-ri irudiak jarri dizkiozu. Animazioa ikusten al duzu etorkizunean jarduteko alor gisa?
Badakizu, artistak horrelakoak gara: zer ukitu, hura nahi. Ez dakit zer egingo dudan, baina arras gustura gelditu naiz lan horrekin. Nik animazioak egiten ez dakit, baina horrekin piztu zait ikasteko gogoa. Badugu beste problema bat! Kar, kar, kar. Ez dakit zertan geldituko den, baina hasiko naiz ikasten. Lan honetan dena izan da hunkigarria. Gainera, Mikel Laboak lotura handia zeukan Arizkunekin. Udak pasatzera etortzen zen, eta asteburuetan ere bai. Gero, Bereterretxe kanthoria zoragarria da... eta Laboaren bertsioan den-dena dago borobil-borobil.


Berreteretxeren kanthoriako ilustrazioa (Iturria: http://www.begonadurruty.com)
 

Nola sortu zen lan hori egiteko aukera?
Laboa katedrakoak etorri ziren lana eskaintzera, eta nik pentsatu ere ez nuen egin. Bai, eta kito. Non sartzen ari nintzen jakin gabe. Zortzi minutuko kanta da, eta animazioa egiteko, arraioa!... Baina kontent nago. Kontent gelditu naiz egin dugunarekin. Morgan Crea enpresako Carlos Rodriguezek egin du animazioa, eta nik marrazkiak. Gainera, arras ongi moldatu gara. Eta bueno, bidean ezagutu dudan beste pertsona bat!

Ikusleek modu askotan ikusten dituzte erakusketak, liburuak, bideoak... zuk aldea nabari duzu? Erakusteko modura egokitzen al duzu lana?
Ez dakit, pixka bat tipikoa izango naiz. Bihotza jartzen dut, eta ateratzen da ateratzen dena. Nahi gabe egiten dudala diferente? Bada... beharbada bai. Hasteko, teknikak diferenteak dira. Erabiltzen badugu, esaterako, olioa; keinua diferentea da, euskarria bera diferentea delako. Funtsean ahal duguna egiten dugu, intuitiboki eta dakigunarekin. Zein nahiago? Berdin zait. Lanak eskatzen duena. Mikel Laboaren animazio horretan, nik uste dut asmatu nuela aukeratu nuen paper motan. Noski espresuki aukeratu nuen, testura aunitzeko papera bilatzen ari nintzen. Azkenean, egiten den proiektuak eskatzen du gauza bat, edo bestea. Marrazteko forma, berriz, berdintsua da, denetan esku bera delako. Baina lan bakoitzak eskatzen du bere teknika. Edo agian niri gustatzen zait probatzea eta jostatzea; azken batean, hau jostatzen ibiltzea da.

Begoña Durrutyren webgunea: http://www.begonadurruty.com


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zure marrazkiek pertsonalitatea dute. Estilo batasun bat igar daiteke.
Ez dakit, errango dizut hemendik urte batzuetara. Egia da igual ere, eh, marrazteko modua. Bai, marra pixka bat puskatu horiek, ez? Eta gero margotzeko... kolorea emateko tenorean austeritatea, ez sobera... Ez dakit errango dizut hemendik urte batzuetara. Aber ona den edo txarra den.  Gutxienez pixka bat nabarmena gelditzen da, ez? Diferentea. Identifikatzen da, behar bada, erraz. bai

Zure marrazkiei energia darie. Soinketa irakaslea izan zara. Horren erakusle izan daiteke?
Ez dakit hortaz den-edo, niri beti gustatu zait kirola. Kirol aunitz egin dut. Orain ez, orain putuztu naiz eta orain kirol gutxi egiten dut. Baina igual, zerikusia badu. Marrazketetan, egia da  mugimendua ikusten dela, dibujoetan pertsonaiek badutela mugimendua. Dinamismoa. Ez dakit horren eragina den, beno azkenean, islatzen da zarena egiten duzunean... egiten duzun lanean. Orduan zerbait izanen da.

Erakusketak ere egin dituzu, ezta?
Bakarkakoak egin ditut koadrila bat, baina beti hemen, inguru honetan. Beno, Beran, Iruñean, Baionan, Zuberoan ere bai. Eta gero talde erakusketak...

detalle2

Docuteca

B2
17-03-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16343155
01:36

x61pViewCountWAR

8764

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR