Aldizkari Digitala
Iparragirre, olerkaria, abeslaria eta musikagilea
Berea da, besteak beste, Gernikako Arbola kantua, euskaldunen nortasun-ikur bilakatu dena. 1820ko abuztuaren 12an sortu zen, eta 1881eko apirilaren 6an hil.
Jose Maria Iparragirre (Urretxu, Gipuzkoa, 1820 – Itsaso, Gipuzkoa, 1881) olerkari, abeslari eta musikagilea izan zen. Hark sortua da, besteak beste, Gernikako Arbola kantua, euskaldunen nortasun-ikur bilakatu dena. Musikaren eta poesiaren ikuspegitik haren lanak berritzaileak eta sakonak izan ez baziren ere, sentimenduen aldetik Iparragirrek eragin itzela izan du euskal kulturan.
Bizitza
Urretxuko garai bateko kale nagusian jaio zen, 1820. urtean. Aita gozoki-denda baten jabea zen. Zerainen maisu ziharduen osaba batekin egin zituen lehen ikasketak. Hamaika urterekin Gasteiza bidali zuten gurasoek ikastera, baina laster itzuli zen. Hamahiru urte zituela gurasoak Madrila aldatu ziren, baina berehala, 1833. urtean, Lehen Karlistaldia piztu zen, eta gurasoei ezer esan gabe osabaren etxera joan zen.
1834. urtean karlisten gudari-talde batean sartu zen, 1839ra arte. Lehen Karlistaldia amaituta, atzerrira joan zen, beste karlista asko bezalaxe. Frantzian jauntxo baten babesa izan zuen, eta Caroline Duprez abeslariarekin jardun zuen musika eta kantua ikasten, horretarako zituen berezko dohainak jorratzen. 1848an, frantziar agintariek erbesteratu egin zuten, 1848ko iraultzaren giro nahasian jendaurrean Marseillesa abestu zuelako.
Frantzia, Italia, Suitza, Alemania eta Ingalaterran barrena ibili ondoren, Bilbora itzuli zen, eta handik Madrila. Hantxe abestu zuen lehen aldiz, 1853. urtean, Café de San Luis kafetegian, bezperan konposaturiko Gernikako Arbola (Ikus: "Gernikako Arbola").
Euskal Herrira itzulita, 1855ean preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik (Ikus: “Nere amak baleki”/”Zibilak esan naute” bezala ere ezaguna). Euskal Herritik erbesteratu eta Espainian zehar ibili ondoren, berriro itzuli zenean, Angela Kerexeta neska gaztea ezagutu zuen. Argentinara alde egitea eta han berarekin ezkontzea proposatu zion Iparragirrek (Ikus: “Agur Euskal Herria”/"Gazte gaztetandikan" bezala ere ezaguna).
Horrela, 1858ko abuztuaren 29an, Baionatik itsasontziz abiatu ziren Argentinara. Han ezkondu ziren, Iparragirrek 36 urte eta Angela Kerexetak 17 urte zituztela. Ameriketan, ordea, ez zuen hainbesteko arrakastarik izan eta kontzertu bakarra egin zuen antzoki handi batean. Argentinan eta Uruguain artzain ibili zen 19 urtez, Euskal Herria beti gogoan. Azkenik, hango adiskide batzuek egindako diru-ekarpenei eta haren omenez antolatutako kontzertu bati esker, Euskal Herrira itzuli ahal izan zen 1877an, familia guztia Uruguain utzita (Ikus: "Hara non diran").
Sorterrian berriro, inoren laguntzarik gabe, eskean eta herriz herri kantatzen atera zuen bizimodua. Itsasoko (Gipuzkoa) baserri batean aurkitu zuen aterpe, harik eta 1881. urtean, bazkari eder baten ondoren, euripean lo egin eta pneumoniaz hil zen arte.
| Gernikako Arbola | Nire amak baleki Zibilak esan naute |
Agur Euskal Herria Gazte gaztetandikan |
Hara non diran |
|
|
|
|
|
