Aldizkari Digitala
Markus Lüpertz-en artelanak Bilboko Arte Ederren Museoan
Markus Lüpertzen erakusketa antologikoan 91 pintura eta eskultura daude ikusgai. "Materia eta Forma" da erakusketaren izenburua.
“Pintatzea arnasa hartzea bezala da niretzat, ezin naiz ibili margotu gabe”
Markus Lüpertz
Markus Lüpertz (1941) txekoslovakiarra dugu izatez. Zazpi urte zituela bere familia Ekialdeko Alemaniara joan zen bizitzera. Krefeld eta Dusseldorf-eko Arte Ederren Akademian egin zituen ikasketak. 1961. urtean Grossgör 35 arte-galeria sortu zuen Berlinen. 70eko hamarkadan, Georg Baselitz, Ansel Kiefer… artistek osatzen zuten Neue Wilder (basati berriak edo espresionista berriak) taldean sartu zen. Eduardo Chillidaren lagun mina izan zen. Kosme de Barañano, Lüpertzen adiskidea, da erakusketaren komisarioa.
Markus Lüpertz artista. Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa
1981ean eskulturak egiten hasi zen. Greziako mitologia, Nicolas Poussin, Goya eta Picassoren pinturak eta Wagneren musika … izan zituen inspirazio iturri. Katedradun eta errektore izan zen Karlsruhe-ko Arte Ederren Akademian. Lüpertz, “pictor doctus-aren” eredua dela dio Jaime Siles arte adituak. Azken urteetan Unibertsitatearekin harreman estua izan du.
Kosme de Barañanok bost multzotan eratu du erakusketa. Lüpertzek lehen pausoak pop amerikarraren eta espresionismo abstraktuaren alorrean eman zituen eta gero figuraziora pasatu zen. 1963ko hamarkadako koadroetan nazismoaren basakeriak margotu zituen: soldaduen kaskoak, svastika, eta gerrarien tresnak … 1975etik 1985era, giza irudia lantzeari eman zion lehentasuna. 1985etik 1993ra irudi mitologikoak eta gorputz-enborrak gauzatu zituen. 1900eko hamarkadan paisaiak eta zuhaitz irudiak ikertzen jardun zuen. Azken hamarkadan kolore indartsuak dituzten pintura eta eskulturak landu ditu.
Erakusketako argazkia. Iturria: Bizkaie!
Lüpertzen eskultura gehienak brontzezkoak edo terrakotazkoak dira eta bere maskarak edo irudi mitologikoak aski adierazgarri eta gogorrak. Kosme de Barañano Arte Ederren museoan egin dituen artelanen kokapena estetikoki oso egokia dela aitortu du Lüpertzek. Obra batek, bere ustetan, ingurumenarekin komunikatu behar du eta kasu honetan elkarrizketa hori oso ondo lortua dago. Beste horrenbeste dio Bilboko Abandoibarran dagoen “Judith” bere eskulturaren kokapenari buruz.
Judith, 2003. Argazkia: José María Gorordo
Bilboko Arte Ederren museoko erakusketa maiatzaren 19ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketaren gaineko informazio gehiago, hemen.
