detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Jeff Koons Guggenheim museoan

Egunotan, Guggenheim museoan, artista polemiko honen erakusketa daukagu: Wall Street-en lan egindakoa, Cicciolinaren senarra, "Légion d'Honneur" jasotakoa eta, batez ere, bizirik dagoen artistarik kotizatuena.

“Nik neure burua autosufizientetzat daukat.
Nirea ez da negozio bat, ardura hutsa baizik:
izan naitekeen artistarik onena izatekoa"

Jeff Koons

 

Jeff Koons artista plastikoaren atzera begirakoa eskaintzen du Guggenheim museoak. "Azken lau hamarkadetan egindako 95 artelanek osatzen dute bilduma hau. Bere lanekin museoko zortzi areto bete ditu.

Jeff Koons, 1955. urtean jaio zen, Pennsylvanian. Chicagoko eta Maryland-eko arte-eskoletan egin zituen lehen ikasketak. Wall Street-en aritu zen lanean arte-munduan sartu aurretik. 1991. urtean Ilona Staller, Cicciolina, italiar artista pornoarekin ezkondu zen. Jacques Chirac-ek "La Légion d'Honneur" domina eman zion 2001. urtean eta Hillary Clintonek Arte Ederren domina 2012an.

Zeruan egina (Made in Heaven), 1989
Litografiatutako iragarki panela mihise gainean

Jeff Koonsen artegintzak neopoparen, dadaismoaren, surrealismoaren eta arte minimalaren erreferentziak ditu. Artelan gehienak, mass-mediari zuzendutakoak dira. Bere tailerretan fabrikatutako lan batzuk eguneroko bizitzan esku artean erabili ohi ditugun objektuen antzekoak dira: portzelanazko eskulturak, plexiglasez, plastikoz edo altzairuz egindako txakurtxoak, akrilikoz edo olioz margotutako pinturak, forma ezberdinetako puztukiak... Obra distiratsu hauek ulertzeko ez dago artearen historia zertan ezagutu.

Michael Jackson eta Bubbles, 1988. Portzelana

 Jeff Koons arte herrikoiaren eta elitistaren arteko mugak ezabatzen saiatu da, eta horretarako marketinaren bideak erabiltzen ditu. Berarentzat artelanak salmentan dauden beste edozein produktuak bezalakoak dira, ez dira sakralizatu behar. Goi-mailako obrak, zailtasun handikoak edo gutxi batzuek bakarrik ulertzeko modukoak balira, jende arruntak ezin izango luke arteaz gozatu. Andy Warholen eta japoniar Murakamiren antzera, J.Koonsek bere The Factory-ak ditu. New Yorkeko eta Alemaniako bere arte-fabriketan, ia berrehun pertsonak lan egiten dute. Jeff Koons munduko artistarik ospetsuena eta aberatsena bilakatu da. El Pais aldizkariak dioenez, Bilboko Guggenheim museoaren aurrean dagoen lorez estalitako Puppy txakurtxoa 1,2 milioi dolarrean saldu omen zuen.

Arte-adituak ez datoz bat Jeff Koonsen obraren alderdi artistikoa baloratzerakoan. Batzuek diote Koonsek herritar xehea ezjakintzat jotzen duela. A. Perez artistaren ustetan, berriz,"Jeff Koons onena da. Itzela. Oso argia da. Warholek eta egiten zuten berbera egiten du. Berak Pop artearen eta bizi dugun gizartearen irakurketa egiten du”.

Jeff Koonsen lan hauek, Bilbora ekarri aurretik, New Yorkeko Whitney museoan eta Parisko Pompidou zentroan ikusi ahal izan dira. Erakusketa hau irailaren 27ra arte egongo da ikusgai Bilbon.

Informazio gehiago nahi baduzu hemen duzu erakusketaren webgunea.


detalle2

Docuteca

B2
06-07-2015

x61pRelaContWAR

  • Juanjo Dorronsoro
16269650

x61pViewCountWAR

5502

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR