Aldizkari Digitala
Eskia eta golfa, poltsiko guztien esku?
Elitistak al dira golfa eta eskia bezalako kirolak? Zaila da galdera honi motzean erantzutea. Izan ere, Euskal Herrian, tradizioz "aberatsen kirolak" direnak praktikatzeko ohitura badago. Horien inguruko xehetasunak eta bitxikeriak irakurriko dituzu jarraian. Ondoren, zuk zeuk erabaki.
Jende dirudunarekin lotu ohi ditugu beti zenbait kirol: padela, eskia, golfa… Goi-elitean bizi direnen kirolak izan dira beti. Baina ez da kasualitatea. Izan ere, urteak eta urteak eman ditugu jende diruduna kirol horiek nola praktikatzen dituen ikusten. Ez da zaila Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia padel erraketarekin irudikatzea, edota Espainiako borbondarrak eskietan ikustea.
Golf-zelaia Andoainen
Baina, benetan, hain garestia al da kirol hauetan aritzea? Bai eta ez. Dirua behar, behar da, baina beste edozein kiroletan aritzeko lain. Euskal Herrian bertan, golf-zelai ugari dago, eta guztiek dituzte erabiltzaileak. Andoainen (Gipuzkoa), esaterako, kirol hau praktikatzeko aukera daukate Goiburu golf-klubean. Esaten dutenez, golfarekiko zaletasuna badago inguruan, nahiz eta ikastetxeetan umeak beste kirol batzuk egitera bideratzen dituzten. Beraiek eskaintzak dituzte umeak kirol honetan murgil daitezen, baita horretan hasi nahi dutenentzat ere. Horrez gain, eguneroko erabiltzaileak dituzte, bazkideak, hain zuzen ere. Datu bat ematearren, bertan, astebeteko ikastaroak 108 euro inguru balio du.
Krisia dela-eta, iraupen-eskian jende gehiago
Golfa ez ezik, eskia ere ohiko kirol bihurtu da euskaldunen artean. Prezioa gorabehera, gutxi dira inoiz edo inoiz neguan eskiatzera joan ez direnak. Eta dezente dira errepikatzen dutenak. Pirinioak euskaldunon paradisu bihurtzen dira neguan. Aralar Kirolak kirol-dendan eskiatzeko beharrezkoa den materiala saltzen dute eta azken urteetako bilakaeraz hitz egin digute. Krisiak gogor astindu ditu sektore guztiak eta hau ez da salbuespena. “Egia da krisia dagoela, askotan jendea aurretik duen materiala aprobetxatzen saiatzen da”, azaldu digu Anate Iturralde dendako jabeak.
Anate Iturralde
Dena den, eskiatzaile amorratua denak “nola edo hala zaletasuna praktikatzen jarraitzen du”. Prezioen inguruan galdetuta, zera adierazi du saltzaileak: “Denetarik daukagu, zenbat gastatu nahi duzun eta zer maila duzun. Hortxe dago koxka”. Bertan, iraupen-eskia egiteko materiala saltzen dute. Orain familiek eski-mota hau gehiago aukeratzen dutela esan du Iturraldek: “Lehen alpinoa egiten zuten, baina pistetako sarrera oso garestia da eta askok aldatu egin dute”. Eskiatzailearen profila oso zabala dela gaineratu du: “Ez daukagu erosle-mota zehatz bat; dena den, gazteek zeharkaldiak egiteko ohitura hartu dute, modan dago. Iraupen-eskia egitera 40 urte ingurukoak etortzen dira”.
Asteburu batean joateak dirutza gastatzea eragiten du, baina “ia poltsiko guztien esku egon daiteke”. Garestia den arren, diru hori aurreztea ez da hain nekeza. Zailagoa dute, aldiz, denboraldi guztian eskiatzera joaten direnek, zaletasuna garesti ateratzen baitzaie, dudarik gabe. Hasteko, Euskal Herritik mugitzeko, autoa hartu behar dute derrigorrean. Bertara iristen direnean, gainera, lo egiteko tokia ere behar izaten dute. Horretaz gain, denboraldiko bonuak dauden arren, eskiatzeko pistetara sartzeko txartelak oso garestiak dira.
Eta zure ustez, garesti al da kirol mota hauek praktikatzea? Hona bildu ditugun erantzunak:
- Kepa Arrizabalaga: Golfaren inguruan ez daukat informazio gehiegi, baina eskiatzea ikaragarri gustatzen zait. Ni urtero joaten naiz lagunekin. Asteburu luzeren bat edo Eguberrietako oporrak aprobetxatu eta egun batzuk pasatzen ditugu han. Kuadrillako batek etxea dauka Jakan eta hara joaten gara. Baina aitortu behar dut ez dela kapritxo merkea. Pistetara sartzeko sarrera oso garestia da, eta, lo egiteko lekua izango ez bagenu, askok ezingo genuke plan hori egin. Beraz, bai, garestia iruditzen zait.
- Aitzol Urkia: Gazteago nintzela, eskiatzera inoiz joan nintzen, baina aspaldi honetan, ez. Lotsagarria iruditzen zait mendiekin egin dutena, horrela ustiatzea, etekin pribaturako. Kontzientziak ez dit uzten horrelako dirutza xahutzea esku pribatuetara joan dadin, ikusita mendiekin zer hondamendi egin duten. Dena den, eskia praktikatzeko modu asko dago. Urrutira joan gabe, Aralarren bertan eskiatuz egin daiteke igoera eta jaitsiera. Horrela aritzen gara neguan lagun-talde bateko kideak. Laster izango dugu berriro aukera (kar, kar).
- Leire Lopez: Nire ustez, jende dirudunarentzat pentsatuta daude horrelako kirolak. Gauza bat da urtean behin-edo egitea, zaletasun moduan; baina buru-belarri murgildu eta praktikatzeko, oso garestia da. Eskian, esaterako, materiala (eskiak, arropa,…) pistetan ibiltzea, desplazamendua… dena ordaindu behar da eta, gaur egun bizi dugun krisiarekin, oso gutxik egin dezakete hori.
