detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Charles Dickens idazle handia gogoan

1812ko otsailaren 7an jaio zen Charles Dickens idazle aparta eta ekainaren 9an hil zen, 1870ean.

Charles John Huffan Dickens 1812an sortu zen Ingalaterrako Portsmouth herrian. 1817tik 1822ra Dickens sendia Kent konderrian bizi izan zen.

Aita zintzoa zuen, baina etxeko dirua zaintzen trakets samarra, eta behin baino gehiagotan etxez aldatu ziren, eta Charles eskola batetik bestera joan ere bai. Zorrak zirela kausa Charles txikiak Londonen urtebete egin zuen eskolara joan gabe.

Azkenean, aita espetxean sartu zuten ez zituelako zorrak ordaintzen. Garai hartako legearen arabera, presoaren gelan bizi zitekeen bere familia ere, eta hori egin zuten. Baina Charles eskola batek zeuzkan etxeetako batera eraman zuten, eta igandeetan joaten zen familia bisitatzera. Hala, mutikoak 12 urte zituenean zapatentzako betuna edo ziraia egiten zuen Warren lantegian hasi zen lanean, egunero 10 ordu. Asteko soldata 6 txelin. Horrekin alokairua ordaindu behar zuen eta espetxean zegoen sendiari lagundu. Lantegiko giro hori Little Dorrit nobelan azaldu zuen. Eta lantegian bizi izandakoak eraman zuen bere nobela askotako protagonistak haurrak izatea, haur esplotatu eta behartsuak.


Haurtzaro latza

Charlesi amak irakatsi zion irakurtzen. Izan ere, aitak etxean obra klasikoak zituen, 100dik gora bai. Latina ere ikasi zuen apur bat. Izugarri atsegin zuen irakurtzea. Maiz joaten zen Londoneko Britainiar Museora horretara. Idazle bezala arrakasta lortu baino lehen Grav´s In prokuradorearen bulegoan aritu zen lanean, eta legebiltzarreko kazetari ere izan zen True Sun-en. Aita ere, jada kartzelatik aske, aritzen zen kazetari-lan horretan. Garai hartan zorteak aldaba jo zien Dickenstarrei; ezustean 250 libera jaso baitzituzten oinordetzan, familia behartsu ez bizitzeko adina bai. Baina, hala ere, amak ez zion Charlesi Warren lantegia uzten laga.

1833an Londoneko hainbat aldizkari eta egunkaritako istorio laburrak idazten hasiko da, eta 1834an Morning Chronicle egunkari liberalean lanean hasiko. Bi urte geroago, laburrak ez, istorio luzeak argitaratzeko proposamena jasoko du. Astero plazaratzekotan. Hori zen alderdi gozoa, eta gazia, desamodioa zen gazia. Mary Beadnell-ekin zuen harremana hautsi egin zen. Mary aberaskumeak jolas egin zuen idazle hasberriaren sentimenduekin, eta Charles “nahi eta ezin” zebilen Maryrekin, seko maiteminduta.

Artista zen Dickens suspensea sortzen. Hilero 24-32 orrialde argitaratzen zizkioten, eta jendea irrikaz egoten zen, zer gertatuko. Diotenez, itsasontzi ingeles bat New York-era heltzen zenean, zain zegoen jendeak oihuka galdetzen zieten itsasontzian zetozenei ea zer gertatzen zen David Copperfield gizajoarekin. Nobela honek denbora gutxian 100.000 ale saldu zituen.

Ospearen gazi-gozoa

24 urterekin The Posthumous Papers of the Pickwick Club ateratzen hasiko da, zatika, foiletoi gisara. Hasieran editoreak 400 foiletoi ateratzen zituen, baina hain harrera beroa izan zuten, 40.000 ateratzen hasi zen! Interneten askok diote algara batean irakurri dutela liburua. Hurrengo lanak ere,  irakurleen miresmena jaso zuen. Hala, antzerki-lanak egiten hasi zen, liburuxkak, artikuluak, nobela gehiago…
 
Eta ezkondu egingo da garaitsu horretan, 1836an. Emaztea Morning Chronicle egunkariko lankide baten alaba zen, Catherine. 10 seme-alaba izan zituzten. Itxuraz behintzat, 20 urte on izan zituen ezkontzak, susmoak baitaude Georgina bere koinata baino zerbait gehiago izan ote zen idazlearentzat. 10 seme-alaba haztea ez zen lan makala, eta Georgina, emaztearen ahizpa, zaintzan laguntzera etorria zen. Emaztearekin Ameriketara joan zenean, 1842an, ez zuten ondo hartu, esklabutzaren aurka idatzi zuelako ingelesak. A Christmas Carol (1843) nobelari esker, ordea, adiskidetu egin zen irakurle ipar-amerikarrekin.

1958an ezkontza hautsi egin zen. Gizarte victoriarrean onartezina zen dibortzioa. Emaztea hil arte familia mantendu zuen. 1957an Ellen Ternan aktorea ezagutu zuen, 18 urtekoa. Eta Dickens maitemindu egin zen! Ordurako idazle ospetsua zen Dickens, eta horri esker etxea erosia zuen Kent konderrian, bera txikitan bizi izandako konderri berean. Baina ospeak bere alde makurra ere bazuen. Editoreek irakurle ase-ezinak ase nahi zituzten, eta ondorioz, idazleak lan-karga handiegia zuen. Soldata igotzea eskatu zuen, eta editoreek onartu ez.

Ez zen hori izan editoreekin izandako hika-mika bakarra. The Posthumous Papers of the Pickwick Club argitaratu eta gutxira, lan horren Hall editorea, Dickens idazlea eta Seymour marrazkilaria ez ziren ados jartzen istorioak nola jarraitu behar zuen. Marrazkilaria baztertua sentitzen zen, iraindua, eta bere burua hil zuen. Lur jota geratu zen idazlea, baina Phiz ezizena izango zuen marrazkilaria aurkitu zutenean, arrakasta heldu zen, erabatekoa. Oso harreman ona zuten Dickensek eta Phizek. Lan hau amaitu aurretik hasi zen oso bestelakoa zen, Oliver Twist goibela idazten, pobrezia, haurren esklabutza, erakunde ofizialen jarrera, justiziarik eza eta abar salatzen zituena..

Dickens errentagarri

Ironikoa ematen du. Lionel Bart-ek Oliver Twist musikala zuzendu zuen 1960an eta 1968an kalkulatzen zuten musikalari esker, Bartek minutuko 16 libra irabazten zituela. Beste zenbaitetan bezala, badirudi idazlea dela aberasten ez den bakarra. Baina Oliver Twist argitaratu zenean, umezurtzentzako laguntzak handitu egin ziren, eta britainiar estatuak ongizate-laguntzak areagotu zituen. Dickens ez zen edozein, eta bere literatura ere ez.  Adibidez, 1859an idatzitako A Tale of Two Cities nobelaren 200 milioi ale baino gehiago saldu direla jotzen da. Best seller kontzeptuak ospe txarra du literaturazale zenbaiten artean, baina inork ez du ukatzen ingelesa oso idazle aparta dela, eta jendeak maite zuela. Batzuetan jendaurreko irakurketak egiten zituenez, irakurleak ilaran egoten ziren gaua pasaz, berari entzuteko. Gurean ere entzun dutenak badira, musikalaren bidez, eta A Christmas Carol nobelaren euskarazko egokitzapen bat ere badago entzungarri, eta euskaraz irakurri nahi duenak ere badu aukera hori. Hauek dira Dickensen euskaratzaileetako batzuk: Javi Cillero, Xabier Mendiguren, Itziar Olaberria, Nerea Mujika…  Musikala ez, baina beste material hau guztia HABEren liburutegian dago eskura.

Dickens eta Aita Noel

Dickens 1870an hil zuen apoplexiak. Bost urte lehenago tren-istripu bat izan zuen, eta ez zen sekula bere onera etorri. Trenaren lehen zazpi bagoiak zubi batetik behera erori ziren, baina Dickens zeramana ez. Laguntza heldu arte zaurituei laguntzen ibili zen idazlea. Ellen Ternan aktorearekin, eta honen amarekin zihoan. Garai hartan hori eskandalagarria izan zitekeen, eta Dickensek lortu zuen istripuaren ikerketan argibiderik ez ematea. Dickensen bigarren alabari esker dakigu, bere aitak eta Turnerrek haur bat izan zutela, haur zela hil zena. Baina ume horren inolako arrastorik ez da azaldu egundaino, Kate alabak esandakoaz aparte. Kondairak dio Dickens hil zela esan ziotenean ume bati galdetu omen zuen: “Dickens jauna hil egin da? Aita Noel ere hilko da?”    

Oliver Twist musikala Euskal Herrian

Bergara herriak 1990. urtean, Charles Dickensen Oliver Twist nobelan oinarritutako musikala egin zuen. Obra hori taularatuz ospatu zituzten Bergarako Orfeoiaren diamantezko ezteiak. Eta ia herri guztiak hartu zuen parte. Musikaleko 28 abesti euskaratu zituzten 13 emanaldi goi mailako eskaintzeko.


 


x61pRelaContWAR

Te interesa



detalle2

Docuteca

B2
07-02-2012

x61pRelaContWAR

16341360

x61pViewCountWAR

6796

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR