Aldizkari Digitala
Alex Txikon: "Menditik bizitzen saiatzen gara, baina gure espedizioak beti zenbaki gorrietan amaitzen dira"
Azkeneko abenturan, Nanga Parbat (8.126m) igo du, eta neguko lehenengo igoera izan da. Esperientzia honen eta beste askoren inguruan hitz egin dugu berarekin.
Alex Txikon (Lemoa, 1981) 13 neba-arrebatan gazteena da. Txikitan ez zitzaion mendira joatea gustatzen, baina, 14 urterekin hasi zenetik, ez da geratu. Orain arte, 30 bat espediziotan hartu du parte, eta munduko 14 gailur garaienetako 10 zapaldu ditu. Alpinista, aizkolaria, base-jauzilaria eta eskalatzailea da Txikon; hala ere, berak “abenturazale, esploratzaile, kulturzale eta bidaiari” bezala definitzen du bere burua. Azkeneko abenturan, Nanga Parbat (8.126m) mendia igo du, eta neguko lehenengo igoera izan da, Kinshofer bidetik. Esperientzia honen eta beste askoren inguruan hitz egin dugu berarekin.
1. Noiz hasi zinen mendira joaten? Beti gustatu izan zaizu?
Gaztetan ez zitzaidan batere gustatzen mendira joatea. Garai hartan, anaiarekin joaten nintzen, eta nik momentu haiek hotzarekin lotzen ditut, gogorra iruditzen zitzaidan. 14 urterekin maitemindu nintzen mendiaz, baina ez zait mendiko erronka zehatz bat egitea bakarrik gustatzen. Niri natura gustatzen zait, bidaiatzea eta kulturak ezagutzea. Gainera, aizkoran egiten dut, herri kirolak atsegin ditut, eskalatu egiten dut, eskiatzea gustatzen zait… Nire ustez, kirola polita da eta gustura sentitzen naiz.
2. Mendizale izateko, nolako prestaketa egin duzu, zein da zure entrenatzeko modua?
Nik ez dut dietarik egiten, ezta entrenamendu finkorik ere. Orain bi hilabete ditut berriro joan arte, eta une honetan kirol-eskalada egiten dut gehien, baina ez horma berezi batean, arrokan egiten dut, eta egunetik egunera hobetzen saiatzen naiz.
3. TVEren “Al filo de lo imposible”, Edurne Pasabanen proiektuan (14 x 8.000), munduko 14 gailur garaienetako 10 zapaldu dituzu… Zein da zure esperientzia kuttuna?
Bidaia osoa. Espedizioak beste modu batekoak ziren; taldeko lana polita izan zen, hasieran amaieran baino gogorragoa hala ere… Guztia esperientzia aberasgarria izan zen, eta positiboa niretzat, oso oroitzapen ona daukat.
4. Orain dela gutxi, Nanga Parbat (8.126m) gailurra egin duzu. Aurreneko neguko igoera izan da, Kinshofer bidetik, zer sentitu zenuen? Nolakoa izan zen igoera?
Neguko nire lehenengo saiakera 2011n izan zen. Ordurako 8.000 metroko zortzi tontor zapalduta nituen, eta jakin-minagatik izan zen: nolakoa izango zen bigarren kanpalekua neguan, nolakoa trekking bat behe kanpalekuraino, nolakoa 40 gradu zero azpitik 7.000 metrotan egotea… Horretarako, neguan egindako espedizioen jarraipen zabal bat egin genuen.
Nanga Parbaten egindako ibilbidea.
5. Zuri zer ematen dizu mendiak? Nola sentitzen zara horrelako igoera bat egitera joaten zarenean?
Gustura sentitzen naiz. Hemen korrika ibiltzen gara, atzera eta aurrera, eta mendian, berriz, lasaiago. Hango bizitza erosoa da; ia dena eginda ematen digute, baina ez dugu ia ezer behar. Hemengo gizarteak nekatu egiten nau, eta aldentzea izaten da gure asmoa, baina badakit hori ez dela egokia, ezin dela beste alde batera begiratu… Orain, etapa honetan nago; 2002. urtetik mendian nabil, baina badakit ez dela beti horrela izango.
6. Mendia afizioa da edo ofizioa?
Menditik bizitzen saiatzen gara, baina gure espedizioak beti zenbaki gorrietan amaitzen dira. Neguko espedizioak oso garestiak dira, eta babesleek % 40 jartzen dute gutxi gorabehera. Gainerakoa guk jarri behar dugu, gure diru sarreretatik, ematen ditugun hitzaldietatik, egindako lanetatik… Beraz, 2011. urtetik nabil zenbaki negatiboetan. Zelan egin aurrera? Orain ez daukat kotxerik, Donostia eta Lemoa artean bizi naiz, eta ez dut alokairurik ordaintzen. Une honetan, mendia da nire lehentasuna, eta horregatik egiten dut hori guztia.
7. Felix Iñurrategi eta Iñaki Otxoa Oltza bezalako mendizale profesionalak hil dira mendian. Jende askok pentsatuko du zergatik jartzen duzun zeure burua arriskuan. Zer esango zenieke?
Ezjakintasun handia dago. Maila handiko kiroletan guk geuk zigortzen dugu geure burua. Egoera horiei irtenbidea aurkitzeko entrenatuta gaude eta hori jendeak ez daki. Guk teknika lantzen dugu, plangintza bat egiten dugu, taldeko lanean aritzen gara… Ez gara horra igotzen garen zoro batzuk. Aurten, arrakastaren gakoa aurreko esperientzia izan da, mendia ezagutzea, taldeko lana, planifikazio eta estrategia egokia… Asko ikasten dugu: informazioa jasotzen dugu eta mendia ulertzen saiatzen gara. Ez gara zoroak.
Gailurrean.
8. Euskaldunen artean, zergatik dago hainbesteko mendizaletasuna?
Euskaldunok, mendetan atzera egiten badugu, beti izan dugu mendirako grina. Esploratzaileak ginen. Geografikoki begiratuta, Euskal Herrian mendi asko daude. Betidanik joan da jendea mendira. Gainera, erlijioari lotuta ere, horrelako ohiturak egon dira, mendian ospakizunak egiteko. Ez da mendia bakarrik, badago eskalada, eskia… Orain, gainera, astebururo dago mendiko lasterketa bat, edo triatloi bat.
9. Gaur egun, jende asko joaten da 8.000ko bat igotzera. Masifikatu egin da askoren ustez. Zuri zer iruditzen zaizu?
Alde onez eta txarrez hitz egin daiteke. Agentzia batek zerbitzu on bat ematen badigu, mendia garbi uzten badu, eta segurtasun aldetik egokia bada; ondo. Hala ere, esperientzia badaukagu, askoz hobeto. Batzuek ikastaroak egiten dituzte han igoera baino lehenago prestatzeko. Everestera igotzearekin amesten zuen gizon bat ezagutu nuen, eta nire errespetu guztia irabazi zuen. Gainera, Nepalentzat oso garrantzitsua da turismoa, beharrezko diru sarrera. Europatik aukera dugu, eta zergatik ez gara joango? Udaberrian, agian, 12.000 pertsona topa ditzakegu trekking bat egiten, baina neguan, montzoi garaian, inor ez.
10. Sherpak zuekin igotzen dira mendira; haien lanak merezimendurik jasotzen du, zure ustez?
Meritua guk ekartzen dugu beti hona. Gaur egun, beraiek ekipatzen dituzte mendiak; bideak prestatzen dizkigute. Gu igotzen gara, eta, gero, gure herrialdeetan arrakasta aitortzen digute. Beraiek lanean ari dira, eta soldata bat dute. Niretzat sherpa bat goi-mailako eskalatzaile bat da, meritu handia daukate eta gaitasun handia dute. Beraien lana ezinbestekoa da, baina gure izenak dira ezagunak. Alex Txikon taldekiderik gabe, babeslerik gabe, sherparik gabe… Ez da ezer.
11. Zein da zure hurrengo helburua edo erronka?
Ez naiz amets egiten duen pertsona bat. Ni sinplea naiz. Nahiko lasai nago egiten dudanarekin. Hurrengo erronka ez dakit zein izango den, baina film bat egitea gustatuko litzaidake, euskaraz, eta liburu bat idaztea ere bai. Ez dakit; mendiari lotuta nago oraindik. Duela gutxi etorri naiz Himalaiatik eta oraingoz goiz da.
Zer ematen dizu mendiak?
Joe… ba sentitzen naz (naiz) gustura, ez? Hemen konturatu naz (naiz) beti korrika atzera eta aurrera, eta ez dakit, han mendien (mendian) ba lasaiago egoten gara, hango bizitza erosoa da, ez? Erosoago porque (zeren eta) dana (dena) eginda emoten doskue (ematen digute) askotan, edo “dana eginda” hori da ba es que (da ba) ez dugula behar esebez (ezer behar), ez dakit, han zagoz (zaude) eta gauza gitxigaz (gutxirekin), eta jateko apur batekin, eta ja (ia) moldatzen zara. Beraz, ez dakit, han gustora sentituten naz (gustura sentitzen naiz).
Mendia zer da zure afizioa edo ofizioa?
Bitu, ba saiatuten (saiatzen) gara bizimodu bat ataraten (ateratzen), baina gure espedizinoak (espedizioak), beti zenbaki gorrietan urteten dire (ateratzen dira), ze gastu ekonomikoei edo ekonomikoki ba eh oso garestiak direz (dira) neguko espedizinoak (espedizioak), beraz, guk babesleetatik ez dugu jasotzen ba ehuneko berrogeia gitxi (gutxi) gorabehera eta bestea dator gure poltsikotik. Guk eh sortutako ba bueno ba ingresoetatik (diru sarreretatik), hitzaldietatik, egiten doguzen (ditugun) tarteko lanetatik… Beraz, eh ez dakit, pasa den bi mila eta hamaikatik hasita, honetan gabizela (gabiltzala) beti zenbaki negatiboetan. Zelan aurrera egin? Ba, ez dekot (daukat) momentu hauetan kotxerik, bizitzen naz (naiz) han eta hemen tarteka, Donosti eta Lemoaren artean eta ez dot (dut) ordaintzen ez alokairurik ez ezer. Eta tristea da esatea baina beno ba, ez dakit, bizitza honetan, momentuz, premiatzen dot (dut) ba mendian eta egotea lotute (lotuta), eta orduen, ba beno, ba horrelako bizimodua eraman behar dot (dut), ba dekozula (dauzkazula) laurehun-bostehun euro gasolinetarako, ze buelta asko emoten dodaz (ematen ditut) eta telefonoko gastuetarako, baina hori da, ez? Guk mantenidu, sobrebibituten (mantendu, bizirauten) dugu, eta ba hori, ba orain, emon (eman) behar ditut, ba berrogeita hamar-hirurogei hitzaldi gutxi gorabehera, ba beno, ba sikieran (gutxienez) parean urtetako (irteteko) nire espedizinoaz (espedizioarekin), ez? Geuz (gauza) asko dauz (daude) kolokan, erronka gehiago ba, film bat egitea, liburu bat idaztea be (ere) bai, ez? Aspalditik jende asko jode, noiz idatziko duzu? Ba beno, hor goaz, ez? Apurka-apurka.
Mendizalea izatea arriskutsua dela esaten da. Zuk zer uste duzu?
Maila handiko kirolean edo puntako kirolean edo erronka gogorretan beti zigortu egiten dogu (dugu) batez ere gu geuk gure gorputzari (gorputza), hori bat, eta segun ze kirol egiten dozun (duzun), beno, gero zahartzaroak txarrak izaten direz (dira), eta jendeak ez dakiena da, gu geuk, azkenean, entrenatuta gaozela (gaudela) egoeratatik aurrera aterateko (ateratzeko) entrenamientoez aparte (entrenamenduez gain), ba beno, ba gure bizitza dana (dena), teknika bat landuten dogu (lantzen dugu), egiten doguz (ditugu) egoera ezberdinak, ez dakit, ez garela txoro batzuk igoten (igotzen) garela horra… Ez dakit, dago plangintza asko, dago talde lan asko. Ez dakit, arrakastaren gakoa, adibidez aurten, izan da aldez aurretik edukitako esperientzia eta zelan ezagutzen dugun mendie (mendia), talde lana, planifikazino (plangintza) eta estrategia egoki bat, ez dakit, dagoz (daude) gako asko, eta ez gara zoro batzuk “benga orain derrepente (bat-batean) goaz ez dakit zer”, ez, ez, ez, asko eta asko ekisten dogu (ikasten dugu) eta beti gaoz (gaude) adi eta bai jasotzen dogun informaziongan (dugun informazioagan) eta bai mendiek ematen dozkun informazinoagan (diguten informazioagan).
Gaur egun masifikatua egin dela uste duzu?
Eta holaxe (horrelaxe) da, ahal da hitz egin alde negatiboaz eta alde positiboaz. Ze joe, ba baldin badago ba agentzia bat, emoten dotzula (ematen dizuna) zerbitzu bat eta zerbitzu hori ona da, itxiten (uzten) dute mendia garbi, segurtasuna aldetik eta ba beno noski edo bada beti eta beno baldin badekozu (badaukazu) esperientzia askoz hobeto. Baina beno, batzuk egiten dituzte ikastaroak han Everestera igotzeko, han hamabost egun lehenago baina beno baina, ez dakit ni ez naz (naiz) epaile bat ez dauena (duena) esango zu txarto zabiltz (zabiltza) eta nik (ni) ez, nik ahal dotzut (dizut) esan azkenean jende asko profesionaltzat jotzen duela bere burua kritikatzen duena: “Jode, bitu (begira) honi ez dakiela eta ez dakit zer…” Eta zu zoaz ba bide arrunt batetik, ulertzen dozu (duzu)? Hori bai ahal dot (dut) kritikatu baina es que toki horietan ezagutzen da ba jentea (jendea) herrialde… Adibidez, ba ukraniar bat, lituaniar bat baita ere… Akordatzen naiz lituaniarraren kasuan, bere ametsa zala (zela) Everesteko tontorrera iristea, eta beno ba, zan (zen) tipo bat berrogeita hamar urtegaz (urterekin), jatorra, prestamo (mailegu) bat hartu zuena banketxean eta dinozu (diozu): Jode! ba beno, ba ez dakit, nire errespetua irabazi zun (zuen).
Te interesa
Docuteca
-
Malutafilms
